Euskarabideko zuzendari kudeatzailea

Jabi Arakama Urtiaga: «Ez duzu zertan euskara maitatu, baina, erakunde publiko bat zaren heinean, eman erraztasunak»

Bi urte dira Jabi Arakamak Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren lema hartu zuela. Euskara ikastaroen doakotasuna, administrazioa euskalduntzea eta D eredua atzerriko familiei hurbiltzea, horra Euskarabideko buruaren erronka nagusietako batzuk.

Jabi Arakama, Euskarabidea erakundeko zuzendari kudeatzailea. IÑIGO URIZ / FOKU
Jabi Arakama, Euskarabidea erakundeko zuzendari kudeatzailea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararena gai korapilatsua da Nafarroako Gobernua osatzen duten indarren artean. Ur nahasietan nabigatzera ohitu da Jabi Arakama Urtiaga (Gares, Nafarroa, 1982). Zailtasunak zailtasun, uste du urrats esanguratsuak egin dituztela hizkuntza politikan.

Aurten lehen aldiz, euskaltegiko matrikula osorik itzuliko zaie A1 mailako ikasle nafarrei. Aspaldiko asmoa zen, ezta?

Hala zen, bai, eta oso pozik gaude. Bi laguntza mota ditugu: euskaltegietarako deialdi bat eta ikasleentzako beste bat. Lehen multzoan 2.575.000 euro ditugu zentro guztien artean banatzeko. Diru sail horren helburua da sektorearen baldintzak duintzea eta prekaritatea bukatzea, baina metodologia eta formakuntza berritzeko bide bat ere bada, euskaltegiek zerbitzu ahalik eta onena eskain dezaten. Ikasleentzako laguntza zuzenei dagokienez, urtetik urtera igo dugu aurrekontua, eta iaz ikusi genuen aukera zegoela jauzi kualitatibo bat egiteko.

Hala ere, euskara ikastea ez da erabat doakoa, ezta? Ikasleek matrikularen dirua aurreratu behar dute.

Zaila da doakotasun erabatekoaz hitz egitea, deialdi publiko baten menpe gaudelako. Diru laguntzen legeak agintzen digu gauzak nola egin behar ditugun. Jendeari ezin diogu esan ez ordaintzeko, ez baitakigu zenbat lagun matrikulatuko diren, eta aurretik onartutako aurrekontua aski izanen ote den matrikulak osorik ordaintzeko. Hortaz, bai, ikasleek dirua aurreratu behar dute. Abenduan itzuliko zaie matrikularen erdia, eta ekainean, gainerakoa. Baldintza bakarra da eskolen %80ra joatea.

Eta datozen urteetan?

Gure helburua da doakotasuna era progresiboan ezartzea. Adibidez, gustatuko litzaiguke datorren urtean, gutxienez, A2 ere doakoa izatea eta, posible balitz, baita B1 ere. Matrikula kopuruaren araberakoa izanen da hori.

Nola joan da aurtengo matrikulazio kanpaina?

Oso pozik gaude. Behin-behineko datuen arabera, badirudi %24ko igoera izanen dugula A1ean, eta %15ekoa oro har. Eta aintzat hartu behar da, gainera, iazkoa jada marka historikoa izan zela.

Alegia, euskarazko eskaintza orokortu eta baliabideak jarri ahala, jendeak aiseago aukeratzen du, eta eskariak ere gora egiten du.

Hala da, bai. Baita euskarak indar handia ez duen eremuetan ere. Tuteran, adibidez, AEKren euskaltegiak ehun bat ikasle zituen duela urte batzuk, eta gaur egun 140tik gora dira. Kopuru txikiak izanagatik, igoera estrategikoa da. Eskaintza duin eta kalitatezko bat eskaintzen denean, jendeak erantzuten du.

«Euskara ez zaio jendeari interesatzen». Mito hori birrintzen ari da pixkanaka.

Datu bat: 2015etik, D ereduko hamabost bat lerro ireki dira beste horrenbeste herritan. A ereduko batzuk ere bai: Fustiñanan, Corellan... Esanguratsua da. Bazegoen nahi bat, eta urteetan administrazioak ez zion horri erantzun. UPNri askotan aditu dizkiogu halakoak, jendeari ez zaiola euskara interesatzen eta horregatik ez zutela gehiago eskaintzen. Bada, ikusi dugu horiek aitzakiak baino ez zirela. Instituzio publikoon ardura da eskaintza ahalik eta onena izatea.

