Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletan euskararen erabilerari abaroa emateko araudiaren kontra kolpe gogorrak eman ditu justiziak urteotan; udal legea bera eta hura hizkuntzaren arloan aplikatzeko dekretua kimatzea zuten helburu zenbait sententziatan, eta gaur Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi du berretsi egin duela epai horietako bat: Voxen eskeak aintzat hartuta EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoa. Hainbat artikulu baliogabetzea ontzat eman zuen epai hark, eta Auzitegi Gorenak egokitzat jo du orain. Artikulu bakar batean jo du ontzat Eusko Jaurlaritzak araubidearen alde egindako defentsa, eta horri bakarrik eman dio oniritzia: gainerakoak atzera bota behar dira.
Gorenaren epaiaren arabera, herrialde batean hizkuntza koofizialak daudenean batek ezin du «lehentasunik» izan bestearen gainean. Horiek horrela, hizkuntzen arteko «desorekak» eragotzi egin behar dira. Euskara lehenesten duten lege irizpideak ezin direla ezarri esan nahi du, eta horregatik direla baztergarriak udal legea eta hura hizkuntzaren arloan aplikatzeko dekretua. «Ezin da neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna», ebatzi du.
Onartu du euskara sustatzeko neurriak eta politikak ezarri behar direla, baina «neurtuak» izan behar dute. Hortik ondorioa: «Ezin da hizkuntzetako bat lehenetsi». Era berean, sententziaren arabera, herritarrek udal erakundeekin duten harremanetan hizkuntza hautatzeko duten eskubidea ezin da inoiz auzitan jarri.
EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean ebatzi zuen udal legea hizkuntza gaietan arautzen duen araubidearen kontrako lehen ebazpena. Urrian ezagutu zen epaia. EAEko udal legea euskararen arloan garatzen du propio 179/2019 dekretuak, eta auzitegiak ebatzi zuen hainbat artikulu baliogabetzea. Vox alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegitea aintzat hartuta, 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehengo atala, 12. artikulua eta 17.1 artikulua baliogabetu zituen. Beste zenbait artikuluren edukiak ere bai. Eta gaur Gorenak esan duenez, 12. artikulua bakarrik da salbatzeko modukoa: irmoa da gainerako guztien baliogabetzea.
Euskara ezin da gainetik jarri
9.2 artikuluak euskarazko funtzionamendua bideratzeko lege esparrua zedarritzen die udal erakundeei. Honelaxe dio: «Hizkuntza plangintzaren helburua izango da udal jarduketak euskaraz egin ahal izatea. Horretarako, neurriak hartuko dira udalek euskaraz funtziona dezaten; bereziki, euskararen arnasguneetan». 11. artikuluaren lehen atalak, berriz, eskumena aitortzen die «hizkuntza arloko udal eskumen propioa oinarri hartuta, udalek, dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera» hizkuntza irizpideak ezartzeko. Esaterako, ekitaldi publikoetan euskarak izango duen tokia erabakitzeko, edota hizkuntza ofizialei barruko udal zerbitzuetan zer trataera emango zaien ebazteko. Koofizialtasuna «urratzen» duten artikuluak dira Gorenaren arabera, eta horregatik bota behar dira atzera. Onartzen ditu propio «arnasguneen» berezitasunak, baina epaiaren arabera horietan ere ezin da salbuespenik ezarri euskara gaztelaniaren gainetik jartzeko.
17.1 artikuluak, berriz, ahozko harremanetan euskara lehenesteko aukera ematen du: «Langileek euskaraz esango diete lehenengo hitza herritarrei; gero, herritarrak aukeratutako hizkuntzan jarraituko dute». Artikulu horrek modua ematen du, baita ere, bozgorailuetako mezuetan-eta euskara lehenesteko. «Hartzaile zehatzik gabeko mezuak zabaltzen direnean gailu automatikoen bidez, edo telefonozko informazio zerbitzuen, bozgorailuen edo antzeko bitartekoen bidez, lehenik euskaraz emango dira». Gorenaren arabera, artikulu horren kontra egiteko argudio juridikoa aurrez aipatutako bera da: inoiz ezin da «urratu» koofizialtasuna. Propio esaten du berriro inolako «baldintza soziolinguistikotan» ere ezin dela neurririk hartu euskara lehenesteko.
