Gerra Ukrainan

Euskal Herritik Eslovakiara abiatu dira, laguntza eramatera eta ukrainarrak ekartzera

Goizaldean hasi dute bidea, lau furgonetatan. Materialez gainezka joango dira Ukraina eta Eslovakia arteko mugara; 25 ukrainar ekarri nahi dituzte bueltan.

jakes goikoetxea
2022ko martxoaren 04a
19:16
Entzun

Ukrainarrei laguntzeko materiala biltzen ari dira hainbat herritan. Ukrainar batzuk Euskal Herrira ekartzeko moduak aztertzen ere bai. Pentsatu, antolatu eta egin. Halaxe egin du egunotan Nergroup enpresen elkarteak. Gaur goizaldean bertan lau furgoneta abiatu dira Euskal Herritik Eslovakia eta Ukraina arteko mugara. 2.500 kilometro inguruko bidea da. Joan-etorriko bidaia izango da: joanekoan, osasun eta higiene produktuz, janariz eta arropaz beteta joango dira; bueltakoan, 25 ukrainar ekarri nahi dituzte.

Lau furgoneta eta hamar pertsona. Horietatik zortzi, gidariak. Beste biak Lasarte-Orian (Gipuzkoa) bizi diren bi ukrainar. Ukraina eta Eslovakia arteko mugara joatea erabaki dute, Ukraina eta Polonia artekoan iheslari asko bai, baina gobernuz kanpoko erakunde asko ere badaudelako, eta laguntza saretuago dagoelako. «Eslovakiara ere ukrainar asko joaten ari dira, eta laguntza premia handia dute», Atzio Orexaren arabera. Nergroupeko Gizartearekiko Konpromisoko koordinatzailea da. Bera da laguntza ekimenaren arduradunetako bat. NegoBide Circulo Empresarialen laguntza izan dute.

Bidaiaren helburua 25 ukrainar ekartzea ere bada. Horietako 14 identifikatuta dituzte. Euskal Herrian lagun edo senideren bat dutenak, edo Ukrainatik ihes egin nahi duten ama-alabak. Bi ukrainar ere joan dira furgonetetan, bitartekari lanak egiteko, bai hizkuntzari dagozkionak, baita kulturari dagozkionak ere. Eta, behar badute, Euskal Herriari eta bertako bizimoduari buruzko erreferentziak emateko.

Euskal Herrira bueltatutakoan, zer? Bizitzeko lekua aurkitu diete. Herritarrek etxe hutsak eta logelak eskaini dizkiete ekimenaren antolatzaileei. «Dei pila bat» jaso dute logelak eta etxeak eskaintzeko. «Zainduta eta babestuta egoteko konpromisoa dugu», Orexaren esanetan. «Arreta berezia jarri dugu bigarren aldi horretan». Bestelako laguntza ere beharko dute, erakundeena, esaterako.

Idurre Lazkano BERRIAko Edizio arduraduna da Eslovakia eta Ukraina arteko bidaia egingo duen gidarietako bat. Bidaiaren berri emango du BERRIAn.

Orexak nabarmendu du ukrainarrei laguntzeko ekinbide hau ez dela ekintza bakana Nergroupentzat: elkarteko enpresek 11 urte daramatzate irabazien %5 elkartasun eta gizarte proiektuetarako baliatzen, eta langileek lanerako denboraren %2 eskaintzen diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.