«Nafarroako administrazioan 28.000 langile daude. Epaileek benetan uste dute posible dela postu bakoitza banan-banan aztertzea, euskara meritutzat hartu ala ez erabakitzeko?»

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu merezimenduen dekretuko bi artikulu. Nola baloratzen duzu?

Dekretu hori ez da gure dekretua, hutsune eta gabezia asko dituelako. Hori esanda, uste dut arazoa lehenagotik datorrela: 2019ko sententzia batetik, alegia. Horrek desitxuratu zuen dena.

Nola desitxuratu zuen?

Epai horren arabera, lan deialdi publikoetan ezin da euskara meritu gisa baloratu era orokorrean: lanpostuak banan-banan aztertu behar dira, ebatzi ahal izateko postu bakoitza jendaurrekoa den ala ez. Nafarroako administrazio publikoan 28.000 langile daude. Epaileek benetan uste dute posible dela kasu bakoitza banan-banan aztertzea, euskara meritutzat hartu ala ez erabakitzeko? Nola ez da izanen euskara meritu bat Nafarroan? Baina tira, horixe ebatzi zuten, eta, ordutik, gobernua saiatu da irizpide horretara moldatzen.

Merezimenduen dekretua bide egokiena al zen sententzia horretara egokitzeko?

Ez. Adibidez: juridikoki ez dago inongo oztoporik eremu ez-euskaldunean euskara baloratzeko. Nafarroako Kontseiluak argi adierazi zuen hori. Hala ere, Funtzio Publikoko Departamentuak erabaki zuen kasu ez egitea eta euskararen ezagutza ez baloratzea eremu ez-euskaldun osoan. Erabaki politiko bat izan zen, PSNk bultzatua. Kaltegarria iruditzen zait euskararen sustapenerako, prestigiorako eta sentsibilizaziorako.

Eta aurrerantzean, zer?

Aukera ederra du Funtzio Publikoko Zuzendaritzak orain begirada zabaltzeko eta konturatzeko ez dela deus gertatzen euskara baloratzeko aukera emateagatik. Funtsean, horretaz ari garelako: aukera emateaz. Alemana, adibidez, Nafarroa osoko lan deialdietan baloratu daiteke, baina praktikan, zenbat lanpostutan puntuatzen da? 360tan. Frantsesa? Bostehun ingurutan. Euskara 8.500 lanpostutan da meritu, eremu ez-euskaldunean baloratu ezin den arren. Bada garaia muga hori kentzeko.

Auzi honek agerian utzi du euskararen aldeko edozein politika desegin dezaketela epaileek. Nola egin aurre oldarraldi judizialari?

2019ko epai horrek argi utzi zuen ofizialtasunak berme handia ematen ahal diola gobernuari, hizkuntza politikak garatzeko tenorean. Hala ere, horrekin ez dut esan nahi konponbide magikoa izanen litzatekeenik. EAEn, adibidez, euskara ofiziala da lurralde osoan, eta epaileak beste bide batzuetatik ari dira politika publikoetan esku hartzen.

«Ofizialtasuna hedatuta, oso bestelako mezua helaraziko genioke jendarteari; balioko luke euskararen gutxiespenari buelta emateko»

Hortaz, zertan lagunduko luke ofizialtasunak?

Konponbide perfektua ez den arren, zonifikazioa bukatzeak eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzeak dena erraztuko luke. Alde batetik, politika publikoak garatzea erraztuko lukeelako, eta bestetik, jendarteari transmitituko geniokeen mezua oso bestelakoa izanen litzatekeelako. Prestigioaren eta sentsibilizazioaren esparruan ere jokatzen baita partida hau. Euskara hizkuntza gutxiagotua da, baina ez kasualitatez: hizkuntza zapaldua eta gutxietsia izan da hamarkada luzez. Minorizazio prozesu horren oinarrian dagoena zera da, euskarari ez zaiola baliorik aitortu. Ofizialtasunak rol garrantzitsua izan lezake gutxiespen horri buelta emateko bidean.

Geroa Baik Nafarroako Gobernuaren konpromisoa lortu du datorren ikasturtetik aurrera Faltzesen D eredua jartzeko.

