Euskara elkar ulertzeko zubia dela aldarrikatu dute Nafarroa luze-zabalean

Iparraldetik hegoaldera, lurraldeko hogei zubitan elkartu dira ehunka euskaltzale, eta euskararen kontrako gorrotoa indargabetzeko deia egin dute. Etorkizunean gizartearen kohesiorako eta elkar ulertzeko euskara funtsezko osagaia dela azaldu dute.

Iruñerriko euskaltzaleak Magdalenako zubian, eguerdian. JAGOBA MANTEROLA
Iruñerriko euskaltzaleak Magdalenako zubian, eguerdian. JAGOBA MANTEROLA
joxerra senar
2025eko maiatzaren 10a
14:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Zubiak oharkabean igaro ohi dira maiz. Hor daude. Bi ibaiertz elkartzeko soilik balio dutela ematen du. Alta, horregatik dira funtsezkoak, eta, horren ondorioz, estrategikoa izaten da gerrateetan zubiak hartzea edo birrintzea. Nafarroan, orotariko zubiak daude. Harrizkoak, metalezkoak, egurrezkoak, erromatarrek eraikitakoak, Erdi Arokoak, modernoagoak, errepidea gurutzatzekoak... Bada beste zubi bat, ikusten ez dena, baina komunikatzeko eta elkar ulertzeko balio handia duena: euskara. Horregatik, gaur goizean Nafarroako zubi ugari bete dituzte milaka herritarrek, Sorionekuak mugimenduak deituta: Iruñerrian, Aranguren ibarrean, Bortzirietan, Leitza aldean, Lizarran, Tafallan, Mendabian, Larragan, Berbintzanan, Esteribarren, Sakanan, Ultzaman, Zizur Nagusian, Agoitzen, Aezkoan...

Zubi horietako bat da Magdalenakoa. Arga ibaia Iruñerrian barrena zeharkatzean, bi ertzak batzen dituen zubirik ederrenetakoa da, Miluzekoarekin batera. Eguerdian, han batu dira Iruñerriko euskaltzale asko. Guztiak aterkiekin eta euritakoekin, hodeiei begira. Zeru gris eta iluna zeharkatu du koartza batek, hegaldi dotorean. Segidan, bazterrotan ezohikoagoak diren bi kaio ere ikusi dira, apika kostaldeko euriteetatik ihesi. Izan ere, eguraldi txarrak baldintzatu du eguna. Sorionekuak mugimenduak arratsaldean manifestaziora zuen deituta, eta euria erruz botako zuela iragarrita zegoenez, bertan behera utzi du.

XII. mendeko Magdalenako zubi erromanikoa historikoki Donejakue bidea egiten duten erromes ugarik zeharkatu dute. Baita gaur ere. Despistaturik, harriturik begiratu diote zubi gainean elkartu den jende multzoari. Handik barna zebiltzan iruindar batzuk ere ustekabean harrapatu ditu. 12:00etan, Sorionekuak  zioen kartel handia eskegi dute zubian, eta atzean beste kartel handi bat irakur zitekeen: Ireki ateak euskarari.

Euskara, zubi

Argazkia aterata, Asier Biurrun Sorionekuak mugimenduko kideak komunikatu bat irakurri du. «Garai nahasi hauetan beharrezkoak ditugu zubiak. Magdalenakoa bezalakoa, irmoa, sendoa, uraren erasoei aurre egiten diena, 75 urte hauetan Txantreako auzokideen artean eraiki direnak bezalakoa», hasi da esanez. Azpimarratu du jarraian «herri eta euskaldun bezala ere» beharrezko direla zubiak, «elkar ulertu eta maitatzeko, eraiki eta lantzeko, zailtasunak gainditzeko eta aurrera egiteko». 

Hori aintzat hartuta, konpromiso bat aitortu du. Etorkizunera begira ere zubiak eraiki nahi dituztela. «Geure burua babestu baino gehiago, geure burua eraiki nahi dugu, euskaratik, euskaraz, euskararekin, euskararantz». Hain zuzen ere, euskara duelako ardatz aldarrikapenak eta lehengai horrekin eraiki nahi dutelako kohesioaren zubia. Hura gabe ezin delako ulertu Nafarroa, hura delako nortasunaren kareharri. «Bidea urratu eta hizkuntza bultzatu, arraroa bailitzateke euskararik gabe Nafarroa. Etorkizunean Nafarroa izaten jarraitzeko, beharrezko duelako eta dugulako euskara. Euskararik gabe ez baitago Nafarroarik», aldarrikatu du Biurrunek.

«Arraroa litzateke euskararik gabe Nafarroa. Etorkizunean Nafarroa izaten jarraitzeko, beharrezko duelako eta dugulako euskara. Euskararik gabe ez baitago Nafarroarik». 

ASIER BIURRUNSorionekuak mugimenduko kidea

Sorionekuak mugimenduak azpimarratu du euskarak baduela berezko beste balio bat, hizkuntzaren inguruan eraikitako kulturak balioesten duena: «Sinetsita gaude mundua sutan ari den honetan, gurea elkar ulertzeko, elkar ezagutzeko eta elkar errespetatzeko lurraldea dela». Uste dute, alabaina, haren formulazioa ezin dela abiatu ukaziotik, ez eskubideena ez eta herritarrena ere. «Konbentzituta gaude euskaldunon hizkuntza, kultura eta eskubideak bultzatu behar direla. Baita batez ere gure hizkuntza eta harekiko harremana normalizatzea da etorkizuneko jendarte horren zutabeetako bat», nabarmendu du.

Badirelako Nafarroan euskara zubi baino gehiago lubaki bat dela uste dutenak, eta uste horrek kalte handia egiten dutela iritzi diote. «Euskararekiko gorrotoa indargabetu beharra dago», azaldu du irmo Biurrunek. Horretarako, sinetsita dago euskarari zaion beldurra indargabetu beharra dagoela eta haren ezagutza bultzatu. «Eta hausnartu dagoeneko hitzak, izenak eta esamoldeak erabiltzen ditugula», gaineratu du.

Euskararekiko herra hori ahultzeko, herritarren lana garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa eragileena. Horregatik, mobilizazio eguna baliatu nahi izan dute alderdiei, sindikatuei eta era guztietako eragileei gogorarazteko haiei dagokiela euskararen zubia trinkotzeko egin beharra: «Gauden tokitik eragiten dugunean sortzen den indar handi horretan sinesten dugu. Gure uste irmoa da euskara zuen arteko zubi ere bihurtu behar duzuela».  

Eskualdeetan, irudi gehiago

Iruñerrikoa adibide bat baino ez da izan. Iparraldetik hegoaldera, Nafarroan zehar diren zubi askotan izan dira herritarrak. Eskualde bakoitzak bere dinamika eta estilo propioa ezarri du. Guztiek mezu bera aldarrikatzeko. X sare sozialean zabaldu ditu argazkietako batzuk Sorionekuak mugimenduak. Adibide ugari daude. 

Eguraldiak ez du lagundu, jakina. Baina ez da oztopo izan ere. 17:30ean Iruñeko Trinitarioetan elkartu nahi zuten, eta ezohiko ibilbidetik manifestazio jendetsua egin. Hori bertan behera geratu bada ere, sare sozialetan mezu bat zabalduko da, eta hura zabaltzeko eta hauspotzeko deia egin diete herritarrei.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.