Ontzat jo dutenak, 12. artikuluak, modua ematen du euskaraz jarduteko. Hona zer dioen: «Euskadiko toki entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa orokorrean eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute».
Aurreko sententziak
EAEko Auzitegi Nagusiak Voxen helegiteari erantzunez emandako epaia ez zen izan udaletan euskararen erabilera bermatzeko legeariaren kontrako lehen ebazpena. Aurrez 2023ko uztailaren 6an jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batek udal legearen 6.2 artikulua baliogabetu zuela. Euskaraz jarduteko modua ematen die artikulu horrek udal erakundeei, barne funtzionamendurako agiriak-eta euskara hutsean egitekoa.
Era berean, 2023ko urriaren 19an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dekretuaren beste hainbat artikulu baliogabetzea ebatzi zuen. PPk jarritako helegite bati erantzun zioten kasu horretan. Jaurlaritzak dekretuaren defentsa egin zuen ondoren, eta esan zuen helegite bidez artikuluen alde egingo zuela. Aurtengo apirilean jakin da, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetutako artikuluak atzera bota izana ontzat eman duela Espainiako Auzitegi Gorenak. Emandako motiboa izan da Jaurlaritzak helegitea ez zuela garaiz aurkeztu.
Apirilean epai hari aparteko garrantzirik ez zioten eman nahi izan Eusko Jaurlaritzako buruek. Voxek abiarazitako auzibidearen erantzunaren zain zeudela esan zuten. «Askoz erabakigarriagoak» diren beste gai batzuk hor landuko zirela adierazi zuten orduan: «Espero dugu laster behin betiko epai bat izatea gai honen inguruan, egonkortasuna berreskura dezagun eta dekretuak indarrean iraun dezan».
Ezinegona
Euskalgintzak beti adierazi du kezka eta ezinegona epai horiengatik. Hain zuen, Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du sententzia «euskararen normalizazioaren aurkakoa» ez ezik «euskal gizartearen eta erakundeen kontrakoa» ere badela. Izan ere, gogoratu du Gorenak baliogabetzea erabaki duen araudia Eusko Legebiltzarrean gehiengo oso zabalez onartutakoa dela: «Administrazioan euskarak pairatzen duen minorizazio egoera gainditu eta euskararen alde egiteko zoru minimo bat jartzen zuten dekretu hauek, baina, beste behin, Espainiako botere judizialak bide hori egitea galarazi du». Hala, dei egin diete erakunde, agintari, eragile politiko, sozial eta herritarrei adieraztera «oldarraldiaren agerpen bortitz honen aurka» daudela.
Ildo horretan, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak adierazpenak egin ditu sare sozialen bidez: «Erregimen zaharraren nostalgikoek eta haien zerbitzura dauden epaitegiek euskarafobiaz dihardute». Hori ikusita, Euskal Herriak euskara defendatzeko «borondate irmoa» erakutsiko duela adierazi du. Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramaileak, berriz, esan du sententziak «tristura» eragin diela, «euskararen kontrako erasoa» baita. Radio Euskadin egin ditu adierazpenak: «Bi hizkuntza koofizial egoteak ez du esan nahi euskarak gaztelaniaren menpe egon behar duenik».
Ebazpen horiek udal guztiei eragiten diete, baina bereziki UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatekoentzat dira arazo iturri, aurrerabideak eginak baitituzte euskara hutsezko jardunbideetan. UEMAk ere gogora ekarri zuen apirilean zein ataka zailean jartzen dituen jurisprudentzia honek guztiak. Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik aldaketa sakonak eskatu zituen. «Alderdiei dei egiten diegu dagokien lekuan egin dezaten horretarako bidea. Kalera ateratzea, epaiak salatzea eta aurrera egingo dugula esatea beharrezkoa da, baina benetan ezinbestekoa dena legea aldatzea da, euskara babesteko». Nabarmendu zuenez, beharrezkoa bezain presazkoa da legea aldatzea, «euskara benetan ofiziala izan dadin, gazteleraren makuluen beharrik gabe».
Udal legearen kontra ez ezik, administrazio publikoek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako sententzien soka ere luzea da, eta eta hor konponbide eske ari dira hainbat eragile. Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk lege erreforma baterako proposamenak eginda dituzte.
Ikusi gehiago