Euskal Udalekuen aldeko jaialdia antolatu dute Bernedon, abuztuaren 29rako

Euskal Udalekuei babesa emateko agerraldi jendetsua egin dute Gasteizen. Arabako Diputazioari «prebarikatzea» egotzi diote, eta adierazi dute helegitea aurkeztu dutela Sarrea elkarteari jarritako zigorraren aurka.

Euskal Udalekuen aldeko agerraldia, gaur, Gasteizko Foruen plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Euskal Udalekuen aldeko agerraldia, gaur, Gasteizko Foruen plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko ekainaren 25a
19:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehunka lagun elkartu dira gaur Gasteizko Foruen plazan, Euskal Udalekuen aldeko agerraldian. Hezitzaileak, gurasoak, haurrak, proiektuko kideak eta babesa adieraztera joandako hainbat herritar eta eragile batu dira, haien hitzetan, azken hilabeteetan Euskal Udalekuen aurka piztu den eztabaidaren eta «kanpaina mediatiko eta politikoaren» aurka beren interpretazioa plazaratzeko. Agerraldia jendetsua izan da, eta antolatzaileek komunikatu bateratu bat irakurri dute; amaieran, ordea, ez dute kazetarien galderarik onartu.

Agerraldia baliatu dute, halaber, datozen hilabeteetako mobilizazio nagusia iragartzeko. Euskal Udalekuen ordezkariek jakinarazi dute abuztuaren 29an jaialdi bat egingo dutela Bernedon (Araba), proiektuaren aldeko babes erakustaldi gisa, eta, haien esanetan, azken hilabeteetan jasandako «eraso politikoei eta administratiboei» erantzuteko.

Azaldu dutenez, egun osoko egitaraua prestatzen ari dira, jolasak, emanaldiak eta bestelako ekitaldiak uztartuta. Urte hauetan Euskal Udalekuetan parte hartu duten herritarrak, familiak, gazteak eta proiektuarekin bat egiten duten eragileak gonbidatu dituzte bertara. Antolatzaileen arabera, jaialdiak aukera emango du «aisialdi alternatiboak duen ahalmen eraldatzailea» aldarrikatzeko eta Euskal Herrian proiektuak duen sostengua erakusteko.

Agerraldian irakurritako adierazpenean, Euskal Udalekuetako ordezkariek berretsi egin dute iazko udazkenean azaldu zuten mezua: zuzenean jaso dituzten kexa guztiak dutxen funtzionamenduari buruzkoak izan direla, eta ez dutela hezitzaileen aurkako salaketarik jaso. Era berean, adierazi dute ez dutela prozesu judizialaren inguruko informazio ofizialik eta, ondorioz, ez dutela haren edukiaren berririk.

Hala, azken hilabeteetan haur eta gazteentzako aurtengo udaldia prestatzen aritu direla azaldu dute. Prestakuntza saioak egin dituzte, proiektua berrikusi dute, programazioak prestatu dituzte eta urte osoan auzolanaren bidez zaindu dituzten instalazioak txukuntzen jardun dute. «Horixe baita gure jardunaren erdigunea», nabarmendu dute.

Sarrea elkarteari jarritako isuna

Bestalde, Arabako Diputazioak Sarrea elkarteari irekitako administrazio espedientea izan dute hizpide. Elkarte hori izan da azken 51 urteetan Bernedoko udalekuak antolatu dituena. Euskal Udalekuen arabera, jakinarazpen administratibo bat ez egiteagatik ezarri diote zigorra: isun ekonomikoa eta hiru urtez aisialdi jarduerak antolatzeko debekua. Erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu dutela jakinarazi dute gaur.

Azaldu dutenez, espedientearen berri eman zioten Bernedoko Administrazio Batzordeari, harena baita udalekuak egiten diren eraikina. Aurten, Sarrea elkartearen ordez, Euskal Udalekuen sareko Dorrekoa elkartearen bidez egin zituzten legez eskatutako jakinarazpen guztiak. Haien esanetan, jakinarazpen horiek ez dira baimen eskaerak, administrazioari informazioa helarazteko tramite hutsak baizik.

Hala ere, Arabako Foru Aldundiak Bernedoko udalekuak antolatzea debekatu du, salatu dutenez. Are gehiago, adierazi dute erakundeak Euskal Udalekuekin lotura duen edozein elkarteren jarduera eragotzi nahi izan duela. Horren harira, kritikatu dute administrazioak «Euskal Udalekuen egitura» aipatu izana, espedienteak Sarrea elkartea bakarrik hartzen baitu aintzat.

Etxearen erabileraren inguruan ere gezurtatu egin dute Diputazioaren bertsioa. Haien arabera, alokairu kontratuan ez dago debekatuta eraikinaren lagapena, eta auzi hori eraikinaren jabeen eta alokairu kontratua sinatu duten aldeen artekoa da, ez Arabako Diputazioarena.

«Presioak eta mehatxuak»

Euskal Udalekuetako ordezkarien arabera, Bernedoko Administrazio Batzordeko kideek «presioak eta mehatxu zuzenak» jaso dituzte azken asteetan. Salatu dutenez, Arabako Diputazioak administrazio batzarreko kideei ohartarazi die Sarrea elkartearekin zuten alokairu harremana ez eteteak ondorio «larriak» ekarriko zizkiela. 

Horren ondorioz, Euskal Udalekuetako kideen esanetan, Bernedoko Administrazio Batzordeak alokairu kontratua eteteko bidea hartu du. Adierazi dutenez, oraindik ez diete formalki jakinarazi, baina erabakia laster iritsiko dela uste dute. Hala gertatuz gero, baliteke proiektua aurrera eramateko historikoki garrantzitsua izan den toki bat galtzea, ohartarazi dutenez.

Diputazioaren jarduna oso gogor kritikatu dute. Haren jokabidea «mafiosoa» eta «zapaltzailea» dela esan dute, eta legearen aurkako erabaki politikoak hartzea egotzi diote. «Prebarikatzen ari dira», adierazi dute, eta Bernedoko herriaren aurka egin den «jazarpen mediatiko eta politikoa» ere salatu dute.

Haien iritziz, haurrak eta gazteak bigarren planoan utzi dituzte eztabaida osoan zehar, nahiz eta proiektuaren ardatza izan. Hala ere, nabarmendu dute aurtengo udan ere ehunka haurrek eta gaztek parte hartuko dutela Euskal Udalekuetan. Antolatzaileen arabera, jasotako babes sozialari eta egindako lanari esker, bostehun haurrek eta gaztek igaroko dute uda sarearen udalekuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA