Euskararen erabilera «aktibatzeko» kanpaina iragarri du Taupa mugimenduak

Euskararen Nazioarteko Egunaren karira ondu dute kanpaina. Afixak jarri nahi dituzte Euskal Herri osoan, «euskararen erabileraren inguruko kontzientzia» pizteko.

Taupa euskaltzaleen mugimenduak Euskararen Egunari begira prestatutako kanpaina. TAUPA
Taupa euskaltzaleen mugimenduak Euskararen Egunari begira prestatutako kanpaina. TAUPA
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 4a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guri toki guztietan egitea gustatzen zaigu, irakur daiteke afixan. Handik metro gutxira, beste mezu bat: Noiztik ez duzu egiten?; eta beste bat, apur bat harago, zera dioena: Zuk uste baino jende gehiagok egin nahi du zurekin. Irakurlea gehiegi asaldatu aurretik heldu da azalpena, kartelen behealdean: Euskaraz e(ra)gin. Taupa euskaltzaleen mugimenduak egin du kanpaina, eta, horren bidez, euskaldunak mobilizatu nahi ditu Euskararen Egunaren aitzakiarekin.

Leloen esanahi bikoitzekin jolastuz, «euskararen erabileraren inguruko kontzientzian eta aktibazioan» eragin nahi izan dute. Hitz joko umoretsuez harago, baina, euskararen egoerari buruzko baieztapenak ere ageri dira afixetan, gordin. Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala, adibidez. Edo beste hau: Haurtzarotik helduarora, erdira jaisten da euskararen erabilera. «Euskaraz gehiago aritzeko eta hori ahalbidetzen duten baldintzak sortzeko deia da», laburbildu du elkarteak, ohar batean: «Hizkuntza ohituretan eta politika publikoetan eragitekoa».

Mezu horiek Euskal Herri osora zabaldu nahi ditu Taupak, abenduaren 3aren karira. Iragarki bat ere grabatu dute, eta hasiak dira sare sozialen bidez zabaltzen.

Taupa elkarteak zabaldutako iragarkia, Euskararen Egunari begira.

Euskaltzaleen kolektibo, euskara talde eta elkarte ororen esku utzi dituzte afixak, gainera, euren herrietan jar ditzaten. Kartelak itsastea bera «ekintza alai eta aldarrikatzaile» bihurtu nahi dute, gainera, herri bakoitzean kutsu propioa emanez eta, ahal dela, bestelako ekitaldirekin bateragarri eginez. Euskararen Egunaren «izaera soziala eta aldarrikatzailea» indartu nahi dute horrela. Kanpainarekin bat egin nahi dutenek aktibazioa@taupamugimendua.eus helbide elektronikora idatz dezakete, elkartearekin harremanetan jartzeko.

Pizkunderako erronkarekin bat

Euskalgintzaren Kontseiluak Pizkunderako Erronka 2036 izeneko txostena aurkeztu zuten iragan maiatzean. Bertan zehaztu zituzten hurrengo hamar urteetarako erronkak: euskalduntze erritmoa bizkortzea, 2036rako beste 300.000 euskaldun oso lortzeko; Euskal Herriko administrazioek hizkuntza politiketarako emandako aurrekontuak %2raino handitzea; erabilera sustatzea; eta euskarari ofizialtasuna aitortzea lurralde osoan. 

Helburu horiekin bat egin du Taupak ere, eta estrategia horren barruan kokatu du kanpaina hau ere. Izan ere, pizkundea lortzeko bidean, euskaldun eta euskaltzaleak aktibatzeko beharra dagoela aldarrikatu du Taupak: «Aktibatu gaitezen herriz herri, antolatu gaitezen Euskal Herri osoan. Egin dezagun toki guztietan, denok batera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA