Euskara teknikari denak, sail bakarrera

Jaurlaritzaren sailetan diharduten euskara teknikariak sail bakarrean bildu nahi dituzte; teknikariak ez daude ados: «[Euskalduntzean] Bidelagun izan behar dugu; hori ezinezkoa da distantzian».

Euskararen aldeko ikur bat administrazio publikoko bulego batean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Euskararen aldeko ikur bat administrazio publikoko bulego batean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko uztailaren 31
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Lan asko eta askotarikoak egiten dituzte Eusko Jaurlaritzako hizkuntza normalizaziorako teknikariek. Horietako 24 teknika sailetan banatuta daude: Hezkuntza Sailean, Osasun Sailean... Bertatik bertara sustatzen dute administrazioaren euskalduntzea. Egin eta eragin. Aspalditxoan, baina, badute kezka bat: Jaurlaritzak guztiak bildu nahi ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean.

Horietako batek BERRIAri esan dionez, Jaurlaritzaren xedea zera da: «Gastuak murriztea». Azaldu duenez, bi aldagai daude atzean. Batetik, 2024an sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua onartu zuen Jaurlaritzak. «Dekretuaren ekarpen handiena izan da erakunde gehiagori eragingo diela. Onartu zenean, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzakoek hauxe esan ziguten: ‘Lanpostu asko sortuko ditugu, erakunde hauei euskara planak egiteko, jarraipenerako, bidelagun izateko...’». Alta, orain ezezkoan daude: «Esan digute ez dutela euskara teknikarien lanpostu gehiago sortuko». Bestetik, dioenez, PSE-EE Jaurlaritzan sartu izanak ere eduki du eraginik, sail gehiago sortu baitira: «Euskara teknikarien lanpostu gehiago sortu behar zituzten, eta ez dute nahi». Hortaz: «Hau izan da modua dauden teknikariekin sail guztiei zerbitzua eman ahal izateko».

Baina euskara teknikariak, oro har, ez daude aldaketarekin ados: «Ondorioak oso kaltegarriak dira». Nabarmendu dutenez, beraien lana zaila da berez, aldaketa bat eskatzen baitu ohituretan: «Jendeak gazteleraz lan egiten du, eta euskaraz lan egiten laguntzea da gure lana, pixkanaka aldaketa hori egitea». 

«Euskara teknikarien lanpostu gehiago sortu behar zituzten, eta ez dute nahi»Jaurlaritzako euskara teknikari bat

Teknikariak dio urteetako lanak erakutsi diela horretarako ezinbestekoa dela enpatia, gertutasuna, langileen alboan egotea: «Gu Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako bulego batean egonda, ez dugu lortuko aldaketarik Osasun Sailean, Gobernantzan edo Hezkuntza Sailean; guk langileekin egon behar dugu; ezagutu behar dugu haien lana; jakin behar dugu nola egin ditzaketen urratsak, zerbitzua gero eta euskaldunagoa izan dadin, herritarren hizkuntza eskubideak berma daitezen eta langileen arteko harremanetarako hizkuntza euskara izan dadin».

Adibide bat jarri du: «Jendeak ez dio kasurik egiten posta elektroniko bat jasotzen badu hotzean eta esaten badio: ‘Parte hartu Euskaraldian’. Baina zure lankideak esaten badizu, zuregana etorri denak, harrera linguistikoa egin dizunak... jendeak ulertzen du zergatik behar dugun hizkuntza normalizazioa». Finean: «Prozesu bat da, eta prozesu horretan bidelagun izan behar dugu; hori ezinezkoa da distantzian». Gainera, uste du normalizazioa «zeharkakotasunez» landu behar dela: «Horretarako, ezinbestekoa da saila eta sailaren egitekoak ezagutzea».

Edukiak ez ezik, egiteko moduak ere salatu ditu euskara teknikariak. Haren esanetan, ez dituzte aintzat hartu. Martxoaren amaieran hasi zen «zurrumurrua», Funtzio Publikokoak sailetako zerbitzu zuzendariekin batu zirelako eta haiei asmoen berri eman zietelako. «Guri inork ez zigun ezer jakinarazi».

Orduan, bilera bat eskatu zioten Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako administrazio euskalduntzeko arduradunari; apirilean lortu zuten bilkura. «Baieztatu zigun asmo hori zeukatela [denak sail bakarraren batzekoa], Funtzio Publikoak galdetu ziola bere iritzia, eta ondo iruditzen zitzaiela». Enplegu Publikoko zuzendariari galdegin diote bilera bat: «Ez dugu ezer jaso, ez daukagu haien berririk».

«Kalitatea» xede

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak berrantolaketari buruzko informazioa eskatu dio Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailari. Jaurlaritzak erantzun dio «zeharkako izaera» duten lanpostuen inguruan hausnartzen ari direla: «Kasu batzuetan, zerbitzu bakar batean bateratzeak eman beharreko zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetuko dela uste da; izan ere, sailetako beharrizanei erantzun dakieke, guztiontzako ikuspegi bateratzailea duen zerbitzu batetik». 

Erantzun horretan zera xehatu dute hizkuntza normalizazioko teknikariez: «Unitate operatibo bakar batean biltzeak lan koherenteagoa egitea ahalbidetuko du, hizkuntza normalizazioaren arloan eskumena duen sailaren helburuak betez, gobernuak dituen helburuak betez».

Alta, euskara teknikaria ez dago ados: «Koordinazio askoz handiagoa behar dugu, baina koordinazioa berdin-berdin eduki dezakegu nor bere sailean egonda. Gu saiatzen gara gure artean koordinatzen, talde bat sortu dugu, saiatzen gara elkarri informazioa pasatzen... baina Hizkuntza Politikako Sailburuordetzatik koordinazio handiagoa behar dugu, baita haien laguntza ere, maila politikoan eragiteko, lantaldea dinamizatzeko, sail guztietarako diren zerbitzuetan eragiteko...».

BERRIAk Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari ere galdetu dio iritzia, eta egitasmoarekin ados daudela ziurtatu diote: «Jaurlaritza bat gara, eta denok bat egiten dugu ekimen honekin».

Aztiriak, ordea, ez du begi onez ikusten. Esan du etengabe hitz egiten dela «zeharkakotasunaz» eta, hain zuzen, horixe dela «zeharkakotasuna», sail bakoitzean eragitea: «Nire irudipena da hemen ez dagoela estrategia bat hizkuntza normalizazioa hobetzeko; efizientzia ikuspegi bat dago. Eskariaren arabera, teknikariek lan bat egingo dute, baina eskariaren arabera izango da, eta ez da egongo proaktibotasunik. Iruditzen zait atzerapauso handia izango dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.