ELAk Jaurlaritzari egotzi dio funtzio publikoan euskarari egin zaizkion erasoak «erlatibizatzea»

Esan du Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko negoziazioan gobernuak euskararen inguruan egindako proposamenak ez diela aurre egiten «diskurtso euskarafoboei».

ELAk deitutako protesta, Eusko Legebiltzar parean, administrazio publikoan euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatearen alde. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ELAk deitutako protesta, Eusko Legebiltzarraren parean, administrazio publikoan euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatearen alde. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urtarrilaren 28a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteartean Eusko Jaurlaritzako langileen lan baldintzak negoziatzeko bilera egin zuten Gasteizen: Funtzio Publikoko Mahai Orokorra. ELA sindikatuak propio kritikatu du gobernuak bilera horretan euskararen garapenerako egindako proposamena. «Ez die aurre egiten epai eta diskurtso euskarafoboek euskara eskakizunak ezartzearen kontra erabiltzen dituzten argudioei. Are gehiago, uler daiteke erasoen aurrean auzia erabat erlatibizatzeko asmoa duela», deitoratu du. Euskararen kontrako epai asko metatu dira urteotan; askotan funtzio publikoan jarduteko ezartzen diren euskara eskakizunak atzera botatzea izan dute helburu ebazpen horiek, eta, horiek horrela, berebiziko garrantzia du administrazioak zer jarrera hartuko duen. Astearteko bilerako gai zerrendako 14. puntuan jaso zuen Jaurlaritzak euskararen gaineko proposamena, eta artegatu egin ditu ELAko kideak testu horren edukiak. 

Horra zer dioen, eta aipatu gabe zer uzten duen. Baga: testuan auzitan jarri dute egun hizkuntza eskakizunak ezartzeko erabiltzen den derrigortasun indizearen garrantzia. «Nahitaez bete beharreko indizea beste parametro bat baino ez da». Biga: euskara lan hizkuntza izateari buruz ez dute ezer jaso: «Gakoa herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea da». Higa: egungo ereduaren aldeko defentsa irmoa egin dute, urteotan sortu diren arrakalak aipatu gabe: «Egun indarrean dagoen sistemak funtzionatzen du, eraginkorra da administrazio publikoan euskarak normalizazioaren bidean aurrera egiteko». 

Euskararen kontra ebatzi diren ebazpen judizialak, horiek zedarritu duten lege egoera korapilatsua, ez dira aipatzen testuan. Oso orokorra da euskararen aurkako jokabideen gaineko aipamena: «Ez dugu ulertzen batzuek azken boladan agertzen duten euskararen aurkako obsesioa». Eta segidan arbuiatu dute «konfrontazioaren» bidea. «Konfrontazioa ez da konponbideak topatzeko modu egokiena, kontrako giroa sor dezakeelako eta, horrekin batera, partaideen elkarrizketarako bidea itxi». Ulertarazi dute protesten eta salaketen aurka daudela: «Gu lankidetza eta elkarrizketa eraikitzaileak gara». Argudiatu dute, gainera, «gizartearen zati esanguratsu bat bide ertzean geratzeko» arriskua dagoela.

Bestalde, urteotan egin diren aurrerabideak nabarmendu dituzte. «Jaurlaritzaren konpromisoa irmoa da euskal administrazio baten alde. Datuak hor daude: 1995ean, administrazio orokorreko langileen %34k bakarrik zekien euskaraz». Hain justu ere, orduan euskararen ezagutza egiaztatzeko ziurtagiriak langile horiek bakarrik zituztela gogoratu dute. Eta egungo egoera askoz ere hobea dela gogoratu: «2025ean, kopuru hori %90 ingurukoa da». 

Ehun sententziatik gora

Egungo paradigmaren defentsa irmoa egin dute testuan Jaurlaritzako ordezkariek, baina urteotan eredu hori auzitan jarri duten ehun sententziatik kontra ebatzi dira. Eta beste hainbat auzibide martxan dira. Esaterako, PPk eta Voxek abiarazitako helegiteen ondorioz, EAEko Auzitegi Nagusiak galdera bat egina dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari: eskatu dio argitzeko ea Euskal Enplegu Publikoaren Legeak hizkuntza eskakizunen derrigortasunaren inguruan zehazten duenak Konstituzioan ezarritakoa betetzen duen. Eusko Jaurlaritzak berak adierazia du kexua erabaki judizial horren inguruan, publikoki. 

«Ez dago arrazoirik Auzitegi Konstituzionalera jotzeko», argudiatu zuen Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak iazko abenduaren 9an egindako agerraldian. Orduko hartan, Eusko Jaurlaritzako buruzagiek propio egin nahi izan zuten ezarritako lege irizpideen defentsa, eta batera azaldu ziren agerraldi hartan Ubarretxena eta Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburua. EAEko Auzitegi Nagusiak egindako urratsak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi zuten. «Oso larria da; zalantzan jar dezake funtzio publikoan euskara normalizatzeko sistema guztia». Erantsi zuten, gainera, auzitegiak «bide deigarriak» hartu zituela auzibide horretan.

Eusko Legebiltzarrean bertan, halaber, Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamen daude erregistratuta: EAJrena da bat, eta EH Bildurena bestea. Biek ere defendatu dituzte, esanez egungo ziurgabetasun juridikoa gainditzen lagun dezaketela. Jeltzaleek hizkuntza eskakizunak ezartzeko derrigortasun indizea kentzea proposatu dute. EH Bilduko legebiltzarkideek harago egin nahi dute: funtzio publikoan sartzeko euskara eskakizuna lanpostu guztiei ezartzea proposatu dute, eta ondoren eskakizun hori geroratze indize baten bidez «malgutzea». Euskalgintzaren Kontseiluak aurrez mahai gainean jarritako irizpideak oinarri hartuta landutako proposamena da EH Bildurena. Eta, lege ikuspegitik, egingarria da: Katalunian eta Galizian enplegu publikorako sarbiderako eskakizun orokorra dira katalana eta galegoa. 

Gobernu koalizioan ari badira ere, PSE-EEren aldeko botorik gabe onartu zen jeltzaleen proposamena Eusko Legebiltzarrean. Asteon hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi du, ordea, gaiaren inguruan negoziatzen ari direla, eta balitekeela akordio bat lortzeko bidea egotea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.