PISA txostenaren emaitzak, baxoa euskaraz egiteko zailtasunak... Euskalduntzearen inguruko eztabaida hezkuntzaren esparrura ere iritsi da, baina ez Euskal Herriko Ikastoletako ordezkariek nahi izango luketen bezala. Donostiako Kursaalen egiten ari diren 30. Jardunaldi Pedagogikoek «mugarri bat» izatea nahi dute: batetik, ikastoletan darabilten murgiltze ereduaren lorpenak aitortzeko, eta, bestetik, eredu hori «birdiseinatzeko», erronka eta zailtasun berriei aurre egiteko. Jakin badakite gaur egun ez dela nahikoa euskaraz irakastea, euskal hiztun aktiboak hezteko; eta ikasgeletatik kanpo ere sortu nahi dituzte euskara erabiltzeko espazio erosoa.
Ikusi gehiago
Erronka berriei aurre egiteko, murgiltze eredua birdiseinatuko dute Euskal Herriko Ikastolek. Eta, hori lortzeko, besteak beste, aisialdiaren esparruko eragileak, erakunde publikoak eta guraso antolatuak jo dituzte «ezinbesteko aliatutzat». «Guztiak, betiere, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoetara egokituta».
Prozesuaren berri eman du gaur Zigor Ibarzabal Ikastolen hezkuntza zuzendariak, Donostian, 30. Jardunaldi Pedagogikoen hasiera ekitaldian. Ikastolen arabera, hezkuntza eremua estrategikoa izan da azken hamarkadetan euskararen biziberritze prozesuan. «1960ko hamarkadan abiatutako auzolan herrigile eta euskaltzaleak jarri zuen herri, kultura eta hizkuntza biziberritzeko bidean, eta auzolan horretan hezkuntzak funtsezko papera izan du», nabarmendu du Egoitz Urrutikoetxea Seaskako hezkuntza zuzendariak ere. Orain, berriro, gerora begira jarri behar dela esan du, eta bide horretan eskolak bakarrik ezingo duela gogoratu. «Guraso, aisaldi, kultur eskaintza... Guztiaren beharra izango dugu: euskal hiztun aktiboak sortu nahi ditugu».
«Guraso, aisialdi, kultur eskaintza... Guztiaren beharra izango dugu: euskal hiztun aktiboak sortu behar ditugu»
EGOITZ URRUTIKOETXEASeaskako hezkuntza zuzendaria
Gizartea, ordea, azkar aldatzen ari da, ohartarazi dutenez. «Globalizazioak, digitalizazioak eta harremanetarako modu berriek ikasgeletara iristen diren errealitate ezberdinak sortu dituzte, bilakaera soziodemografikoekin batera», aipatu du Edurne Apalauza Nafarroako Ikastolen hezkuntza zuzendariak. Testuinguru horretan, ikastolek uste dute orain arte egindakoa errepikatzea ez dela nahikoa euskararen biziberritzean aurrera egiteko.
«Momentua iritsi zaigu orain arte egindako bidearen indargune eta ahulguneei zorrotz erreparatzeko, gaur egun esku artean ditugun erronka berriak aztertzeko eta aurrera begirako estrategiak anbizioz eta herri ikuspegiz diseinatzeko», adierazi du Ibarzabalek.
Eredua berrikusteko helburu horrekin, hezkuntza formaletik harago, «eredu integralago bat» garatu nahi dute. Hezkuntza arloko 600 profesionalen aurrean egin du iragarpena Ikastolen hezkuntza zuzendariak. Nabarmendu du Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik iritsitakoak direla. Bete egin dute aretoa: indartsua da irudia.
Eskola, familia eta gizartea
Ikastolen arabera, murgiltze eredu berriak hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko «zubiak eraiki» behar ditu. Haien ustez, helburua ez da soilik euskaraz irakastea; testuinguru soziodemografiko berrian, euskal hiztun aktiboak heztea ere bada. «Euskara bizitzeko, gozatzeko eta transmititzeko gai diren pertsonak hezi behar dira», zehaztu dute.
«Murgiltze eredu berriak hezkuntza formalaren mugak gainditu behar ditu. Ez da nahikoa euskaraz irakastea. Euskal kontzientzia piztu, euskal dimentsioarekiko atxikimendua lortu, hizkuntza gaitasuna ziurtatu eta euskara erabiltzeko espazio erosoak sortu behar ditugu, bai ikasgelan eta bai ikasgelatik kanpo», esplikatu dute.
«Globalizazioak, digitalizazioak eta harremanetarako modu berriek ikasgeletara iristen diren errealitate ezberdinak sortu dituzte, bilakaera soziodemografikoekin batera»
EDURNA APALAUZANafarroako Ikastolen hezkuntza zuzendaria
Are, ikastoletatik abiatuta, Ibarzabalek argi utzi du «ortzimugan» dituztela «Euskal Herriko hezkuntza sistema guztiak». «Euskal hezkuntzan eragitea ere badagokigu, herri ikuspegiz eta elkarlanerako borondate zintzoarekin», azaldu dute. Horregatik, «Euskal Herri osoko aditu eta eragile ezberdinekin elkarlanean» egingo dute prozesu hori.
Aipatu dutenez, gaurko jardunaldiek ez dute soilik arazoen diagnostikoa egiteko balio: «Erantzun berriak partekatzeko, ikastolen arteko elkarlana indartzeko eta beste hezkuntza sare eta eragileekin lankidetzarako bideak urratzeko esparrua dira». Hori horrela, Ikastolek deia egin dute «herri ikuspegiz eta determinazioarekin» euskalduntze ereduan sakontzeko, «atzera egin nahi dutenen aurrean».
«Gure herriak jakin zuen herri, hizkuntza eta kultura bat biziberritzeko bidean jartzen, duela 60 urte. Guk ere, XXI. mendeko euskaldunok, ez diogu huts egingo gure garaiko erronkari. Elkarrekin egingo dugu, Euskal Herri osoaren aniztasuna aintzat hartuta eta anbizioz», hitzeman du Ibarzabalek.
Jardunaldietako hitzaldiak
Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoek egun osoan jarraituko dute, gaur, Donostiako Kursaalen. Euskal Herriko eta nazioarteko adituek parte hartuko dute, murgiltze ereduaren egungo erronkak eta etorkizuneko bideak aztertzeko.
Inaugurazio hitzaldia Iñaki Iurrebasok eskaini du. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ikerketa arduraduna da bera, eta hezkuntzaren eta euskararen indarberritzearen arteko harremana aztertu du. Ondoren, Ikasgelatik eta ikastetxetik harago: zer? izenburuko hitzaldia egingo du Kike Amonarriz soziolinguistak. Ikastetxeek zer egin dezaketen aztertuko du, ikasleak euskal hiztun aktibo bihurtzeko, eta hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko loturak indartzeko. Familiek eta aisialdiak euskararen erabilera sustatzeko duten garrantzia ere landuko du.
«XXI. mendeko euskaldunok, ez diogu huts egingo gure garaiko erronkari. Elkarrekin egingo dugu, Euskal Herri osoaren aniztasuna aintzat hartuta eta anbizioz»
ZIGOR IBARZABALEuskal Herriko Ikastolen hezkuntza zuzendaria
Harrera estrategiei helduz, ikasleen ongizate emozionalak hizkuntzaren ikaskuntzan eta inklusio prozesuetan duen garrantzia aztertuko du Anna Fores Bartzelonako Unibertsitateko Neurohezkuntza katedrako zuzendariak. Vicent Climent-Ferrandok, berriz, hizkuntza gutxituen erabilera bermatzeko beharrezko baldintza sozial eta instituzionalak aztertuko ditu.
Euskararen erabilera helburu, Letizia Garcia Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasleak esplikatuko ditu hizkuntzaren irakaskuntza prozesuan funtsezkoak diren hiru ardatz: gaitasuna, atxikimendua eta erabilera.
Azkenik, Siwan Jonesek aurkeztuko du Galesen garatutako estrategia, hizkuntza gutxitu baten ikaskuntza eta erabilera sustatzeko, murgiltze ereduaren perspektiba integraletik.