Pentsiodunek greba orokorrera eta bozkatzera deitu dute, «lortutako eskubideetan atzera ez egiteko»

EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak babesa agertu dio azaroaren 11ko etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrari.

Pentsiodunen elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean, artxiboko irudian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Pentsiodunen elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean, artxiboko irudian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
2026ko urriaren 12a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ohartarazi du «lortutako eskubideetan atzera egiteko arrisku larria» dagoela, Voxek eta PPk gobernua osatzea lortzen badute, azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean. Horiek horrela, Pedro Sanchez jarduneko presidenteari eskatu diote «lanak erdizka ez uzteko»: pentsioak KPI errealaren arabera igotzea eta urte amaieran aparteko ordainsari bat nahi dute, 2026an galdutako erosteko ahalmena orekatzeko. Halaber, EHPMk babesa agertu dio sindikatuek azaroaren 11rako deitu duten greba orokorrari.

Duela zortzi urtetik hona astelehenero egiten dute elkarretaratzea pentsiodunek, Bilboko udaletxeko eskileretan. Hain zuzen, toki hori aukeratu dute gaurko agerraldia egiteko. EHMPko ordezkariek «argi eta garbi» utzi dute, «[Espainiako] gobernua osatzeko alternatiba pentsioen murrizketa berriak badira, hau da, %0,25era itzultzea edo banaketa eredu publikoa kapitalizazio sistema batekin aldatzea», ez dutela nahi.

«Alternatiba lortutako eskubide demokratiko, sozial eta laboralak indargabetzea bada, hori bada Voxen eta PPren alternatiba, ez dugu nahi»

EUSKAL HERRIKO PENTSIODUNEN MUGIMENDUA Kargua edo Lanbidea

«Alternatiba lortutako eskubide demokratiko, sozial eta laboralak indargabetzea bada, hori bada Voxen eta PPren alternatiba, ez dugu nahi», berretsi dute, eta zera ohartarazi: «2018an ez ziren pasatu eta 2026an ez dira pasako».

Ildo horretan, nabarmendu dute azaroaren 29koak hauteskunde soil batzuk baino gehiago direla: «Aberatsenen, errentarien eta espekulatzaileen interesen eta langileen arteko lehia bat izango da, etxebizitzaren arazoarekin areagotu dena». Are, gaitzetsi dute «proiektu baten oinarri» izateari utzi eta «finantza produktu» bihurtu dela etxebizitza, «inbertsio funtsen eskutik».

Mezua Sanchezi

Bien bitartean, ohartarazi dute pentsioen arloan lortutakoa ez dagoela «behar bezala bermatuta»: «2011ko, 2013ko eta 2021eko erreformen murrizketek gure pentsioen erosteko ahalmena gutxitzen eta genero arrakala betikotzen jarraitzen dute», kritikatu dute pentsiodunek.

Egoera horren aurrean, haien eskaerak lortzeko bide bakarrak «borrokatzea eta mobilizatzea» direla berretsi du EHPMk. Are, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuari ere mintzatu zaizkio: «Ez dugu onartzen lanak erdizka uztea, eta are gutxiago gure pentsioei eraso gehiago egitea».

Bitartean, EHPMk babesa agertu dio sindikatuek azaroaren 11rako deitu duten greba orokorrari: «Aberastasuna modu orekatuan banatzeko, gizarte eta lan eskubideak bermatzeko, eta pentsio, soldata eta etxebizitza duinak lortzeko borroka guztiak babesten ditugu. Helburu partekatu horien alde indarrak batzen eta borrokan jarraitzen lagunduko dugu, horiek lortu arte».

PENTSIODUNEN HURRENGO HITZORDUAK

  • Astelehenero. Elkarretaratzeak Euskal Herriko 80 herri eta hiri baino gehiagotan. 
  • Urriaren 14a, asteazkena. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordean agerraldia, EAJk, PSE-EEk eta Voxek atzera bota zuten herri ekinaldi legegileari buruz. Ekimen berriak aurkeztuko dituzte.
  • Urriaren 24a, larunbata. Manifestazioa Madrilen (Espainia), pentsiodunen beste plataforma batzuekin batera.
  • Azaroaren 3a, asteartea. Euskal Herri osoko pentsiodunen topaketa, Gasteizko Europa Jauregian.
  • Azaroaren 11, asteazkena. Etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA