Euskara larrialdian dago. Euskalgintzaren Kontseilua aspalditxoan ari da ohartarazten. Eta larrialditik indarraldira egiteko, beste pizkunde baten beharra aldarrikatzen du. Pizkunde horren txinparta pizteko, milaka euskaltzale bildu asmo dituzte Bilbon larunbatean: Pizkundea ekitaldia izango da Bilbao Arenan, 17:00etan —ateak 16:00etan irekiko dituzte—. Sarrerak oraindik erosgai daude www.pizkundea.eus webgunean.
Ikusi gehiago
Zenbait artistak hauspotuko dute Pizkundearen txinparta hori. Oholtzan izango dira, besteak beste, Itziar Ituño aktorea, Gorka Urbizu musikaria... Beste zenbait pertsona nabarmenek ere adierazi diote babesa: ehundik gora norbanakok izenpetu dute ekitaldiaren kari atera duten Euskaltzaleon garaia da adierazpena, tartean Ane Labaka bertsolaria, Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa, Eneko Bidegain idazle eta irakaslea, eta Lorea Agirre Jakin-en zuzendaria.
Laurek bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte larunbatean Bilbon egoteko arrazoiak. Egoeraren argazkia egin dute lehenengo. Agirreren esanetan, euskararen biziberritzearen aldeko aldarria egin beharra dago, «noiz eta larrialdi handi batean sartzen ari den garai hauetan». Horren erakusgarri, nabarmendu du datu demolinguistikoek erakusten dutela euskararen egoera «gero eta okerragoa» dela, eta kezka eragiten dio azkenaldian faxismoa eta eskuin muturra nola indartu diren ikusteak, baita gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoak «uniformizazioa» bultzatzeko duen joerak ere.
Beren-beregi Ipar Euskal Herriko egoeraz mintzo da Bidegain: «Ipar Euskal Herrian, euskara ez da ofiziala, ez du ia baliabiderik, eta uste dut hori gogor salatu behar dela, eta zerbait egin». Azken batean, Euskal Herriaren luze-zabalean euskaldunei izateko eskubidea bera ere erauzi nahi dietela. Agirretxe: «Euskaraz sentitzen dugu, euskaraz pentsatzen dugu, eta izate hori ukatu nahi digute, bizitzea eta amestea».
«Euskaraz sentitzen eta pentsatzen dugu, eta izate hori ukatu nahi digute, bizitzea
JOXE MARI AGIRRETXE Pailazoa
eta amestea»
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala ere ageriko da. Euskalgintzaren Kontseiluak berak berriki esana du epaitegiek bi urte eskasean ehun sententzia baino gehiago eman dituztela euskararen normalizazioaren kontra. Labakak bat egin du: «Badakigu zer egoera dugun, oldarraldia deitzen dioguna. Gero eta epai gehiago daude, eta egoera gero eta larriagoa iruditzen zait».
Oldarraldia, baina, judizialaz haragokoa dela nabarmendu du Agirretxek: «Frantziako Estatuak eta Espainiako Estatuak, beren botere politikoarekin, judizialarekin —egun dauden epai guztiekin—eta komunikabideekin, ezerezean utzi nahi gaituzte, mendeko eta bigarren mailako gure herrian bertan».
Bidegainen irudiko ere, erabaki judizialak baino askoz sakonagoa da egoera: «Badago euskararen aurkako diskurtso bat, indartzen ari dena eta konplexuak galduta dauzkana; aditzera ematen dute euskara dakiena herri honetan pribilegiatu bat dela, ia-ia zapaltzaile bat dela, euskara inposatzen dela. Eta horiek guztiak gezurrak dira, zeren euskara ez dago indarrez, ez du botererik; zenbait postutarako euskara eskatzeak ez du erran nahi euskara hegemonikoa denik eguneroko bizitzan, lan munduan eta gainerakoetan. Eta, dudarik gabe, inposatzen diren hizkuntzak espainiera eta frantsesa dira, ez euskara».
«Dudarik gabe, inposatzen diren hizkuntzak espainiera eta frantsesa dira, ez euskara»
ENEKO BIDEGAIN Idazlea eta irakaslea
Euskaltzaleen garaia
Euskaltzaleen garaia dela aldarrikatuko du Euskalgintzaren Kontseiluak larunbatean. Labaka: «Mugarri bat izango da, balioko du hemen gaude esateko eta elkartzeko». Hemen gaude hitzak darabiltza Agirrek ere: «Biziberritze prozesuari indar bat emateko izango da, hemen gaude esateko: hemen gaude euskararen alde, eta euskara da dugun tresna herri berdinzale, justu eta bizigarri bat egiteko».
«[Pizkundea ekitaldia] Biziberritze prozesuari indar bat emateko izango da, ‘hemen gaude’ esateko»
LOREA AGIRRE Jakin-en zuzendaria
Agirrek eta Labakak bezala, erantzuteko beharra nabarmendu du Agirretxek ere: «Beharrezkoa da pertsona moduan eta herri moduan erreakzionatzea eta eragiteko gure gaitasuna aktibatzea, gure nortasunari, bizitzari, amesteko gaitasunari, zoriontasunari eta irriari eusteko». Eta horrenbestez, garrantzitsua iruditzen zaio Bilbon egotea: «Ezinbestekoa zaigu erreakzionatzea eta eragitea, pertsona eta herri bezala. Bilbon hau sentituko dugu: komunitate bat elkarrekin gaudela eta elkarrekin bizi eta amestu nahi dugula. Garrantzitsua da hori sentitzea, eta, hortik aurrera, ekitea, bakoitzak beretik eta denok batera».
Gainera, ekitaldian kulturari aparteko protagonismoa ematea goratu du Labakak: «Nik, euskaldun bezala, asko sinesten dut kantuak badaukala zerbait asko dezakeena, indar handia ematen digula. Elkarrekin egoteak, elkar igurzteak eta elkarrekin kantatzeak emango digu momentu honetan hainbeste behar dugun indarra eta hauspoa, garaiak ez dira-eta errazenak».
Aurrera begira
Eta larunbatetik aurrera, zer? Kontseiluak dio euskararen etorkizuna jokoan dagoela eta garaia dela euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko. Hala dio Bidegainek: «Uste dut euskarak indarraldian sartu behar duela, eta berriz ere lehen lerroan jarri euskaltzaletasuna».
Agirretxeren irudiko, euskaldunek behin eta berriro frogatzen dute badutela «borondate irmoa» euskaraz bizitzeko. Baina: «gure borondateaz harago, baldintzak behar ditugu: baldintza politikoak, judizialak... Arrainak ura behar duen bezala, euskaldunok ekosistema bat behar dugu, normaltasunez bizi ahal izateko; hori da ukatu nahi zaiguna. Horregatik, ekiteko garaia da, eta berreskuratzekoa bizitzeko behar dugun ura, haizea eta lurra». Eta zera gogorarazi du Agirrek: «Euskara ez da hiztun batzuen apeta edo kapritxoa, baizik eta Euskal Herrian eskubide sozialak eta demokrazia jokatzen den eremu bat».
Horretarako guztirako, hizkuntza politika sendoagoak beharko dira, Labakak dioenez: «Euskararen alde egitea bada hautu pertsonal-politiko bat, baina, hortik harago, askotan esan dugu nolako beharra daukagun benetako euskararen aldeko politikak exijitzeko. Uste dut biek dutela balioa: bakoitzaren ekiteak bai, baina benetan exijitu behar dugu behingoz errotiko politika batzuk egin ditzatela». Halaxe uste du Kontseiluak berak ere, adierazpenean jaso dutenez: «Jauzi bat egin behar da euskararen aldeko politika publikoetan egungo erronkei aurre egiteko. Hizkuntza politika anbiziotsu eta sendoak behar ditugu».
«Benetan exijitu behar dugu behingoz errotiko politika batzuk egin ditzatela [euskararen alde]»
ANE LABAKA Bertsolaria