Euskaltegietan ikasten ari diren helduen kopurua %32 igo da urtebetean Nafarroan

2024-2025eko ikasturtean 4.127 pertsona ari ziren euskaltegiren batean matrikulatuta, eta oraingoan 5.443 ikasle. A1 edo oinarrizko mailan agerikoagoa da igoera: %54koa izan baita.

(ID_5418935) AEK-KO EUSKALTEGIA GARRALDAN
Ikasleak AEK-ko euskaltegi batean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
kristina martin
2026ko urtarrilaren 10a
20:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako euskaltegiek —publikoek eta gizarte ekimenekoek— 5.443 ikasle dituzte ikasturte honetan, duela urtebete baino %32 gehiago. Nabarmentzekoa da A1 mailak, hau da, oinarrizkoak izan duen gorakada, iaz baino %54 ikasle gehiago matrikulatu baitira.

Nafarroako Gobernuak eman ditu matrikulazioaren behin betiko datuak. Euskara arloko sailak azpimarratu du gobernuak helduen euskalduntzearen aldeko apustuari eusten diola, «hiztunen berreskurapenaren lerroetako bat delako». Estrategia horren barruan dago, halaber, haurrak hezkuntzako D ereduaren bidez euskalduntzeko politika. Nastat Nafarroako estatistika institutuaren datuen arabera, herrialde horretan hiru urtetik gorako biztanleen %26,7k dute «euskararen ezagutzaren bat», 170.000 lagunek, alegia.

Datu zehatzak eman dituzte. 2025-2026ko ikasturtean, aurrekoan baino %32 ikasle gehiago matrikulatu dira euskaltegiren batean. 2024-2025ekoan 4.127 ikasle zeuden, eta oraingoan 5.443 daude. Oinarrizko mailan agerikoagoa da igoera hori, %54koa baita. Ohartarazi dutenez, A1 mailako matrikulazioaren «gorakada nabarmen hori» Nafarroako eskualde guztietan nabaritu da, eta bereziki beste erkidegoetatik eta herrialdeetatik datozen herritarrak dira euskara ikastea erabakitzen dutenak. Uste d ute Euskarabideak maila horretan doakotasunaren alde egindako urratsak eragina izan duela matrikulazio datuetan.

Nafarroako Gobernuak berretsi du asmoa daukala doakotasuna beste maila guztietara zabaltzeko. Horretarako, Euskarabidearen aurrekontuak indartu dituzte 2026an: hain zuzen ere, iaz 560.000 euro jarri zituzten horretarako, eta aurten, berriz, 968.000 euro gorde. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.