«Oso dezepzionatuta eta haserretuta» atera dira Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiak EEP Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusitik. Amore eman dute, eta onartu dute 100.000 eurora mugatzea partaide bakoitzak aurrekontuari eginen dion ekarpen gehigarria. «Gure partaideek ez dute deusik laxatu, deusik onartu. Haiek finkatu, eta gisa batez inposatu diru zaman gelditu gara», adierazi du Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak bilkuratik ateratzean. Ekainean egin zuten hordagoa baztertu, eta EEPk erakunde publiko gisara segitzea lehenetsi dute funtsean. «Iruditu zaigu zapartatzen bazen euskalgintzak eta euskal munduak sufrituko zutela oraino gehiago».
Ikusi gehiago
Beste bi erabaki ere hartu dituzte EEPren biltzar nagusian. Batetik, helburu gisa finkatu dute 2050erako Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskal hiztunak izatea. Bestetik, bi urtean behin diruztatzaileen konferentzia bat antolatzea erabaki dute, EEPko kide diren erakundeetako presidenteak bilduta. Finkatutako helburuen ebaluazioa eginen dute, eta aurrekontua berrikusiko dute. «Funtsean, urtarriletik hasiko gara lantzen aurrekontu berrikuspen hori», esplikatu du Ttitto Betbeder EEPko zuzendariak.
Maider Behotegi EEPko lehendakariak erran du «aterabide baikorra» izan dela, hitzarmen sortzailea berritzearen garrantzia lehenetsita. Azpimarratu du aho batez onartu dutela EEP «tresna egokia» dela hizkuntza politika aitzina eramateko. «Ez gara satisfos 100.000 euroko emendatzearekin, baina hori da gaur-gaurkoz posible zena», adierazi du. «Denek bat egiten dugu euskara larrialdi egoeran dela, denak kontziente gara gure herrialdean eta zenbait instituziotan koiuntura eta finantza arloko zailtasunak daudela. Gaurkoan, bakoitzak urrats bat egin du, lau partaideek elkarrekin aitzinatu nahi zutelako. Gaur-gaurkoz, bilan baikorra da, baina dena segitu behar dugu».
EEPk onartutako aurrekontuarekin 2050erako helburua lorgarria den galdetuta, argi erantzun du: «Gaur-gaurkoz badakigu ez dela posible». Baina baieztatu du hemendik-eta 2050era espero gabeko gauzak irits daitezkeela: «baliabide berriak, teknika berriak, ikasleen jarrera berriak... Gaur adostu ditugun diru baliabideak seguruenik ez dira aski, eta ez dira aski anbiziotsuak. Baina hor daude, eta aitzinatzeko modua ematen digute».
Elkargoaren gehigarria
Bi urte iraun du EEPren berritzearen inguruko krisiak, eta gorabeheraz gorabehera jardun dute aurrekontuaren inguruko eztabaidetan. EEPk berak 2,6 milioi euro gehiago behar zituztela ebatzi zuen 2023an, hizkuntza politikaren beharrak definitzeko egin zuen azterketan, hau da, partaide bakoitzak 650.000 euro gehitzea. Baina Euskal Elkargoa izan zen kopuru hori ontzat eman zuen bakarra. Azkenerako, bakoitzak 100.000 euro gehituko ditu, hasierako helburuetatik urrun.
Hala ere, Kurutxarrik iragarri du Euskal Elkargoak aparteko beste 200.000 euro emanen dituela, eta helduen euskalduntzerako izanen direla. Aurreikusiak zituzten gainerako 350.000 euroak Euskal Elkargoaren hizkuntza politika indartzeko erabiliko dituzte. Horrela, hasieran aipatutako 650.000 euroraino iritsiko dira.
«Hau ez da bururapen bat», erran du Kurutxarrik. «Aski argiki eta fermuki erran dugu bigarren etapan sartzen garela». Baieztatu duenez, hemendik aitzina, EEP barnean «borrokan» segituko dute. Bide beretik jo dute haren ondoan ziren elkargoko gainerako hautetsiek ere. Alain Iriart: «Duela 20 urte esperantza handia sortu zen instituzioak elkartu zirelarik ahalen emateko euskarak eta euskal kulturak izan zezaten beren lekua Ipar Euskal Herrian. Anitz gauza eginak izan dira, eta beharrik. Baina ez badugu ahal gehiago ematen euskara plaza publikora joan dadin, euskarak bere lekua galduko du zenbait urteren buruan. Hori da lanjera».