Beste edozer baino lehen, nik Faltzesko familiak zoriondu nahi nituzke, berebiziko lana egin dutelako. Iaz, baldintza guztiak betetzen zituzten herriko eskolan euskarazko lerro bat zabaltzeko, eta, hala ere, ez zieten eskaera onartu. Hezkuntza Departamentuak argudiatu zuen ez zegoela lekurik, baina hori ezin da izan baimena ukatzeko motiboa: departamentuari dagokio lekua egitea, bere lana da. Ziurrenik, familia horientzat ez zen erraza izanen ezezkoa jaso ostean burua altxatzea eta berriro saiatzea. Sinadurak bildu zituzten, alkatearen babesa lortu... Oso lan polita egin dute, eta txalotzeko modukoa da.

Hala ere, Hezkuntza kontseilariak esan du D eredua zabalduko duela baldin eta finantzaketa nahikoa badago...

[Hasperen egin du] Gimenok hori esan zuen, jakinda finantzaketa egon egonen dela.

«Etorkin familia askok ez dute euskarazko hezkuntza ereduei buruzko informaziorik jasotzen; oso larria da»

Ez al da nekagarria borrokan ibili behar izatea, hizkuntza eskubideak tantaka aitortzeko?

Familiek ez dute zertan horrela ibili, ez. Eta gobernu barruan ere zaila da. Akordio programatikoan, euskarari buruz daukagun lehen puntua da kontsentsu zabalak bilatu behar ditugula. Hori da gakoa. Euskararen aldeko kultura bat zabaltzea lortu behar dugu. Ez duzu zertan euskara maitatu, baina, erakunde publiko bat zaren heinean, gutxienez, erraztasunak eman behar dituzu.

Guraso batzuek kritikatu dute matrikulazio kanpainan ez zaiela informaziorik eman euskarazko ereduei buruz.

Haurrak eskolatu nahi dituztenei harrera duina egin behar zaie, eta Hezkuntza Departamentuak, gutxienez, aukera guztiak berdin aurkeztu beharko lizkieke. Leku batean baino gehiagotan, hori ez da gertatzen. Ikastetxe bateko zuzendaritzaren jarrera ez oso aldekoagatik dela, arduradunen interes faltagatik dela, edo zuzenean, jarrera euskarafoboengatik dela, guraso askok ez dute euskarazko ereduei buruzko informaziorik jasotzen. Eta etorkinen kasuan, are larriagoa da kontua. Oso larria.

Zer egiten duzue halakoetan?

Euskarabideak sentsibilizazio kanpainak egiten ditu, eta udal askok eta gizarte eragileek ere bai, baina egiturazko sistema bat egon beharko litzateke familiei informazio hori helarazteko. Horretan ari gara orain lanean, ea sistema koordinatuago bat ezartzerik dugun.

2025ean, lehen aldiz, Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzak bere hizkuntza plan propioa du. Zertan eraginen du horrek?

2017ko Euskararen Dekretuan jasoa zegoen neurria, eta, bide luze baten ostean, aurten onartu dituzte departamentuek. Besteak beste, lanpostu elebidunen kopurua handitzeko balio dute. Ia hirurehun lanpostu gehiagotan jarri da euskara eskakizuna. Duela hamar urte, Nafarroako Gobernuko lanpostu elebidunak %0,9 ziren; gaur egun, %5 inguruan gabiltza. Aintzat hartu behar dugu, gainera, lanpostu publikoak izugarri ugaritu direla azken hamar urteotan, hala erdarazkoak nola euskarazkoak. Denak. Egoera horretan, euskarazko postuen ehunekoa nabarmen handitu izanak badu garrantzia.

%5 hori helburuetatik oso urrun dagoela salatu du euskalgintzak...

Egia. Asko falta da oraindik, baina hau bide bat da. Aintzat hartu behar dugu zein den gure errealitate soziolinguistikoa. Duela hilabete batzuk, adibidez, bost administrari postu atera ziren euskara eskakizunarekin, eta eman gabe gelditu ziren: ez zegoen langile euskaldun nahikorik kontratazio zerrendetan. Beste adibide bat: herri batean pediatra euskalduna eskatu zuten, eta guk eskaera helarazi genion Osasun Departamentuari. Zera erantzun ziguten, pediatra euskaldunen falta ez ezik, pediatren falta zutela oro har. Hortaz, zailtasun objektiboak daude, eta ezin ditugu ahaztu. Hori esanda, nik argi dut anbizioz jokatu behar dugula, helburua ahaztu gabe.

