Beste paradigma bat hizkuntza eskakizunentzat

Mahai gainean da funtzio publikoan euskararen ezagutzaren egiaztapena orokortuko duen eredu baten aldeko proposamena. Euskalgintzak jarri zuen abiaburua. Legea erreformatzea du helburu EH Bilduk.

(ID_17655485840675) (/EZEZAGUNA)
arantxa iraola
2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Deabruzkoa da egoera juridikoa. Euskararen normalizazioaren aldeko neurrien kontrako sententzia ugarien harira, ez dago argi segurtasun juridikoa zer-nola berrezar daitekeen, eta justu lehengo astean bertan jakin zen, PPk eta Voxek abiarazitako auzibideen ondorioz, kolokan dagoela orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egungo hizkuntza eskakizunen sistemaren oinarrietako bat: Euskal Enplegu Publikoaren Legea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari argitzeko hizkuntza eskakizunen esleipena ezartzen duen artikuluak Konstituzioa konplitzen duen. Zalantza handitzen ari da, beraz: amildegi bihurtzen. Halakoei murru bat jartze aldera, mahai gainean jarrita dago funtsezko aldaketa proposamen bat: funtzio publikoan jarduteko hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko orain arteko eredua iraultzea. Irizpide orokor berri bat da helburua, euskararen ezagutza hasieratik egiaztatzeko betebeharra izan dezaten langile publiko berri guztiek: administrazioan sartzerako.

Euskalgintzak jarri zuen aurrena paradigma aldaketaren beharra mahai gainean, eta EH Bilduk haren lorratzari segika ondu du Eusko Legebiltzarrera eraman duen erreforma proposamena. EAJk ere erregistratua du aldaketa proposamen bat. Biek ere Euskal Enplegu Publikoan egin nahi dute erreforma, hain justu, oraintxe EAEko Auzitegi Nagusiak Konstituzionalaren fokupean jarri nahi duen legean.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Telesforo Monzon Gogoeta Guneak paradigma berri hori lehenengoz mahai gainean jarri zuten 2024ko martxoan, Iñigo Urrutia juristak ondutako txosten baten bidez. «Azkenean, guk estrategia hori artikulatu batera pasatu dugu, eta txostenean ez zeuden beste gauza batzuk ere sartu ditugu», azaldu du EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak. Erreformaren defentsa egiten ari da Eusko Legebiltzarrean. Gogora ekarri du zein den aldaketaren funtsa: «Sarbidean bi hizkuntzak eskatzea. Uste dugu horrek emango duela segurtasuna». Euskara gaztelaniaren pare jartzeak. Izan ere, aztertu dituzte lan deialdi publikoak atzera botatzeko urteotan ebatzi diren sententziak, eta ikusi dute horietako askotan «neurrigabetasuna» dagoela interpretatu dutela epaileek: alegia, argudiatu dute euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharra ezarri dela lanpostu «gehiegitan», eta, ondorioz, enplegu publikorako sarbidea «urratzen» zaiela hainbat herritarri. «Eta legez zuk artikulatu batean esaten baduzu sarbidean bi hizkuntzak eskatu behar direla, epaileak ja hori ezin du interpretatu».

«Legez zuk artikulatu batean esaten baduzu sarbidean bi hizkuntzak eskatu behar direla, epaileak ja hori ezin du interpretatu»

JOSU AZTIRIA EH Bilduko legebiltzarkidea

Ezinbestekoa iruditzen zaio erreforma Aztiriari. «Legea bera garbia izango da, eta ez du interpretazioetarako aukerarik emango». Eta erreforma horren alde egiteko beste argudio juridiko sendo bat ere badute EH Bildun: «Kataluniako eta Galiziako ereduetatik edaten du». Hain justu ere, bietan sarbiderako eskakizun orokorra dira hizkuntza gutxituak, gaztelaniarekin batera. Euskal Herrian, aldiz, bestelakoa da egoera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dago, batez ere, zabalduta administrazio publikorako hizkuntza eskakizunen sistema: udaletan, foru erakundeetan, Jaurlaritzan eta haren mendeko erakundeetan eskatzen dira. Legez, euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizun bat ezarria dute funtzio publikoko lanpostu guztiek. Apalenetik jasoenera, hauek dira: B1, B2, C1 eta C2. Eta eskakizun asimetrikoak ere badira gaur egun.

