Euskaran, feminismoan eta auzolanean ardaztutako proiektu autogestionatu bat, horixe dira Euskal Udalekuak. Hiru herritan egiten dituzte udalekuak: Bernedon (Araba), Abaigarren eta Goñin (Nafarroa). Alabaina, Bernedoko udalekuak ez dira egin aurten, iaztik prozesu administratibo eta judizial batean murgilduta daudelako. Bada, prozesu hori Nafarroako bi herrietara zabaltzen saiatu dira Vox eta Abokatu Kristauak taldeak, baina udalekuak egin ahal izan dira, eta orain, gainera, artxibatu egin dituzte Vox eta Abokatu Kristauak taldeek Nafarroan jarritako salaketak. Edonola ere, eldiario.es hedabideak jaso duenez, Arabako Foru Aldundiak eskatu du «kautelazko neurriak» hartzeko nola Abaigarreko hala Goñiko udalekuetan.
Zurrunbilo horri erantzuteko asmoz, jaialdi bat egingo dute abuztuaren 29an Bernedon. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta Euskal Udalekuen proiektuan parte hartu duen zein hura babesten duen oro gonbidatu dute parte hartzera.
1
Arabatik Nafarroara
Nafarroako Probintzia Auzitegiak atzera bota du Vox eta Abokatu Kristauak taldeek Euskal Udalekuen kontra aurkeztutako helegitea; eta, beraz, artxibatu egin ditu salaketak. Talde horiek eskatu zuten ikerketa bat egin zedila argitzeko ba ote zen Bernedoko udalekuetan salatutako kasuen parekorik. Gasteizko Lehen Arloko Epaitegiak oraindik ez du aurrerapauso nabarmenik eman Bernedoko udalekuetako salaketen instrukzioan, baina, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak gaur SER irratian erran duenez, jada abian da bide penala. Eta eman du xehetasunik: inputatutako aurreneko begiraleek heldu den irailean deklaratu beharko dute.
Nafarroako Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Abaigarko eta Goñiko udalekuetan «ez dago» Bernedon izandako salaketen antzekorik. Gainera, adierazi dute ikerketa hori, egitekotan, «aurrera begirako ikerketa bat» izango litzatekeela, eta hori Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela. Auzitegiak azaldu duenez, salaketa jarri duten taldeek argudiatzen dute «ikerketa bat abiarazi» behar dela hiru herri horietako udalekuak talde berak antolatzen dituelako, eta herrietako batean salaketak egon direlako.
Vox alderdiak aurkeztutako salaketan, aipatzen da Abaigarren eta Goñin Bernedon gertatutakoaren antzeko zerbait gertatu zela: «Elkarte berak antolatzen baititu udalekuak bi herri horietan». Halaber, azaldu dute litekeena dela Ertzaintzak 2021ean eta 2022an Abaigarko udalekuetan gertatutako kasu baten berri izana. Baina Probintzia Auzitegiak azpimarratu du Abaigarren eta Goñin ez dela salatu «auzibide penal bat hastea justifikatzen duen gertakaririk».
2
Bernedoko udalekuen kontrako prozedura administratiboa
Abaigarren eta Goñin egiten diren udalekuei dagokien erabakia orain eman dute, baina Bernedokoek hilabeteak daramatzate polemikan murgilduta. Iazko udazkenean, guraso batzuek salatu zuten haurrak eta nerabeak dutxa mistoak erabiltzera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela, eta gaztetxoak familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela bi astez. Udalekuetako hezitzaileek, berriz, ukatu egin zuten inor besteen aurrean biluztera behartu izana, eta salatu zuten haien egitasmoaren inguruko «gezurrak eta difamazioak etengabeak» izan zirela, baita «lintxamendu pertsonalak» ere, eta eragile batzuk «mezu transfoboak» hedatzeko baliatzen ari zirela udalekuen aurkako kritikak.
Areago, iazko urrian Bergaran (Gipuzkoa) egin zuten agerraldi batean adierazi zuten «erabat» gaitzesten dituztela eraso guztiak, eta gaia «dagokion seriotasunaz» hartzen dutela: «Protokoloak dauzkagu, lanketa feminista egiten dugu hezitzaileok, eta haurrekin eta gazteekin ere lantzen dugu gaia. Gure artean erasotzailerik balego, jakin egin nahiko genuke, neurriak hartzeko eta, beste ezeren gainetik, erasoa jasan duenaren aldean kokatzeko», adierazi zuten.
