Eusko Jaurlaritzak 2024an aurkeztu zuen euskara administrazio publikoan arautzeko azken dekretua, eta ezeztatu egin du orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Voxen helegite bat aintzakotzat hartuta. Ebatzi du dekretuaren gaineko txosten ekonomikoa «eskasa» dela, eta horregatik bota behar dela atzera. Helegitean Vox talde ultraeskuindarrak bestelako argudioak ere eman zituen dekretuaren aurka; langile publikoei euskara jakiteko derrigortasuna ezarrita Espainiako Konstituzioaren hainbat artikulu urratzen direla esan zuen. Auzitegiko informazio iturrien arabera, ordea, epaian «atzera» bota dituzte argudio horiek; «generikoak» eta «lausoak» direla esan dute, eta ezin direla aintzat hartu.
Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, premiaz antolatutako prentsaurreko batean adierazi du epaia ez dela oraindik irmoa, eta 30 egun dituztela helegitea aurkezteko. Beraz, bitartean dekretuak indarrean jarraitzen du. Hala, 31 orrialde dituen epaia «ondo» eta lasaitasunez berrikusiko dute, eta ikusiko dute ea nahikoa oinarri dagoen helegite bat aurkezteko edo ez.
Ikusi gehiago
Hala ere, Bengoetxeak adierazi du berak gidatzen duen saila jada lanean ari dela 2024an onartutako dekretua moldatzeko. Izan ere, sailburuak azaldu duenez, aurtengo ekainean lege aldaketa bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren akordio bati esker, euskararen normalizazioari berme juridiko gehiago emateko, eta horregatik ari ziren 2024ko dekretu hori aldatzeko lanetan. Beraz, nabarmendu du epairik gabe ere aldaketak egongo zirela, eta lasaitasun mezu bat ere luzatu nahi izan du, esplikatuz gaurko epaia soilik prozedura gaietan oinarritzen dela: «Epaiak ez du auzitan jartzen administrazio publikoan euskararen normalizazioaren helburua».
Bestalde, EH Bilduko Euskararen Normalizaziorako idazkari Josu Aztiriak azaldu duenez, euskararen normalizazioaren kontrako «oldarraldiaren beste eredu bat» da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia: «Edukiz edo formaz euskararen lege arkitektura txikitu nahi dute, eta zirrikitu orok balio du». Hala, EH Bilduren posizioa gogorarazi du: «Euskarak estatus juridiko berri bat behar du, eta garapen araugile guztiak bikaintasunez egin behar dira». Hori dela eta, halako ebazpenen aurrean «erabakimena, ardura eta herri ikuspegia» eskatu ditu.
Memoria ekonomiko kaskarra
Txosten ekonomiko taxuzko bat falta da. Hori da epaiaren muina. «Hizkuntzaren plangintzarako» neurriak proposatzen ditu dekretuak, langile publikoek bete beharreko hizkuntza eskakizunen ingurukoak-eta, eta horien «inpaktu ekonomikoa» ondo ebaluatuko duen txosten bat ezinbestekoa dela argudiatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Izan ere, txosten horren faltan, dekretuaren bidez proposatzen diren aldaketen eta moldaketen «iraunkortasun finantzarioa» argitzeko dagoela esan du. Hain justu ere, Voxek dekretuaren kontra eman zuen argudioetako bat horixe izan zen, eta horri heldu diote sententzian.
Beste txosten bat ere aipatu dute sententzian, argudiatzeko txosten ekonomikoan ez dela behar bezalako ebaluaziorik egin: Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako txosten tekniko bat, hain justu ere. Organismo «independente bat» dela argudiatu dute, eta hor jasota daudela Jaurlaritzak dekretuari buruz egindako txosten ekonomikoaren gaineko «eragozpenak». Esan dute txosten «zabala, xehea eta landua» dela eta ondorioztatzen duela dekretuaren bidez hizkuntza normalizaziorako ezarri nahi diren kostuen «estimazioa» ez dagoela behar bezala eginda.
«Epaiak ez du auzitan jartzen administrazio publikoan euskararen normalizazioaren helburua»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako Politika Linguistikoko sailburua
Dekretuaren kontrako helegiteak jarri zituzten PPk eta Voxek, eta justu horien ondorioz martxan jarri zen beste auzibide bat ere; izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak esan zuen, helegiteen gaineko ebazpena emate aldera, Auzitegi Konstituzionalean galdera egin behar zuela hizkuntza eskakizunen gainean. Zehazki, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legeko 187.5 artikuluari buruz galdetu zion Konstituzionalari. Alegia, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi nahi zuen hizkuntza eskakizunak konstituzionalak diren ala ez erabakitzea, baina uztailean jakin zen auzitegi horrek ez zuela galdea onartu ere egin.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalean abiatutako auzibide haren harira, hizkuntza eskakizunen defentsa egitera atera zen Eusko Jaurlaritza. Agerraldi bateratua egin zuten Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eta Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak. «Ez dago arrazoirik Auzitegi Konstituzionalera jotzeko», argudiatu zuten. Auzibideak izan zitzakeen ondorioez ohartarazi zuten: «Oso larria da; sektore publikoan euskara normalizatzeko sistema guztia auzitan jartzeko arriskua dago». Horregatik, poza azaldu zuten Konstituzionalak auzia ez zuela aztertuko jakin zenean.
Sindikatuen erreakzioa
ELA sindikatuak jakinarazi du sententzia osoa irakurri eta sakon aztertu arte ez duela bere balorazio juridiko zehatza egingo, baina, aurrerapen gisa, ebazpena oso «larria» dela esan du. Aurrez ere euskararen normalizazioa eragozteko epaiak izan direla gogoratu du, eta honako honen atzean ere «bulkada euskarafobo bat» dagoela. «Euskararen normalizazioaren aurkako jazarpen judizialaren beste adibide bat da».
LABek ere uste du auzitegiek «hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri guztien aurkako erasoaldi sistematikoa» martxan dutela, eta, sindikatuaren ustez, beharrezkoa da euskara eta gaztelania «maila berean» jarriko dituen arkitektura juridikoa. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari exijitu dio «mehatxuei» aurre egitea eta «euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berria» osatzeko prozesua abiatzea.
CCOOk, berriz, «ametsezko oldarraldi juridikoa» aitzakia gisa erabiltzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta herritar bakoitza nahi duen hizkuntza ofizialean arreta jaso ahal izateko neurriak hartzea eskatu dio. Sindikatuaren ustez, administrazioek «denbora eta baliabideak» behar dituzte normalizazioaren prozesua «inor atzean utzi gabe» egiteko.
Aldaketak
Egungo egoera soziolinguistikoak ekarri dituen egoera «errealak» aintzat hartu nahi izan zituen Eusko Jaurlaritzak dekretuaren bidez: hori izan zen araudi berria egiteko helburuetako bat. Aukera ireki zuen, adibidez, hautaketa prozesua euskaraz eginda euskarazko egiaztagiria lortzeko. Hizkuntza eskakizunak «malgutzea» ere badu helburu. Badira lanpostuak, esaterako, idazmena lantzea ia eskatzen ez dutenak, baina jendearekin tratu handia izatea eskatzen dutenak. Edo, alderantziz, idatzizko maila oso jasoa eskatzen dutenak, baina mintzamenera begira apalagoa. Eskakizun asimetrikoen bidez, halako egoeretarako egiaztagiriak eskatu eta esleitzea da helburua.
Beste zenbait politikaren muina bere horretan utzi zuen dekretuak. Derrigortasun indizeak euskara nahitaezkoa den lanpostuen kopurua izaten segitzen du: egungo sistemaren ardatzetako bat. Hori kalkulatzeko erari eutsi zion, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta. Dekretu honekin ere, halaber, hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa ez denean merezimendu gisa baloratzen da, aurretik egin ohi zen proportzio berean. Bide berean, lehengo eran, 45 urtetik gorakoa izatea eta beste motibo batzuk salbuespenerako bide dira orain ere, baldin eta langileek hala nahi badute.