Derrigortasunaren inguruan

Egun, lanpostu publikoak lortzeko ez da derrigorrezkoa eskakizun horiek beti egiaztatuta edukitzea. Derrigortasun indizea deituaren bidez zehazten dute erakundeek zenbat lanpostutan egiaztatu behar den hizkuntza eskakizuna. EAJk Eusko Legebiltzarrera eraman duen erreforma proposamenean argudiatu du indize hori kendu egin behar dela, eta horrek bidea emango duela hizkuntza eskakizunen kontrako epai gehiago ez izateko, eta administrazio bakoitzak bere bide propioa landu ahal izateko euskararen normalizazioan. Zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren legean 11. artikuluari paragrafo bat gehitzea da jeltzaleen proposamena, eta hor jasotzea hizkuntza eskakizunetan «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez dela aplikatuko. BERRIAk hitza eman die erreportaje honetan beren ekarpena egiteko EAJko kideei, baina adierazi dute oraindik ez direla amaitu lege erreformen gainean adituak eta eragileak Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren hitzaldiak, «negoziazioetan» ari direla, eta, horiek horrela, ez dutela gaiari buruzko «adierazpen publikorik» egin nahi oraindik.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasuna «orokortzea»: hori da EH Bilduren proposamenaren funtsa. Egun, gaztelaniaren ezagutza delako orokortuta dagoen bakarra, eta gaztelaniazko arta delako ondorioz, beti bermatuta dagoen bakarra. Asteon Eusko Jaurlaritzako buruzagiek propio agerraldia egin dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hizkuntza eskakizunen harira Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo izanaren kontra daudela adierazteko, eta berebiziko ahalegina egin du Ibone Bengoetxea sailburuak argi uzteko eskakizuna lanpostu denek duten arren ezagutza egiaztatzeko betebeharra ez dagoela orokortuta. «Lanpostu guztiek eskakizuna izateak ez du esan nahi denek derrigortasuna dutenik». Hain justu: horixe da egungo ereduaren muina. Derrigortasun datarik gabeko lanpostuen portzentajeak zein diren ere argitu du: administrazio orokorrean %26,5 dira; Osakidetzan, %37,2; Ertzaintzan, %46,4; eta justizia administrazioan, %67,1.

«Eskaera zehatz bat [Eusko Legebiltzarrari]: euskararen normalizazioan zoru seguru batekin aritzeko baldintzak sortu ditzala»

IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Eredu hori ez da egokia euskalgintzarentzat. Erreforma proposamenen harira, Eusko Legebiltzarrean mintzatzeko modua izan dute Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eta koordinatzaile Manex Mantxolak, eta, agerraldi horren harira, harago egin behar dela nabarmendu dute, euskalgintzak prozesuaren abiaburuan jarri zuen helburua gogoan hartuta. Euskara gutxienez gazteleraren pare jarri behar da: «Gaztelaniak duen estatus bera euskararentzat; hori da eskatzea zilegi den gutxienekoa». Bide batez, «normalizazio erreala» ere aldarrikatu dute: «Izan ere, erabat okerra da hizkuntza baten normalizazioa administrazioan hizkuntza horretan artatua izateko eskubidera mugatzen duen diskurtsoa». Eta epemugak proposatu dituzte: «Administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko baldintza sozial eta politikoak badaude».

Hain justu ere, horren gainean egindako plan bat aurkeztu zuen Kontseiluak 2022ko irailean, ELA eta LAB sindikatuekin batera. Helburu jarri zuten derrigortasun datak lanpostu guztietan aplikatzea, eta gutxienekoa B2 maila izatea. Bide horretan aurrera egite aldera, Eusko Legebiltzarrean orain esku artean duten langintzak berebiziko garrantzia duela gogoratu zuen Eskisabelek bere agerraldian, eta eskaria egin zuen: «Eskaera zehatz bat legebiltzar honi: gizarte kohesioan, justizia sozialean eta demokratizazioan aurrera egiteko bidea den euskararen normalizazioan zoru seguru batekin aritzeko baldintzak sortu ditzala».

Nola geroratu

Sakon aztertu dituzte EH Bildun Kataluniako eta Galiziako ereduak, baina aldaketaren helburua ez da haiek osorik ekartzea. «Ez da mimetikoa. Beste egoera soziolinguistiko bat daukagu, beste ezaugarri batzuk dira». Horiek horrela, proposamena «malgutze» aldera, beren ereduan indize bat proposatu dute, orain arte erabili ez den tresna bat: «Geroratze indizea». Proposamenaren sorburua izan zen testu juridikoaren aurkezpenean, Urrutiak argi utzi zuen tankera horretako tresna baten beharra: «Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza nahitaezkoa jarri nahi dugu administrazio publikoen sarbiderako, baina printzipio nagusi hori malgutzeko mekanismoak jarriz». Bada, horretarako nahi dute geroratze indizea. «Indize horren arabera, erakunde bakoitzak aukera izango du, modu justifikatu batean, eta bere plangintzaren arabera, esateko zer lanpostutan ez dituen ezarriko bi hizkuntzak. Eta pertsona bat sartuko balitz geroratze indize horren bidez euskaraz jakin gabe, epealdi bat izango luke betekizun hori izateko, lanpostuan betebehar modura jasota egongo delako», esplikatu du Aztiriak.

Langile horiei bidean laguntza emate aldera, beste erreforma bat ere proposatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek. «Sartu dugu artikulu bat esaten duena administrazioak betebeharra duela euskaraz ez dakiten langileei liberazioak eta trebakuntza plan pertsonalizatuak emateko». Eskubide hori, gainera, langile publiko guztiengana zabaldu dutela nabarmendu du Aztiriak. «Hori ere uste dut berritasun handia dela. Egun, liberazioak izateko eskubidea, batez ere, lanpostua dutenek daukate, eta interino moduan daudenentzat ez dago orokortua. Horrek sortzen du kezka, logikoa da. Guk nahi izan dugu hori ondo blindatu: hizkuntza ikasteko eta hobetzeko aukerak zabaltzea, eta eskubide gisara onartzea. Uste dut puntu hori inportantea dela proposamenean».

Aldaketa «arrazoizkoa» proposatu dutela esan du Aztiriak, eta kontra plazaratzen diren mezuen funtsik eza adierazteko arrazoibideak sendoak daudela. Harago egiteko garaia dela argudiatu du, gainera, mugitzekoa: «Beti esan izan da hizkuntza normalizazioarena bide progresiboa dela, eta bidea egiten joan behar genuela. Bada, progresiboa izan behar du beharrezkotasunak ere. Administrazioari orain dela 30 urte eskatzen genion gauza bat, eta orain beste gauza bat eska diezaiokegu, bide bat egiten ari garelako». Gogora ekarri du, gainera, proposatu duten aldaketak ez diela eragingo egun ja administrazio publikoan sartuta dauden beharginei: haiek orain arteko hizkuntza irizpideekin jarraitu ahal izango dute lanean. Aditu hainbat egon dira Eusko Legebiltzarrean erreforma proposamenak aztertzen, Euskal Herrikoak eta kanpokoak. Hizkuntza eskubideen arloan ospea duten juristak, euskalgintzako ordezkariak, sindikatuetakoak eta hizkuntza politiketako adituak mintzatu dira. Aldaketaren aldeko eta kontrako ahotsak batu dira. Beren proposamenak oniritzi handia jaso duela sentitu dute EH Bilduko kideek. «Ia denek esan dute honek eskaintzen duela babes juridikorik handiena», azaldu du Aztiriak. Hobekuntzarako ekarpenak ere egin dizkiete, eta esan du horiek aintzat hartuta testua nola findu daitekeen aztertzen ari direla orain.

Hizketarako prest

Eta negoziatzeko prest daude. Geroratze indizea zer-nola ebatzi behar den, esaterako, erreforma proposamenean ez dute zehaztu EH Bilduko kideek. Prozesuaren hasieratik adierazi dute negoziazioan findu daitekeen kontu bat dela hori. Gaur egun, esaterako, euskararen ezagutza aintzat hartuta kalkulatu ohi da derrigortasun indizea. «Orain arte kalkulua egin izan da ezagutza gehi euskara ulertzen dutenen erdiak kontuan hartuta; geroratze indizea izan daiteke indize bat horren alderantzizkoa; hau da, euskara ulertzen edo ezagutzen ez dutenen portzentajea izan daiteke geroratze indizea», azaldu du Aztiriak. Edo kalkulua egiteko beste modu batzuk ere egon daitezke. «Agian hartu behar da indize modura D ereduak daukan zabalkundea. Igual da beste modu bat». Derrigortasuna atzeratzeko modua emango duen indize hori administrazioko lanpostu guztietan erabili behar den ere ez dute argi: «Eremu batzuek, agian, geroratze indizetik kanpo geratu behar dute». Marra gorri bat argi jarri nahi dute EH Bildukoek: paradigma aldaketa ezin da baliatu atzera egiteko. «Orain dagoenak izan behar du abiapuntu; hortik gora jo behar da».

EAJrekin eta PSE-EErekin izan dituzte elkarren berri izateko bilerak. «Esan diegu ikusten ditugula elkarguneak, eta guztiontzat balekoa izan daitekeen proposamen bat lantzen ari gara. Uste dugu badaudela aukerak». Behin adituen hitzaldiak bukatuta, ikusi beharko da erreforma proposamenek zer bide egiten duten. Aurren-aurrena, urte hasierarekin batera, ikusi beharko da txosten bakar batean lantzen diren bi erreforma proposamenak, testu artikulatu bakar baten bueltan lantze aldera. Argi du Aztiriak: «Gure ustez, logikoena hori izango litzateke. Hala behar luke».

