Jaurlaritzak ez du baztertu euskara eskakizunen auzia dekretuz ebaztea baldin eta ez badago horren inguruko akordiorik

Bengoetxeak esan du «adostasun zabalik» lortu ezean «desadostasun gutxien dituen bidea» hartu beharko litzatekeela.

Ibone Bengoetxea hizketan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ibone Bengoetxea hizketan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko ekainaren 5a
15:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Enplegu Publikoaren erreformaren eztabaidak aurrera jarraitzen du Eusko Legebiltzarrean; EAJk eta EH Bilduk hizkuntza eskakizunen inguruko proposamen bana egina dute, bakoitzak bere aldetik, eta auziak gatazka eragin zuen Eusko Jaurlaritzako bazkideen artean —EAJ eta PSE-EE—. Hain justu, negoziazioetan hilabeteak egin zituzten bi talde politikoek, baina ez zuten gaiaren gaineko akordiorik lortu. Gaur auzia mintzagai izan du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskadi Irratian.

Haren esanetan, euskarak «adostasun zabalenak» behar ditu, «baita lege honetan ere». Eta «adostasun zabalik» lortu ezean, «desadostasun gutxien dituen bidea» hartzea hobetsi du Bengoetxeak. Kazetariak galdetu dio akordiorik ez badago ea zer gertatuko den: «Legea ez bada onartzen, sail moduan, berriro lidergoa hartuko dut, legebiltzarra alde batera utzita». Kazetariak berriro galdetu dio: «Horrek esan nahi du Jaurlaritzak dekretu bat atera dezakeela bere kabuz?». Eta Bengoetxeak erantzun: «Jaurlaritza gai da dekretuak ateratzeko, moldatzeko».

Auziak EAJren eta PSE-EEren artean sortu duen desadostasunaz ere aritu da. Nabarmendu du bi alderdiek gobernu «sendoa eta fidagarria» osatzen dutela, nahiz eta desadostasunak egon badauden. «Inportanteena da desadostasunak kudeatzeko gai izatea, eta uste dut gobernu honek erakutsi duela desadostasunak kudeatzeko eta herri honi aukerak emateko gai garela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE