Euskal Udalekuetako hamabost kide deklaratzera deitu ditu gaurko Gasteizko instrukzio epaitegiak. Dutxa mistoen afera plazaratu zenetik, iazko irailetik, salaketek haien aurkako bi bide zabaldu dituzte: administratiboa eta judiziala. Lehenengoan, Sarrea elkarteari udalekuak antolatzeko debekua jarri zion Arabako Aldundiak, baina epaileak debeku hori kendu zuen ekainaren 29an. Orain martxan dagoena bide judiziala da, eta gaur begiraleek deklaratu dute.Â
Euskal Udalekuek komunikabideetara bidalitako ohar batean esan dute ez dutela jendaurrean prozesuaren berri emango, adin txikikoak tartean izanik «erantzukizunez eta konfidentzialtasunez» jokatu nahi dutelako.
Hala, auziaren inguruan zenbait filtrazio egon direla salatu dute. Hori «proiektua zurrunbiloan murgildu zenetik» gertatu dela gaineratu dute, hau da, bide administratiboan ere bai. Eta salatu dute, bide judizialarekin ere gauza bera ari dela gertatzen. Jakinarazi dute beraiek ez dituztela deklaratzera deitu irailera arte, baina aurretik hedabideetan zela informazioa. Bi adibide jarri dituzte: batetik, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak uztailean SER irrati katean egindako elkarrizketan esan zuela bide judiziala martxan dela; eta bestetik, irailaren 7an, El Español egunkariak prozesuari buruzko datuak argitaratu zituela.Â
Ikusi gehiago
Aurretik ere esana zutena berretsi dute: «[Begiraleek] behin baino gehiagotan aipatu dute haiek direla prozesuari buruzko informazioa eskuratzeko lehen interesatuak, beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko».Â
Zenbait gurasok eta haiei batu zaizkien elkarte eta eragile politikoek —Vox, Abokatu Kristauak eta Hazte Oir— jarritako salaketek eman diote bide prozesu horri. Abokatu Kristauak taldeak jakinarazi du hiru urterainoko kartzela zigorrak eskatu asmo dituela ikertzen ari direnentzat, exhibizionismoa, adingabeak galbideratzea eta derrigortze delitua egotzita.