Udal eta foru hauteskundeak. Hizkuntza politika

Euskara. Hauteskunde leloez harago, auzitan

Hauteskunde kanpaina honetan, lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunei lotuta ageri da euskara, alderdi politikoen ahotan. Diskurtsoetan pisu handia dute hizkuntza eskubideen kontrako azken epaiek eta egungo legedia aldatzeko abian jarri diren prozedurek.

Protesta. Euskal Herrian Euskaraz-ek maiatzaren 13an ofizialtasunaren alde eginiko protesta, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Arantxa Iraola - Ion Orzaiz
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Eskakizunen auzian trabatuta segitzen du euskararen inguruko eztabaida politikoak. Legealdi honetan ere, hizkuntza politikari buruzko diskurtsoak garatu dira gaztelaniaren nagusitasuna defendatzen dutenek ezarritako parametroen arabera: ea administrazioko langileek ba ote duten betebeharrik euskara jakiteko; ea erakundeek gaitasuna duten eskaera horiek ezartzeko; ea zer lehenetsi behar den, elebakarrek funtzionario izateko duten eskubidea edo herritar euskaldunena, arta eta zerbitzuak beren hizkuntzan jasotzeko. Eztabaidarako esparrua hori izanda, bigarren edo hirugarren lerroan kokatu dira beste gako batzuk, hala nola helduen euskalduntzearen doakotasuna, zenbait herritan D ereduari jarritako trabak edo ofizialtasunaren aldeko aldarria.

Nafarroan, hauteskunde kanpaina honek zurian beltz utzi du, onenean, euskara «borondatezko kontua» dela alderdi batzuentzat; txarrenean, «inposizioa». UPNk bi orrialde eskaintzen dizkio euskarari 164 orrialdeko hauteskunde programan, eta, bertan, xedetzat jotzen du «transmisioa eta erabilera librea bermatzea» eta «hiztunen gaitasunak hobetzea», baina «politizatu gabe».

Hizkuntzaren «despolitizazio» hori nola ulertzen duen hurrengo paragrafoan argitzen du UPNk: «Euskara zonifikazioaren arabera sustatuko dugu, euskararik ez dakitenak edo erabili nahi ez dutenak ez penalizatzeko moduan, batez ere diru laguntzak, kontratuak eta lanpostu publikoak eskuratzeko orduan».

Azken hilabeteetan, gainera, «despolitizazio» horren aurrerapen bat eskaini du alderdi espainiazaleak, auzitan jarrita hainbat lanpostu publikoren hizkuntza eskakizunak. Otsailean, adibidez, UPNk «gehiegizkotzat» jo zuen Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko teknikari postu baterako euskarazko titulazioa eskatzea, argudiatuz federazioak «itzulpen zerbitzu bat» duela jada, «behar horiei erantzuteko». Iruñerriko beste hainbat lan deialdi publiko ere auzibidean jarri dituzte, argudio bertsuekin.

Ez da oso ezberdina PSNren planteamendua. Maria Txibitek bere burua kokatzen du «bi muturren erdian»: balantzaren alde batean leudeke «euskararen aurkako politikak, eskuinarenak», eta bestean, «euskara inposatu duten nazionalistak». Eta erdian, bera.

Euskara «tresna politiko» gisa erabil ez dadin proposatu du Txibitek «euskararen erabilerarako eta sustapenerako bizikidetza akordio bat» lantzea, eta gaineratu du hizkuntzaren erabilerak «aukera berdintasuna» errespetatu eta «diskriminazio egoera oro» saihestu behar dituela. Legeei dagokienez, PSNko presidentegaiak uste du egungo Euskararen Legeak «bermatu» egiten duela euskara tratatzea «eskaeraren eta errealitate soziolinguistikoaren arabera».

PSNren blokeoa

Errealitatea, baina, ez da Nafarroako lehendakariak deskribatzen duena: elebidun izateko betebeharra ezarria dago Nafarroako Gobernuko funtzionario lanpostuen %3tan soilik, eta horri buelta emateko tresna politiko gehienak trabatu ditu PSNk berak agintaldi honetan.

2019an, Uxue Barkosen gobernuak onartutako Euskararen Dekretuko puntu ugari baliogabetu zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, eta hutsune juridiko handia sortu zuen erabaki horrek: ordutik, hizkuntzak merezimendu diren ehunka lan deialditan 0 puntu eman dituzte euskara jakiteagatik. Ingelesa, frantsesa eta alemana, aldiz, herrialde osoko lehiaketetan puntuatu dituzte.

Arazo hori konpontzeko, adabaki bat aurkeztu zuen PSNren gobernuak, iaz: merezimenduen dekretua. Horren arabera, euskara meritu da eremu mistoko lan deialdi bakan batzuetan, baina eremu ez-euskaldunean gainerako hizkuntzen azpitik segitzen du. Euskalgintzak «atzerapauso onartezintzat» jo zuen araua.

Nafarroako Gobernuko departamentuetako hizkuntza planak ere onartuta daude, baina puntu garrantzitsuena airean utzi zuen PSNk: lanpostuen euskara eskakizunei dagokiona.

Bestalde, Euskararen II. Plan Estrategikoa ere blokeatu egin zuen Maria Txibiteren alderdiak, tramite guztiak gainditu eta Euskararen Nafar Kontseiluaren oniritzia jaso ostean ere. Sozialistek marra gorritzat jo zuten, besteak beste, ikastetxe eta eredu guztietan euskarazko ikasgai bat jartzeko proposamena. Jokabide horrek arrakala sakona eragin zuen Geroa Bairen eta PSNren artean.

«Oldarraldi judiziala»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoanhauteskunde hauetan euskararen gaia lotuta dago, hain handi batean, iragan hilabeteetanadministrazioek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra epaitegietatik heldu diren ebazpenekin. Hainbat erakunderen kontrakoak izan dira sententzia horiek; tartean badira hainbat udal, eta ebazpen ezagunenetariko bat izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontrakoa. Uliazpi fundazioak erakunde horren pean dihardu, eta 34 zaintzaile kontratatzeko hasitako prozesuaren kontrako ebazpena eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak martxoan, hainbat langilek abiatutako auzibideari erantzunez. Kontratazio prozesu hartan erabaki zen 32 zaintzailek euskaraz jakitea: B2 titulua eskatzen zitzaien. Epaiak «oinarrizko eskubideen» urraketa bat ikusi zuen.

Kezka handia dago gaiaren inguruan eta Kontseiluak azaroaren 4rako manifestazio batera deitu du euskara eskakizunen kontrako «oldarraldi judiziala» salatzeko. Hazten jarraituko duen susmoa dago, gainera; apirilean Bilboko Administrazioren Auzien 1. Epaitegiak ebatzitako sententzia batek, zeinean atzera botatzen baiten Erandion (Bizkaia) udaltzain jarduteko lanpostu bati ezarritako hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna, propio aipatzen dira argudio gisara Uliazpi fundazioaren aurkako ebazpenean erabilitako arrazoibideak.

Euskararen alde eta, bereziki,euskararen erabilera sustatze aldera talde politiko guztiek eman dituzten mezu orokorrez harago, epai horren eta antzekoen inguruan erakutsi duten jarreran, ikusi dira ñabardurak hauteskunde kanpainan: erakutsi nahi izan dituzte, gainera, talde politikoek, soslai berezituak erakusteko. Gipuzkoan izan dute gaia hizpide, bereziki, Uliazpi fundazioaren aurkako epaiak izan duen oihartzunarengatik. Bertako foru hautagaien erantzunak aski argigarriak izan dira talde bakoitzak non agertu nahi duen ulertzeko. Ezarritako hizkuntza eskakizunak «bete» egin behar direla adierazi du EAJko ordezkari Eider Mendozak. Ekintzaz ere erakutsi du aldundiak hizkuntza eskubideen defentsa, eta helegitea jarri du Uliazpiko eskakizunen harira eman zuten sententziaren aurka.

Egungo legediak errealitate soziolinguistikoari erantzuteko balio ez duela eta, euskararen inguruan «herri akordio bat» behar dela defendatu du EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriartek. Jakina da Eusko Jaurlaritza hizkuntza eskakizunak arautzeko dekretu berri bat ontzen ari dela, eta aldaketak ekarriko dituela, baina, harago, «herri itun» baten premia ikusten du koalizio abertzaleak.

«Lan eskubideak» hizpide

PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk bestelako mezuak helarazi dituzte, «lan eskubideen alde» ari direla nabarmendu nahi izan dute, eta sententzia horiek abiatu dituzten langileen eta sindikatuen argudioekin bat egiten dutela adierazi dute. PSE-EEko ordezkari Jose Ignacio Asensiok, adibidez, adierazi du hizkuntza eskakizunen bidez «hizkuntza eskubideak» bete behar badira ere ezin direla bide horretan «lan eskubideak zalantzan» jarri.

Antzera erantzun du Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak, Miren Etxebestek: «Badago jendea kalean geratzen ari dena titulurik ez duelako. Hori ez da demokratikoa». PPko ordezkari Mikel Lezamak ere esan du «sustatu» egin behar dela administrazioan ari diren langileek euskara jakitea: «Eta ez behartu».

Adierazpen horiei erreparatuta, bi bloke nagusi ikusten dira talde politikoen artean gaiaren inguruan, eta hautesleen aurrean, gaia hizpide, ezberdinduta agertzeko ahalegina egin dutela, gainera. Hizkuntza eskakizunen dekretu berria datorrenean zer jarrera duten ikusi beharko da.

Ez dira deus berria ñabardura horiek, desadostasun batzuk erakusteko egiten den aparteko ahalegina ere ez. Beste gai zenbait hizpide hartuta ere egiten dute taldeek alde horiek erakusteko ahalegina. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berri bat egiteko EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk lortu zuten akordioan, esaterako, oinarrizko adostasun bat lortu zuten ikasleek derrigorrezko eskolatzea bukatzean lortu behar duten euskara mailari buruz, baina orain, legea ontzeko prozesuan hori lortzeko erari buruz agertu dira ñabardurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.