Euskaldunon Egunkaria-ren lehen alea 1990eko abenduaren 6an kaleratu zen. Duela 35 urte. Euskara bizitzaren esparru guztietara zabaltzea izan zen orduko asmoa. Herritik bertatik jaiotako proiektua izan zen, gainera, euskalgintzak urteetan egindako lanari eta esfortzuari esker sortu baitzen Egunkaria. 2003ko otsailaren 20an argitaratu zen azkena, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz ehunka guardia zibil Andoaingo (Gipuzkoa) erredakziora bortxaz sartu eta itxi egin baitzuten. Enpresa itxi zuten, baina proiektuak bizirik iraun zuen. BERRIAk bete zuen Egunkaria-k utzitako hutsunea, orduan ere euskalgintzaren konpromisoari eta ahaleginari esker.
Jaiotze data 1990eko abenduaren 6a duen arren, euskarazko egunkari baten beharra lehendik igarri zuten. 80ko hamarkadan hasi ziren talde batzuk mugimenduak egiten. Asmo eta ametsetatik ekintzetara, ostera, 1989ko azaroan igaro ziren. EKB Euskal Kulturaren Batzarreak taldeak deituta, lehen bilera egin zuten euskarazko egunkari bat abian jartzeko asmoz. Donostiako Joxemiel Barandiaran lizeoan jarri ziren Euskaldunon Egunkaria-ren zimenduak. Behin zutarriak jarri eta gero, estrategia ezarri zuten: euskarazko egunkariaren aldeko giroa sortzea eta sinadura bilketa bat abian jartzea izan ziren lehen urratsak. Horrekin batera, asmo berria zabaltzen hasi ziren euskalgintzako beste sektore batzuen artean.
1989ko Durangoko Azokan eman zituzten hurrengo pausoak. Bertan zehaztu zituzten Egunkaria-ren ezaugarri nagusiak, gerora egunkariaren sortzetiko hamaika ezaugarriak izan zirenak: euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, alderdiekiko eta erdarazko beste hedabideekiko independentea, ez-instituzionala, diru laguntzek lagundua, militantea, profesionala eta berria.
1990eko urtarrilaren 21ean abiatu zuten Egunkaria Sortzen ekinbidea. Talde eragilea euskal kulturaren eremuko 75 lagunek osatu zuten. Euskalgintzako eta kulturgintzako erakundeekin ez ezik, alderdi politiko, erakunde sindikal, sozial eta herrikoiekin egin zituzten bilerak. Herriz herri batzordeak eratu ziren: 185 batzorde, 143 herritan. 3.000 bat lagun aritu ziren lanean Egunkaria-ren egitasmoa plazaratzen. Akzio salmenta bat abiatu zen dirua lortzeko. Guztira 90.000 lagun inguru inplikatu ziren egitasmoan, eta 50 bat milioi pezeta (300.000 euro inguru) jaso ziren.
Promozio kanpaina amaitzeko, uztailaren 15ean jaialdi erraldoia egin zen Donostiako belodromoan. 1990eko abenduaren 6an, kalean zen Egunkaria, Martin Ugalde Administrazio Kontseiluko lehendakari, Joxemi Zumalabe Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari, Joan Mari Torrealdai Kontseilu Editorialeko presidente, Pello Zubiria zuzendari eta Iñaki Uria zuzendariorde zirela.
Handik gutxira, 1993an, Martxelo Otamendik hartu zuen euskarazko egunkari haren lema. Otamendiren zuzendaritzapean garatu zen proiektua, eta, apurka-apurka, oztopoak oztopo, erreferentziazko hedabide bihurtu zen euskaraz bizi eta sortu nahi zuen komunitatean. Hain justu, bide gorabeheratsu horretako mila istorio eta anekdota bildu dituzte berriki Otamendiren biografian: Handira jotzeko kazetaritza (Elkar).Â
Itxiera 2003an
Egunkaria-k esfortzu handiz lortutako distira kolpetik ilundu zuten Andoaingo erredakziora bortxaz sartu ziren 300 guardia zibilek. Andoaingoaren ondoren, mendean hartu zituzten Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko ordezkaritzak ere. Askoren gogoan eta begietan iltzatuta geratu ziren 2003ko otsailaren 20ko irudi haiek. Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok eman zuen agindua, Alderdi Popularreko Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela, Egunkaria-k ETArekin lotura zuela argudiatuta.
Hamar lagun atxilotu eta espetxeratu zituzten. Haietako bat zen Martxelo Otamendi bera. Terrorismoaren aurkako legedia aplikatuta, bost egunez inkomunikatuta egon ziren. Atxilotuetako askok salatu zuten guardia zibilek torturatu egin zituztela: Iñaki Uriak, Xabier Oleagak, Martxelo Otamendik, Xabier Alegriak eta Txema Auzmendik torturak eta tratu txarrak eman zizkietela salatu zuten epailearen aurrean.
Martxelo Otamendi aske utzi zituztenetako bat izan zen, eta lau haizeetara zabaldu ziren Madrilgo espetxetik irten bezain laster hark telebistaren aurrean adierazitakoak, tortura jasan zuela salatu baitzuen publikoki. Egunkaria-ren itxiera eta horren ondorioak salatzeko manifestazio jendetsuak egin ziren Euskal Herriko txoko askotan, samina eta amorrua adierazteko eta bidegabekeria salatzeko.
Baina samina eta amorrua ekintza bihurtu zituzten proiektuarekin atxikimendua zuten eragile eta pertsona ugarik, eta, salatzearekin batera, buru-belarri aritu ziren euskal komunitateak euskarazko egunkari bat izango zuela bermatzeko; horren fruitua BERRIA izan zen; Egunkaria-k utzitako hutsunea bete zuen, 1990ean euskarazko egunkariak ezarritako helburuei eta izpiritu hari lekukoa hartuta.