Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza «parekatzeko» eskatu dio ELAk Jaurlaritzari

Euskarak lan eta zerbitzu hizkuntza izan behar duela esan du sindikatuak, eta, horretarako, euskararen ezagutzak ere «derrigorrezkoa» izan behar duela lanpostu publikoak betetzean.

Oldarraldiaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Oldarraldiaren aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 29a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza «parekatu» egin behar dira administrazio publikoan, eta horretarako bidea egin behar du Eusko Jaurlaritzak. Horixe da ELA sindikatuak gaur plazara atera duen oharreko mezu nagusia. Bide batez, berriz ere kezka sortu zaie asteon Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko bileran Jaurlaritzak euskararen inguruan erakutsi duen jarreraren harira: «Jaurlaritzak ez die aurre egiten epai eta diskurtso euskarafoboetan euskara eskakizunak ezartzearen kontra erabiltzen dituzten argudioei». 

Euskarak lan eta zerbitzu hizkuntza izan behar duela gogoratu du sindikatuak, eta, horretarako, euskararen ezagutzak ere «derrigorrezkoa» izan behar duela lanpostu publikoak betetzean. ELAren ustez, Jaurlaritzak «planifikatu» egin behar du horra iristeko ibilbidea, eta «baliabidez zein tresnaz» hornitu.

Bide batez, euskararen kontrako oldarraldiari aurre egiteko jarrera irmoagoa eskatu dio sindikatuak Jaurlaritzari. Izan ere, urteotan ehun epai baino gehiago ebatzi dira euskararen normalizazioaren kontra. Eta penaz hartu dute asteon izandako bileran eman duen mezua. «Ez die aipamen bakar bat ere egin epai horiei, ezta euskararen normalizazioan eragin duten egoera korapilatsuari ere». Aitzitik, Jaurlaritzak propio nabarmendu du «konfrontazioaren» aurka dagoela. «Protesten eta salaketen aurka dagoela ulertarazi nahi izan du, eta, horretarako, erasoak erabat erlatibizatu ditu eta ELAren moduan oldarraldia salatzen dutenak deitoratu». 

Euskarak «lan hizkuntza» izan behar duenik ere ez zuen aipatu Jaurlaritzak bilerarako prestatu zuen testuan. Administrazioa euskalduntzeko urteotan egin duen lana goraipatu zuen, baina, ELAren arabera, datu «tranpatiak» erabili zituen horretarako. «Tamalez, errealitatea zera da: euskal administrazioa sortu eta berrogei urte geroago, Jaurlaritzak ez dituela oraindik euskal herritarron hizkuntza eskubideak bermatzen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.