Ikasleak euskara ikastetik hiztun aktibo izatera igarotzeko erronkari heldu dio Kike Amonarriz soziolinguistak (Tolosa, Gipuzkoa, 1961), Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoetan emandako hitzaldian. Bereziki, familiek eta aisialdiak euskararen erabilera sustatzeko duten garrantziaz aritu da. Familien inplikazioa sustatzeko bideak eta herriko aisialdi, kirol eta kultura eragileekin elkarlanean aritzeko aukerak landu ditu, euskaraz bizitzeko eta gozatzeko eremu berriak sortzeko helburuz.
Ikastolen murgiltze eredua gaur egun ez da izan beharko litzatekeen bezain eraginkorra?
Denok ikusten dugu murgiltze ereduaren eraginkortasuna hobetu daitekeela, eta gaurko jardunaldiak ere helburu horrekin antolatu dira. Murgiltze eredua sortu zen egoera soziolinguistiko eta soziopolitiko jakin batean. Hori guztia asko aldatu da, eta ezinbestekoa da gaur egungo erronketara egokitzea.
Zer aldatu behar dute ikastolek oraindik ere eraginkor izateko eta euskal hiztun aktiboak hezteko?
Bai ikastolak bai hezkuntza eremua osatzen duten beste eskolek eta ikastetxeek batez ere honetaz jabetu behar dute: hezkuntza eremuan diharduten faktore eta elementu guztiek parte hartu behar dutela estrategia horretan, hiztun aktiboak sortu nahi baldin baditugu. Elementu zentrala bihurtu behar da, eta helburu horri begira jarri behar ditugu bai zuzendaritzak, bai irakasle guztiak, bai familiak, bai ikasleak, eta baita ere bertan lan egiten duten guztiak. Helburu komun bat izan behar du, guztien inplikazioa behar duena. Eta horrek behar du lanketa bat, azalpen bat, eta motibazio lan bat.
«Irakaskuntzaren helbururik garrantzitsuena hiztun egokiak sortzea eta hiztun aktiboak sortzea da»
Nahikoa da eskola euskal hiztun aktiboak heztea lortzeko?
Uste dut denok argi dugula eskola bakarrik ez dela nahikoa. Beraz, kanpo babes bat ere behar du eskoletan eta ikastoletan egiten den lan horrek. Eta kanpo babes horretarako, iruditzen zait badaudela oso garrantzitsuak diren faktore batzuk.
Zeintzuk dira kanpo babes horretarako behar diren faktoreak?
Batetik, iruditzen zait oso garrantzitsua dela herrietan eta eskualdeetan dinamika sozial sendo bat egotea, hau da, euskalgintza antolatu bat egotea: era bateko zein besteko euskara taldeak eta elkarteak egon behar dira, aktibo eta ondo hornituak. Gainera, babes instituzional bat ere behar dute, eta hor sartzen dira udalak eta bestelako erakundeak. Eta gizarte eragileen inplikazioa ere beharrezkoa da.
Zein izan behar da lehentasunezko helburua?
Lehentasunezko helburua da haur eta gazteentzako jarduerak eta ekintzak euskaraz izatea. Eta euskaraz eskolatzen ari diren haur eta gazte horiek guztiek eskolaz kanpo ere jarduera horiek euskaraz izatea, bizipen positiboak izateko, lagunarteko hizkera lantzeko, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko.
«Lehentasunezko helburua da haur eta gazteentzako jarduerak eta ekintzak euskaraz izatea»
Familia etorri berriek arreta berezia behar dute, ezta?
Testuinguru horretan, arreta berezia jarri behar zaie etorri berri diren familiei: lanketa berezi bat egin behar da guraso eta haur horiekin guztiekin, ziurtatzeko ikastoletatik kanpo ere euskararekin kontaktua izango dutela, eta jarrera positibo bat jasoko dutela etxeetan euskararen ikasketa prozesuarekiko. Horretarako, lanketa sakona behar dugu.
Ikastolek euskalduntzearen motor izaten jarraitu behar dute?
Hizkuntza normalizazioaren motorra ez da irakaskuntza izan behar. Normalizazioaren motorra gizartean dago: eragile sozialetan eta erakundeetan. Hor dago motorra. Irakaskuntzaren helburu garrantzitsuena da hiztun egokiak sortzea eta hiztun aktiboak sortzea. Eta gero, gizarteak bermatu behar ditu baldintzak hiztun aktibo horiek euskara erabili ahal izan dezaten, eskolaz kanpo.
Zer behar du euskarak aurrera egiteko?
Esnatu, indarraldia, pizkundea eta jauzia hitzak entzuten ari gara azkenengo urte hauetan, eta denak ildo beretik doaz. Esan nahi du euskaldunek aktibatu egin behar dugula, antolatu egin behar dugula eta dinamika sozial indartsuak behar ditugula hizkuntzaren erabilera eta normalizazioa sustatzeko.