Euskal Herriko Ikastolak: «Murgiltze ereduan sakontzeko garaia da, ez hura zalantzan jartzekoa»

Euskal Herriko Ikastolen arabera, PISAren datuek garbi erakusten dute euskara ez dela irakurmenean 2022tik 2025era izandako jaitsieraren zergatia.

Ikasleak lanean, gela batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ikasleak lanean, gela batean. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 28a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Ikastolek esan dute euskara PISAren datuen auzitik kanpo utzi behar dela. Ohar baten bidez azaldu dutenez, datu horiek garbi erakusten dute euskara ez dela irakurmenean 2022tik 2025era izandako jaitsieraren zergatia. «Izan ere, Hegoaldean azterketa euskaraz egin dutenen artean, maila berean apaldu dira emaitzak ama hizkuntza dena delakoa izanda ere; alegia, gaztelania edo beste hizkuntza bat dutenen eta etxeko hizkuntza nagusia euskara dutenen artean, emaitza bera da: 41 puntu». 

Ezinegon handia sortu du azken PISA txostenak mundu mailan, eta Hego Euskal Herrian oihartzun handia izan du emaitzen beherakadak. «Ikastolok arduraz eta tentuz jaso ditugu emaitzak», aitortu dute Euskal Herriko Ikastolek, oraindik ikastola bakoitzaren datu zehatzak jaso ez dituzten arren. Egoeraren jakitun direla gehitu dute: «Ikasgeletan antzematen genituen zenbait joera azaleratu ditu, eta hilabeteak daramatzagu joera horiei erantzuteko estrategiak lantzen».

Hezkuntza sareak nabarmendu duenez, PISAk «gizarte eta herri gisa» erantzun beharreko erronka ugari azaleratu ditu hezkuntzatik harago. Bestalde, sareak argitu du Iparraldeko datu zehatzik gabe ezinezkoa dela herri gisako interpretazio osoa egitea, tokian tokiko hezkuntza errealitatea aintzat hartuta. «Gure herriaren premia eta erronken neurrira egokitutako adierazle sistema propioen beharra azaleratu du». Era berean, salatu du azken egunetan egin diren zenbait interpretazioren atzean «euskalduntzen duen hezkuntza ezbaian jartzeko saioa» dagoela; horri lotuta, argitu du ezen, OCDEren datu estatistikoen arabera, Hegoaldean azterketa euskaraz egin dutenen artean irakurmeneko emaitzak maila berean apaldu direla 2022tik 2025era: «Datuek garbi erakusten dute murgiltze eredua ez dagoela lotuta emaitzen bilakaerarekin».

Jauzia egiteko beharra

Baieztapen hori berresten dute datu historikoek, ikastolen arabera. Izan ere, D eredua gehien zabaldu zen epealdian, 2000tik 2012ra (%40tik %70era), PISAko emaitzek hobera egin zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bederen. «Herri gisa kohesionatzen gaituen murgiltze eredua ezin dugu zalantzan jarri; kontrara, berau indartzeko garaia da», ziurtatu dute. «Hezkuntza formala, ez-formala eta informala», hiru ardatzetan eragingo duen murgiltze eredu integralago batera «jauzi egiteko beharra» mahairatu dute Ikastolek, eta «atzera egin nahi dutenen aurrean, herri gisa aurrerapauso irmoak» ematera deitu ditu hezkuntza komunitate osoa, herrigintzako eragileak eta erakunde publikoak.

«Denoi dagokigu murgiltze ereduaren aurrerabidea blindatzea, euskara ezinbestekoa delako herri zein gizarte kohesioa bermatzeko», helarazi dute. Azken egunetako zenbait adierazpeni erantzunez, gogorarazi dute ama hizkuntzaren inguruan hitz egitean kontuan izan behar dela «Euskal Herrian ehun ama hizkuntza baino gehiago» daudela.

Halaber, Ikastolek iragarri dute «digitalizazio estrategia birdefinitu» egin dutela eta urrian aurkeztuko dutela ikastolen marko teknopedagogiko berria. «Urteetako esperientzietatik ateratako ondorioak eta egungo ebidentzia zientifikoak oinarri hartuta» eta arlo akademikoaren nahiz irakasleen parte hartzearen bidez ondu dute konpetentzia digitalak gelan lantzeko proposamen mailakatua. Aurreratu dute estrategia berriak erdigunean jartzen duela ikaslearen ahalduntze digitala: «Gure egitekoa ikasleak heztea baita, ondoren gizartean jakin dezaten noiz, zer, zergatik eta zertarako erabili behar dituzten gailu digitalak».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA