Euskalgintzaz «kexu», Lasserrek berretsi du ez duela EEPren aitzinkontua igoko

Atzo arratsean Euskal Konfederazioak deitutako elkarretaratzean izandako hitzaldiak salatu ditu, eta argudiatu departamenduak zerikusirik ez duela Frantziako Estatuak iragarritako emendaketa eskasarekin.

Jean-Jacques Lasserre, arratsaldean egin duen prentsaurrekoan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Baionako egoitzan. GUILLAUME FAUVEAU
Jean-Jacques Lasserre, arratsaldean egin duen prentsaurrekoan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Baionako egoitzan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko uztailaren 8a
17:15
Entzun 00:00:0000:00:00

«Uste dut bozeramaileen jokabideak suntsitzaileak izan direla harreman sozialerako», bota du Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakariak, atzo arratsean departamenduaren Baionako egoitzaren aitzinean Euskal Konfederazioak deitutako elkarretaratzearen harira. Konfederazioak EEP Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontuaren inguruan sortu den egoera salatu zuen Euskarari trufarik ez lelopean. Lasserreri ez zaizkio bardako hitzaldiak gustatu, eta, batez ere, gogora ekarri ditu egindako akusazioak: konfederazioak galdetu zuen Maider Behotegik ordezkatzen duen Pirinio Atlantikoetako Departamenduak izan duen jokaera argitzeko, eta «jukutriarik» izan bada kargua utzi dezala.

Prentsaurrekoa fite antolatu du Lasserrek biharamunerako, eta segidan argitu nahi izan du: «Faltsua da erratea Frantziako Estatuaren erabakia [departamendutik] bultzatu dugula». Hain zuzen ere, Frantziako Estatuak duela bi aste jakinarazi zuen 100.000 euro baino ez dizkiola gehituko EEPren aurrekontuari; azken egunetan, Lasserreren itzala aipatu du batek baino gehiagok, erranez Parisen presio egiten aritu dela emendatzerik izan ez zedin. Hori seinalatu zuen konfederazioak atzo.

«Faltsua da erratea Frantziako Estatuaren erabakia [departamendutik] bultzatu dugula»

JEAN-JACQUES LASSERREPirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakaria

Departamenduari dagokionez, errana zuten deus ez zutela gehituko, eta erabakia berretsi du Lasserrek arratsaldean. «2025eko [departamenduko] aurrekontua ezin dugu sakrifikatu», azaldu du, Frantziako arazo ekonomikoei erreferentzia eginez; hainbat elkarteri mozketak egin dizkiotela, eta euskararen aurrekontua «santutu» dutela, den bezala egon dadin.

Afera da EEP blokeo egoeran dagoela azken urtean, euskararen «larritasun» egoeraren aitzinean diru eskasian. Euskalgintzako eragileek behin eta berriz geldegin izan diete EEP osatzen duten lau entitateei —Frantziako Estatuari, Akitania Berriko eskualdeari, Pirinio Atlantikoetako Departamenduari eta Euskal Hirigune Elkargoari—, emenda zezaten aurrekontuari egiten dioten ekarpena. Zehazki, bakoitzak 650.000 euro gehiago eman beharko lituzke, euskararen biziraute planerako EEPk berak beharrezkotzat aurreikusi dituen 2,6 milioi euroetara iristeko.

Euskal Elkargoak diru hori ezarriko duela esan zuen joan den urtean, eta Akitania Berriak, aldiz, 100.000 euroz iraganen duela jakinarazi zuen. Frantziako Estatuaren erantzunaren esperoan ziren, eta hark ere 100.000 euroko emendatzea proposatu zuen, espero zena baino anitzez ere gutxiago. Elkargoak biharamunean erantzun zuen, ultimatuma emanez: mehatxu egin zuten, «baldintza hauetan» uko eginen diotela EEP osatzen duen hitzarmena izenpetzeari. Horregatik dago, hain zuzen, EEPren etorkizuna kolokan: hitzarmena urte hondarrera arte doa, eta baliteke erakundeak aitzina ez egitea 2026an.

Elkargoari buru

«Partaideei errespetua» galdegin die Lasserrek, Euskal Elkargoari erreferentzia eginez, bereziki. Izan ere, elkargoak erran zuelarik «baldintza hauetan» ez dutela EEPren hitzarmena berrituko, dei egin zien erakundearen beste entitateei hark bezala egiteko, eta 650.000 euro gehigarriak jartzeko. Hori ere ez zaio gustatu Lasserreri.

«Halako jokabideak [bezperako elkarretaratzeko hitzaldiak] Euskal Herriko bakearen suntsitzaile dira»

JEAN-JACQUES LASSERREPirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakaria

Orokorkiago, behin eta berriz errepikatu du «biziki atxikia» dela «hizkuntzaren defentsari», baina «penatua» dela hizkuntzaren gaia, hain zuzen, «instrumentalizatua» delako. Urrunago ere joan da, zehazturik bere hitzak «zorrozki hautatzen eta asumitzen» dituela: «Halako jokabideak [bezperako elkarretaratzeko hitz hartzeak] Euskal Herriko bakearen suntsitzaile dira». Eta Maider Behoteki EEPko lehendakariarekiko dituen «estimua eta konfiantza» azpimarratu nahi izan ditu, baita Behotegik «euskararekiko duen engaiamendua» segurtatu ere.

EEPren egoerari buruz, adierazi du «sekula» ez dutela «euskal kulturaren sostengua geldituko», baina, halere, galdekatu du erakundea tresna egokia gertatuko ote den etorkizunean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.