Hala, erakundeek prozedura administratibo bat abiatu zuten azaroan, Euskal Udalekuak jarduera baimenik gabe aritu zirelakoan Bernedon. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek koordinazio mahai bat eratu zuten, «sisteman akatsik izan den aztertzeko», eta hori izan du abiapuntu Gazteriaren Legea aldatzeko premiazko prozedurak. Eta azkenean, ekainaren bukaeran, Gazteriaren legea aldatu zuen Eusko Legebiltzarrak, baita udalekuen antolaketaren buruzko dekretua berritu ere Jaurlaritzak.
Zigor administratibo irmoa
Ia urte erdi geroago bilakatu zen irmo Sarrea Euskal Udalekuak elkarteari jarritako zigor administratiboa, ekainaren 4an. Ana del Val diputatuak jakinarazi zuen aldundiak debekatu egin ziola Sarrea Euskal Udalekua elkarteari Bernedoko udalekuak egitea, baita Dorrekoa kultur elkarteari ere ―Euskal Udalekuen sarearen parte da―, «lege iruzurra egiten saiatzea» leporatuta. 9.000 euroko isuna eta hiru urteko inhabilitazioak ezarri dituzte zigor gisa, besteak beste. Sarreari zigorra ezarri zioten argudiatuta elkarte horretako kideek ez zutela jardueraren inguruko jakinarazpenik egin azken bi urteetan.
Espedientea «legearen berme guztiekin» tramitatu dela ziurtatu zuen Del Valek, eta prozeduraren helburua «adingabeen interesa babestea eta legea errespetatzea» izan dela. Martxoaren 11n, Sarreak alegazioak aurkeztu zituen, baina aldundiak atzera bota zituen denak, eta, apirilaren 17an, elkarteari zigor proposamena helarazi. Maiatzaren 21ean, elkarteak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina hura ere arbuiatu zuen aldundiak.
Antolatzaileek, baina, ez zuten etsi. Ekainaren hasieran ezarritako zigorraren berri izatean, administrazio auzietarako helegitea aurkeztu zuten haren kontra, ekainaren 22an.
Debekua bertan behera
Epaileak aintzat hartu zuen eskaera, eta hala jakinarazi zuten Euskal Udalekuetako hezitzaileek ekainaren 29an: «Helegite horretan, eskatu genuen epaileak bertan behera uzteko, judizialki erabaki hau aztertzen zen bitartean, kautelazko neurri gisan jarduerak antolatzeko debekua, ebazpen horrek sortzen dituen kalteengatik». Zehazki, epaileak erabaki du errekurtso administratiboa ebatzi bitartean Sarrearen inhabilitazioa bertan behera uztea behin-behinean. «Diputazioari entzunaldirik egin gabe sinatu da ebazpen hau, dagokion urgentzia dela eta, hilabete behar izaten baita ohiko kautela neurrien ingurukoak ebazteko».
Gasteizko administrazio auzien lehen epaitegiko erabakiaren arabera, «larritasun bereziko arrazoiak» direla-eta erabaki dute inhabilitazioa behin-behinean bertan behera uztea. Epaileak arrazoiketan dioenez, argi dago larritasuna egon badagoela, «uda hasia baita, eta, inhabilitazioa aplikatuz gero, [Sarreak] ezingo bailituzke 2026rako programaturiko ekintzak egin». Epaitegiaren behin betiko erabakia 2026ko uda baino «askoz geroago» plazaratuko denez, epaileak beharrezko iritzi dio urgentziazko kautela neurri baten bitartez hiru urteko inhabilitazioa bertan behera uzteari.
Gainera, epaileak argudiatu du kalte ekonomikoak ez ezik «moralari eta izen onari dagozkion kalteak» ere izango liratekeela Sarrearentzat, «50 urte baino gehiago dituen egitasmo bat etenaraziko» bailuke inhabilitazioak, eta «erakunde moduan gizartean duen ospe ona galaraziko» lioke Sarreari. Iritzita ezinezkoa dela aldundiak gerora kalte hori konpontzea ordain ekonomikoak emanez, epaileak justifikatutzat jo du inhabilitazioa behin-behinean bertan behera uztea.
3
Prozedura judiziala, geldirik
Auzi horrek bi bide ditu: administratiboa eta judiziala. Administratiboari buruzkoak dira orain arte ezker-eskuin zabaldutakoak, baina zertan da bide judiziala? Bernedoko hezitzaileek ekainaren hasieran BERRIAri adierazi ziotenez, hezitzaileek ez dute «inolako jakinarazpen formalik» jaso erranez ikerketapean direla. Are, hiru bidetatik eta bortz eskaera eginez saiatu dira prozesu horren berri izaten —hiru epaitegiei, bat administrazioari eta bat Ertzaintzari—, baina behin soilik erantzun diete. Halere, bide juridikoari buruzko datu batzuk lortu dituztela adierazi zuten hezitzaileek: «Hedabideek behin eta berriz esan dute hogei familiak salaketa jarri dutela, baina hori gezurra da».