Sorionekuak mugimenduak bertan behar utzi du bihar arratsaldeko mobilizazioa, eguraldi txarragatik

Goizean herrietan zubiak hartzeko egingo diren jardueratan parte hartzera deitu du. Arratsaldean sare sozialetan zabalduko dute manifestazioko agiria, eta hura zabaltzeko deia egin du.

Sorionekuak mugimenduko ordezkariak, apirilaren 11n, biharko mobilizazioaren berri ematen. AITOR KARASATORRE / FOKU
Sorionekuak mugimenduko ordezkariak, apirilaren 11n, biharko mobilizazioaren berri ematen. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
2025eko maiatzaren 9a
10:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Sorionekuak mugimenduak duela hiru hilabete aurreratutako deialdia hankaz gora jarri du eguraldi txarrak. Aemet meteorologia zentroak bihar arratsalderako aurreikusi du ekaitz bortitza egingo duela Iruñean. Sorioneku mugimenduak, Ireki ateak euskarari lelopean, manifestazioa zuen iragarria 17:30erako, Iruñeko Trinitarioetan, baina, Aemetek ordu horretan metro karratuko 11 litro euri bota dezakeela iragarri duenez, mugimenduak bertan behera utzi du arratsaldeko mobilizazioa.

Tristuraz hartu behar izan dute erabakia. «Atsekabe osoz adierazi nahi dugu arratsaldeko egitaraua eta herri mobilizazioa bertan behera uztera behartuak gaudela. Ekaitzak ez zigun utziko behar bezainbeste gozatzen egitarauaz eta euskararendako, euskaraz eta euskaragatik sortu nahi genuen momentu goxoaz», argudiatu dute. Dena den, umore ona ez zaie falta izan albistea emateko orduan. «Ireki ateak euskarari. Ateak! Ez aterkiak», esan dute, euren leloari aipamen eginez.

Horrek ez du esan nahi inondik ere gainerako deialdiak bertan behera geratuko direla. Euskarari zubiak eraikitzeko mezua azpimarratu nahirik, goizean herrietako zubiak betetzeko deialdiarekin bat egiteko eskatu dute, irmo. «Euskara etorkizunerako zubi dela aldarrikatuz Nafarroako zubiak hartzera. Bete ditzagun zubiak!». Duela hilabete iragarri zuten hogei bat eskualdek gutxienez bat egin zutela zubiak betetzeko deialdiarekin.

Gainera, manifestazioa egin behar zen ordu berean ahalik eta sare sozial gehienetan bertako mezu nagusia zabaltzera deitu dute. «Goazen, kanpoan ekaitza egin bitartean, gure etxeko goxotasunetik euskara zabaldu, mundura erakutsi eta hemen gaudela aldarrikatzera».

Goizeko mobilizazioak

Goizeko mobilizazioen berri sare sozialetan zabaldu dute. Herri bakoitzak bere dinamika eta egitaraua izango du. Hona adibide batzuk.

Leitzan, 11:00etan egingo dute ekitaldia, Zazpizubietan. 09:15ean aterako dira herritik; eta Berastegitik (Gipuzkoa) 10:15ean. Larraunen, 12:00etan egingo dute ekitaldia, Arruizko Beltzuntze zubian. Arangurengo ibarrean, Mutiloatik barna kalejira egin, eta 13:30ean egingo dute talde argazkia, herriko zubian. Bortzirietan, Lesakako Bereauko zubi zaharrean elkartuko dira, 12:00etan. Zangozan, 13:00etan elkartuko dira herriko zubian, eta ordubete lehenago Batasuna elkartean.

Basaburua ibarrean, Pasaderetako zubian batuko dira, eta musika izango da nagusi. Lizarran, 13:00etan bilduko dira, kartzelako zubian. Tafallan, berriz, 12:30ean egingo dute, Atari Berriko zubian. Esteribarren, 12:30ean bilduko dira, Larrasoañako zubian. Irunberrin, 12:30ean batuko dira, Foruen plazan, Ahuntzen zubira joateko. Izarbeibarren, 11:30ean batuko dira, Garesko zubian. Aezkoan, berriz, 12:00etan, Aribeko zubian. 12:00etan beste elkargune bat izango dute, San Martin Unx eta Uxue arteko zubian.

11:00etan elkartuko dira Agoizko zubian. Latasan, 12:00etan, herriko zubian. Mendabian 13:00etan, herriko zubi handian. Zizur Nagusian, kalejira egingo dute zubi gorriraino, eta 12:00etan egingo dute talde argazkia. Ultzaman, Xenoxeko xenden zubian batuko dira, 12:00etan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.