 

Auzia ulertzen laguntzeko glosario bat

INDARREAN DAUDE:

  • Hizkuntza eskakizunak. Sektore publikoan diharduten langileen euskara gaitasuna egiaztatzeko bidea dira hizkuntza eskakizunak: lanpostu bakoitza betetzeko eta horretan jarduteko euskaraz beharrezkoa den gaitasun maila egiaztatzeko tresna. Hizkuntza profila izendapena ere erabiltzen da horiek izendatzeko. Administrazio publikoan urte askoan B1, B2, C1 edo C2 profilak ezarri dira, baina eskakizun asimetrikoak ere badira egun. Euskal Autonomia Erkidegoko foru erakundeetan, Jaurlaritzan eta udaletan lanpostu guztiek dituzte hizkuntza eskakizunak, lanpostu bakoitzaren ezaugarrien eta erakundeek arloan dituzten plangintzen arabera zehaztuta.
    Nafarroan, berriz, euskara herrialde osoan ofiziala ez denez, zatikatuta daude hizkuntza eskakizunak galdegiteko irizpideak ere. Administrazioko postu gehienak eremu mistoan daude, eta postu elebidunak gutxi dira. Ofizialtasunik ez du euskarak Iparraldean; ondorioz, legez kontrakoa da lanpostuei hizkuntza eskakizunak jartzea. Badira herriko etxeetan langileak euskalduntzeko zenbait plan xume.
  • Hizkuntza eskakizun asimetrikoak. 2024an euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Jaurlaritzak onetsitako dekretuak ekarritako berritasunetako bat dira hizkuntza eskakizun asimetrikoak: irakurmena eta idazmena ez ezik, ahozko trebetasunak, alegia entzumena eta mintzamena, egiaztapen prozesuetan aintzat hartzeko bide bat ireki dute. 2024ko Jaurlaritzaren dekretuan halaxe jasota geratu ziren eskakizunak: A2B1, B1B2, B2C1, C2C1, C2C2. Izenaren lehen osagaia idatzizko trebetasunei dagokie, eta bigarrena ahozkoei.

  • Derrigortasun indizea. Euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den ehunekoa da derrigortasun indizea. Hizkuntza eskakizunak arautzeko lege esparruaren lehen garapenetan, oro har, gutxienekotzat hartzen zen ehuneko hori, eta, ikuskera horri lotuta, hortik gorako eskakizunak ezarri dituzte askotan erakundeetan. Ikuskera murriztailea nagusituz joan da gero, ordea, eta gehienez hori eska daitekeela ondorioztatu dute, esaterako, hainbat epailek. 2022tik honako hau izan da, batez ere, aldaketa. Datu soziolinguistikoak kontuan hartuta kalkulatzen da indizea, honako bi ehuneko hauek batuta, hain justu ere: erakundearen jarduera esparruan dauden euskaldunen ehunekoa gehi ia euskaldunen ehunekoaren erdia.
    Hizkuntza eskakizunen kontrako zenbait sententziak justu indize horri erreparatu diotela, eta, EAJren ustez, horregatik da garrantzitsua da indize hori kentzea, eta horretarako proposamena egin du Eusko Legebiltzarrean.
  • Derrigortasun data. Indizeak ezarritako ehunekoan sartzen diren lanpostuek derrigortasun data bat izaten dute. Eskakizuna derrigorrezkoa izaten hasten den egunetik aurrera, lanpostua eskuratzeko eta betetzeko ezinbestekoa da, berez, eskakizuna egiaztatzea.
  • Salbuespenak. Salbuespenak badira, eta horien bidez euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharrik gabe geratzen dira hainbat behargin. Jaurlaritzak arlorako onetsia duen azken dekretua 2024. urtekoa da, eta hor jasota dauden salbuespenak horren erakusgarri dira. Adina da motiboetako bat: 45 urtetik gorako langile publikoek, adibidez, ez dute euskararen ezagutza egiaztatu beharrik. Ikasketa oso apalak dituzten langileek, desgaitasunen ondorioz euskara ikasteko zailtasunak dituztenek eta ikasketetarako aparteko zailtasunak dituztela egiaztatzen dutenek ere salbuespena eskatzeko prozedurak abia ditzakete.

BERRIAK DIRA:

  • Orokortutako derrigortasuna sarbidean. EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eraman duen erreforma proposamenaren muina da. Horren arabera, lanpostu publiko guztiek izango dute ezarria euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharra.
  • Geroratze indizea. EH Bilduk bere proposamena osatze aldera mahai gainean jarri duen kontzeptua da «geroratze indizea». Indize horren bidez zehaztu nahi dute gehienez zenbat lanposturi atzeratu ahal izango zaien hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko betebeharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.