EUSKARA

Euskaraldirako akordioa berritu dute Nafarroako Gobernuak eta Topaguneak

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako Nafarroako kontseilariak eta Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendariak izenpetu dute hitzarmena, gaur goizean. Euskaraldia eta antzeko egitasmoak «inoiz baino garrantzitsuagoak» direla nabarmendu du Ollok.

Ana Ollo eta Oskar Zapata, gaur, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
maddi ane txoperena iribarren
2020ko uztailaren 2a
11:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko EEP Euskararen Erakunde Publikoak ez ezik, Nafarroako Gobernuak ere parte hartuko du Euskaraldian, eta hori adierazteko lankidetza hitzarmena berritu dute gaur goizean Iruñean. Oskar Zapata Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendariak eta Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak hartu dute hitza agerraldian.

Nabarmendu dutenez, duela bi urteko Euskaraldian 22.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena Nafarroan, eta espero dute aurten ere anitzek parte hartzea. Nafarroako hainbat enpresa eta erakunderi ariguneak sortzeko deia egin diete, horixe izanen baita aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza. Azpimarratu dutenez, dagoeneko «sektore, tamaina eta ezaugarri ezberdinetako dozenaka erakundek» bat egin dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen den euskararen aldeko ariketa sozialarekin.

Ollok nabarmendu duenez, «inoiz baino beharrezkoagoa da euskararen inguruan lan egiten duten erakundeen eta gizarte erakundeen arteko lankidetza eta lan bateratuan sakontzea, Nafarroako berezko hizkuntzetako bat sustatzen jarraitzeko». Nafarroan euskarari buruz egindako azken ikerketa oinarri, Ollok azpimarratu du Nafarroako biztanle euskaldunak ia 7.000 lagun gehiago direla: «75.000tik gora». Uste du erabileran jarri behar dela fokua, ordea: «Inkesta horrek berak adierazten digu erabilerak geldialdia izan duela 2016 eta 2018 artean, eta, beraz, horrelako ekimenak inoiz baino garrantzitsuagoak dira».

Adierazi dutenez, Nafarroan duela bi urteko eskualde kopuru berak eman du jada izena Euskaraldirako, eta oraindik ere ari dira lanean. «Tokiko batzordeek gogor lan egin dute eta lan egiten jarraitzen dute; udalerriek eta erakundeek ekimenarekin bat egiten jarraitzen dute». Irailaren 27an bukatuko da ariguneek izena emateko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.