Nolakoa izan da departamentuetako arduradunen jarrera, euskara planak aplikatzeko garaian?

Normalean, positiboa. Duela hilabete batzuk, protokolo bat adostu genuen Herri Lanetako Zuzendaritzarekin, lanen bat abiatu behar dutenean kartelak eta seinaleak ele biz jartzeko, eta nahiko ongi ari dira aplikatzen. Badakit salbuespenak daudela, noski: halakoetan, herritarren kexak iristen zaizkigu, eta saiatzen gara horiei berehala konponbidea ematen. Baina salbuespenak dira. Duela urte batzuk, alderantziz zen: salbuespena zen kartelen bat ele biz egotea.

Berriki, Behatokiaren mezu bati modu txarrean erantzun eta erreklamazioa artxibatu zuen Foruzaingoak, euskaraz idatzia zegoelako. Zer egiten duzue halakoetan?

Zoritxarrez, halako erantzun tamalgarri eta onartezinak jaso behar izaten ditugu oraino. Kultura horretatik gatoz, eta community manager batzuei ahaztu egiten zaie Nafarroako Gobernuaren izenean ari direla, ez beren profil pribatuetan. Horregatik, besteak beste, hizkuntza planetan jasota dago hiru langile euskaldun egon behar direla departamentu bakoitzeko komunikazio ataletan. Ez dakit Foruzaingoak neurria aplikatu duen ala ez, baina epe laburrean edo ertainean egin beharko dute, euskarazko erreklamazioei erantzun ahal izateko. Oraingoz, bilera eskatu dugu arduradunekin, halakoak konpontze aldera.

Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Batuz aldatu’ deituriko ituna aurkeztu du, euskararen biziberritze prozesuan jauzi bat egiteko beharra nabarmenduta. Posible ikusten duzu jauzi hori Nafarroan?

Posible ez ezik, errealitate bat ere bada. Jauzi kualitatiboa egiten ari gara, pixkanaka. Nafarroan, badago mugimendua, baina batzuetan zaila da mugimendu hori argazkian ikustea.

Adibidez?

Askotan esan izan da D eredua geldirik dela Nafarroan, matrikulen %30en langa gainditu ezinik, baina errepara diezaiogun argazki osoari: 2025eko matrikulazioan, eskolatutako hiru haurretatik bat etorkinen seme-alaba da. Gizartearen sektore horretan, D ereduko matrikulazioa hutsaren hurrengoa da, eta ez da haien ardura, gurea baizik. Zerbitzu publikoena. Ez gara gai izan familia horiengana iristeko, ziur aski, oso berandu hasi ginelako haiek gure politiketan aintzat hartzen. Eta kontuan izanda ikasleen heren horri ez zaiola esan euskara existitzen denik ere, matrikula guztien %30 inguru D eredukoak izatea jauzi garrantzitsua iruditzen zait. Zer esaten digu horrek? Besteak beste, lan ikaragarria egin behar dela atzerritik datozenei harrera egokia egiteko. Orain arte egin ez den lan bat.

Zer beste erronka antzeman dituzue?

Hainbat lan ildo ditugu. Euskararen ekosistema indartu nahi dugu, adibidez. Hor sartzen dira toki entitateak, irabazi asmorik gabeko elkarteak, komunikabideak, euskaltegiak, enpresak... Azken urteotan, izugarri handitu dira euskara sustatzeko laguntzak, Euskarabidearen beraren aurrekontua ere neurri berean hazi delako: UPNren garaian, bi milioikoa zen, eta langileen nominak ordaintzeaz gain, ez zuen beste ezertarako ematen; gaur egun, 13,5 milioi euroren aurrekontua dugu, eta hori euskararen sustapenean nabaritu da.

Administrazioaren eta herritarren arteko komunikazioa euskalduntzea, hori ere lehentasuna da: ahozko eta idatzizko komunikazioa, kartelak, online tramiteak... Lan isila da, eta asko hobetu dugu azkenaldian, baina aintzat hartu behar dugu non geunden duela hamar urte. Asko falta da, baina benetan uste dut aldaketa esanguratsuak egin ditugula politika publikoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.