Euskal Konfederazioak ez du ontzat eman EEPren aitzinkontua

Euskalgintzako eragileen iritziz, ez du balio euskararen aldeko hizkuntza politikak Ipar Euskal Herrian dituen beharrei erantzuteko. Frantziak euskararen gainbeheran duen erantzukizun historikoa nabarmendu dute, eta erreparazio politikak eskatu.

Euskal Konfederazioaren protesta bat, uztailean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Euskal Konfederazioaren protesta bat, uztailean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko abenduaren 12a
12:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarari trufarik ez!, lelo horrekin erantzun dio Euskal Konfederazioak EEP Euskararen Erakunde Publikoan onartu duten aitzinkontuari. «Bi urteko maskaradaren ondotik», kide bakoitzak 100.000 euro gehiago ematea erabaki dute ostegun honetan egin duten biltzar nagusian. «Ez da aski», Konfederazioaren hitzetan. «Ez du balio euskararen aldeko hizkuntza politikak Ipar Euskal Herrian dituen beharrei erantzuteko», adierazi dute agiri batean.

Euskalgintzak azpimarratu du Euskal Hirigune Elkargoa izan dela aurrekontua manera onargarrian emendatzearen alde agertu den bakarra. «Gainerako kideek beste behin erakutsi dute ele ederretatik harago ez dutela asmorik den mendreneko urratsik egiteko». Bilkuratik ateratzean, hautetsiek adierazi zuten eragotzi nahi izan zutela EEPk zapart egitea, horrek kalte eginen baitzien euskalgintzari eta euskal munduari. «Hemen euskarari kalte egiten dion bakarra hizkuntzaren biziberritzea bultzatzeko borondate politiko falta da», erantzun du Euskal Konfederazioak.

Orain bi urte, euskalgintzak eskatu zuten finka zedila 2050. urterako euskaldun kopurua %30ekoa izateko helburua. Iazko ekainean aurkeztu zuen EEPk erronka hori gauzatzeko bide orria. Biltzar nagusian, ontzat eman zuten kopuru horretara heltzea izan zedin hizkuntza politikako proiektuaren helburua. «Baina hori lorgarri egiteko diru baliabiderik ez dute adostu», gaitzetsi du Konfederazioak. «Maider Behotegi EEPko lehendakariak berak adierazi du  finkatu duten helburua ez dela lorgarria gaur-gaurkoz. Trufa hutsa da».

Frantziaren erantzukizuna

Ipar Euskal Herriko euskalgintzak argi du: «Frantziako Estatuak eta gainerako instituzioek euskararen kontrako politikak sustatu dituzte hainbat hamarkadaz, gure hizkuntza desagerrarazteko helburuarekin». Datua ere eman dute:  EEP sortu zenean, Ipar Euskal Herriko biztanleen lautik bat zen euskalduna; hogei urte berantago, bost biztanletik bat baizik ez. Hori erakusten dute inkesta soziolinguistikoaren datuek azken urteetan: hiztun kopuru absolutua egonkortu bada ere, euskaldunen proportzioa apaldu eta apaldu ari da. «Denek euskararen alde ahalegin oro egiten dute omen, baina memento berean, euskara peko errekarako bidean da».

Euskararen nazioarteko egunaren harira, Ipar Euskal Herriko auzapezei mintzatu zitzaien prefeta, Frantziako Estatuak euskararen alde egiten duen ekarpena laudatzeko. «Alta, Frantziako Estatuak erantzukizun historikoa du Ipar Euskal Herrian euskarak izan duen gainbeheran», ebatzi du Konfederazioak. «Egindako kaltea konpontzeko erreparazio politika bat ezinbestekoa da».

Hainbat aldarrikapen plazaratu ditu, hala nola euskarari koofizialtasun estatusa aitortzea Ipar Euskal Herrian, «euskaldunek frantses hiztunen hein bereko hizkuntza eskubideak izateko eremu publikoan»; euskararen presentzia bermatzea administrazioan, irakaskuntzan eta esparru publikoan, eta hizkuntza politika eraginkor bat ezartzea, «euskararen biziberritzea ardatz izanen duena, eta hori lortzeko diru baliabideak jarriko dituena».

Mobilizaziorako deia

Euskalgintzako eragileek adierazi dute orain arte bezala arituko direla, «arloz arlo, Ipar Euskal Herriaren berreuskalduntzearen aldeko lanean». Eta berretsi dute horretarako ezinbestekoa izanen dela herritarren eta eragileen mobilizazioa, «euskara larrialditik ateratzeko». Preseski, euskaltzaleak deitu dituzte abenduaren 27an Kontseiluak Bilbon antolatu duen ekitaldian parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.