Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta, Pizkundea ekitaldia egingo dute bihar Bilbon, Bilbo Arenan, 17:00etan —ateak 16:00etan zabalduko dituzte—. Kontseiluak bertara joateko azken deia egin du gaur, «euskararen beste pizkunde baten aldeko txinparta bilakatu dadin. Sarrerak oraindik erosgai daude www.pizkundea.eus webgunean.Â
Babes zabala izan du euskararen aldeko ekinaldiak. Antolatzaileen arabera, ordezkaritza politiko, sindikal eta sozial «zabala» izango da bertan. Esaterako, ehundik gora norbanakok izenpetu dute ekitaldiaren kari atera duten Euskaltzaleon garaia da adierazpena. Eusko Jaurlaritzak ere adierazi dio sostengua: bertan izango da Ibone Bengoetxea, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.Â
Hiru arrazoi nagusi
Euskalgintzaren Kontseiluaren irudiko, badago bihar Bilbora joateko arrazoirik. Hiru nagusiki. Bat: «Euskaltzaletasunaren indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea». Bi: «Euskararen normalizazioa eta biziberritzea gizarte guztiaren ardura dela adieraztea». Eta hiru: «Hizkuntza politiketan premiazkoa den jauzia bultzatzea». Hiru arrazoi horiei, gainera, beste bat erantsi zaie, Kontseiluaren esanetan: azken asteetan epaitegietan euskararen kontra izan diren mugimenduak.
Ekitaldiaren inguruko bestelako xehetasunak ere eman dituzte. Nabarmendu dute «aldarrikapenez betetakoa» izango dela eta kulturgileen ekarpenen bidez josiko dutela. Euskalgintzako ordezkariek ez ezik, egitasmoan parte hartuko dute, besteak beste, Ramon Agirre, Itziar Ituño eta Edurne Azkarate aktoreek; Gorka Urbizu, Joseba Tapia eta Amets Aranguren musikariek; eta Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariek. Gainera, berrehundik gora boluntario eta langile arituko dira antolaketa eta segurtasun lanetan.
Bertaratu nahi duen orok oraindik badu aukera. Sarrerak online eros daitezke, eta bihar ere leihatiletan eskuratu ahal izango dira, lekuak amaitu arte. Kontseiluak esan duenez, lortutako diru guztia artisten lana eta ekitaldiaren gastuen parte bat ordaintzeko izango da.Â
Etxegarai, euskarazko lehen liburua Euskal Herrian uzteko eskean
Abenduaren 3an, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eserialdia egin zuen Baionako Euskal Museoan, Linguae Vasconum Primitiae, ezagutzen den euskarazko lehen liburua, Euskal Herrian gera dadila eskatzeko. Eserialdia amaitzearen trukean, Jean Rene Etxegarai Baionako alkateak eta Yves Ugalde museoaren lehendakariak agindu zieten bilera bat eskatuko zutela Frantziako ordezkariekin. «Emandako hitza bete, eta astelehenean, abenduaren 22an, izan dugu bilera. Bertan izan gara EHEko kideak, Etxegarai, Ugalde, eta Frantziako Estatuko ordezkari gisa, Akitania Berria eskualdeko DRACeko zuzendari Maylis Descazeaux-Roques», azaldu du EHEk. Bilera hartan, Etxegaraik esan zuen badutela leku bat liburua Euskal Herrian behar bezalako baldintzetan gordetzeko: Baionako liburutegia. Horrenbestez, Frantziako Kultura ministroari gutun bat igorri dio, «liburua Euskal Herrian egoteko aukera aztertzeko engaiamendua hartzea eskatuz». Descazeaux-Roquesek, berriz, zera adierazi du: «ahaleginak» egingo dituela Frantziako Liburutegi Nazionalak lanketa bat abia dezan Linguae Vasconum Primitiae liburua Euskal Herrira ekartzea aztertzeko.Â