Euskal kazetarien kontra hasi dira 'mozal legearekin'

'Argia' aldizkariko Axier Lopez kazetaria zigortu dute atxiloketa bateko irudiak «baimenik gabe» zabaltzeagatik. 600 euroko isuna jarri diote

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Isilarazteko legetzat jo zuten Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea. Mozal legea izenarekin ezagunagoa da. Besteak beste kazetariei kalte egingo ziela ohartarazi zuten hainbat elkartek, eta hasi da hori gertatzen. Espainiako Gobernuak 600 euroko isuna jarri dio Argia aldizkariko kazetari Axier Lopezi. Arrazoia: gazte bat atxilotu zuten uneko argazkiak Twitterren jartzea «inongo baimenik gabe». Mozal legean oinarrituta euskal kazetari bati ezarritako lehen zigorra da Lopezena.

Martxoaren 3ko txio bat da isunaren oinarria. Egun batzuk lehenago epaiketa zuten bost gaztek, 2007an A-8 autobidea itxi zutelako Segiren legez kanporatzea salatzeko. Hiru gazte ez ziren auzitegira joan, ordea, eta atxilotzeko agindu zuen epaileak. Naroa Ariznabarreta atxilotu zuteneko irudiak zabaldu zituen kazetariak.

Azaldu du Argia-n «gertutik» egin ziotela jarraipena bost gazte horien kontrako auzibideari. Hiru gazteek epaiketara ez joatea erabaki zutenean ere jarraitu zuten kasua, eta Ariznabarreta Eibarren (Gipuzkoa) atxilotu zuten uneko irudiak ere lortu zituzten. Ez zituen Lopezek berak atera.

Bi argazki zabaldu zituen Twitterren: kaleko jantzitako poliziak ikusten dira Ariznabarreta atxilotzen, baina aurpegiak ez dira ageri aurrez aurre —polizietako baten aurpegi erdi bat soilik ikusten da—.

Twitterren mezu hori zabaltzea arau-hauste larritzat jo du Espainiako Gobernuak, eta 601 euroko zigorra jarri dio —30.000 eurora arteko isuna dute arau-hauste larriek—. Argudio hau eman du gobernu ordezkaritzak: «Irudi horien bidez poliziak identifika daitezke, haiek publikoki identifikatzeak sortzen dien arriskuarekin».

Legearen kontrako aldarria

Lopezek azaldu du mozal legearen kalteez ohartarazteko ekinbideetan aritu dela. «Orain haren ezarpena jasateko ohorea izan dut». Besteak beste, Kazetaritza ez da delitua kanpaina egin zuten orain urtebete; salatu zuten mozal legeak kalte handia eragingo ziela adierazpen askatasunari eta kazetaritzari. Ehunka kazetari elkartu ziren adierazpen baten bueltan. Isuna jasota, legearen kontra mintzatu da berriro ereArgia-ko kazetaria: «Informazio eskubidea zuzenean mugatzen du. Jasotako isuna horren adibide garbia da». Informazioa ematea «delitu» bihurtu dutela salatu du.

Espainiako Kongresuak mozal legearen aurkako adierazpen bat onartu zuen herenegun. Legearen aurka dago gehiengoa, eta alde, PP bakarrik. Atzo bertan, Segurtasuneko Estatu idazkariak nabarmendu zuen «onartezina» litzatekeela legea atzera botatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.