Atzo eman zuen erabakiaren berri EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak: epaitegiak sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko Eusko Jaurlaritzaren dekretu osoa ezeztatu du, Voxen helegitea aintzat hartuta. Euskalgintzaren Kontseiluak irmo erantzun du: «Oldarraldi judizialak koska bat gora egin du».
Kontseiluaren irudiko, erabakia «oso larria» da; izan ere, «jauzi kualitatiboa gertatu da: lehen aldiz epaitegi batek euskararen erabileraren gaineko arau oso bat baliogabetu du». Nabarmendu dute «sektore publiko osoko hizkuntza politikari», 140.000 langileri, eta, ondorioz, herritar guztien hizkuntza eskubideei eragingo diela: «Horregatik, ezinbestekoa da, oldarraldiari aurre egiteaz gain, euskararen normalizazioari eta hizkuntza eskubideei benetako bermea eskainiko dien arkitektura juridiko berria eraikitzea».
Izan ere, Kontseiluaren esanetan, oraingoa ez da kasu bakana: «Oraingo honetan, auzitegiak men egin dio eskuin muturreko Vox alderdiren eskariari, eta agerian utzi du mundu mailako olatu erreakzionarioak aldaera linguistikoa ere baduela gurean». Zehaztu dute epaitegiak ez dituela Voxen helegitearen argudio guztiak ontzat eman —baztertu egin du, esaterako, dekretuak euskararen «nagusitasun absolutua» eta gaztelaniaren «erabateko baztertzea» zekartzala zioen argudioa—, eta ez da dekretuaren beraren edukietan sartu; dekretuaren inguruko txosten ekonomikoa «eskasa» delako eman du ebazpena. Baina: «Hala eta guztiz ere, eduki horiek guztiak indargabetu ditu, kasu honetan memoria ekonomikoaren balizko gabeziak argudiatuta».
Beste pizkunde bat
Horiek horrela, berretsi dute euskarak beste pizkunde bat behar duela: «Atzerapauso bakoitzaren aurrean gure posizioa defendatzetik harago, bada garaia euskararen normalizazioan beste jauzi bat egiteko baldintza sozialak, politikoak eta juridikoak eraikitzeko».