Nafarroako Auzitegi Nagusiak neurri batean onartu du soilik UGT eta SPA sindikatuek euskararen foru dekretuaren kontra jarri zuten helegitea. Sindikatuek bi eskari nagusi aurkeztu zituzten: dekretua bere osotasunean indargabetzea eta, eskari hori baztertuko balitz, legearen hainbat atal indargabetzea. Auzitegiak zenbait atal baliogabetzea ebatzi du, eta nabarmen mugatuko du dekretuaren eragina. Ondorioz, ez da derrigorrezkoa izango euskara meritu gisa aitortzea eremu mistoko eta zerbitzu zentraletako lanpostu publikoen oposizio deialdietan. Horrez gain, ezingo da dekretu bidez ezarri zerbitzu zentralen komunikazio guztiak elebidunak izan beharko direla.
Auzitegiak baztertu egin du foru dekretua osorik indargabetzeko eskaria, eta epaiaren lehenengo zatian gogor kritikatu du sindikatuek aurkeztu duten salaketa, era traketsean egin dutela iritzita. Dekretua bere osotasunean bertan behera uzteko oinarriak oso era nahasi eta okerrean aurkeztu dituztela nabarmendu du, argudio "orokor eta nahasiak" erabili dituztela eta horietako askoren edukia "politikoa" dela eta "ez juridikoa". Forma akatsak ere aipatu ditu. Argitu duenez, sindikatu salatzaileek Gertaerak atalean aurkeztu dituzte oinarri juridikoak, Zuzenbide Oinarriak atalean aurkeztu beharrean. Auzitegiak azaldu du oker horiek nahikoa liratekeela sindikatuen lehenengo eskaria bere horretan baztertzeko. Aldiz, salaketa interpretatzeko "ahalegin" bat egin du.
Auzitegi Nagusiak banan-banan baztertu ditu foru dekretu osoaren indargabetzea eskatzeko argudioak. Azaldu duenez, aurkeztutako arrazoiek izaera "politikoa" dute eta "baieztapen erabat orokorrak" dira, "gutxieneko zehaztasunik gabekoak".
Dekretu osoaren indargabetzea eskatzeaz gain, salaketak dekretuaren hainbat atal indargabetzeko ere galdegin dio auzitegiari. Epaileek baztertu egin dituzte eskari horietako gehienak ere. Epaiak dio salatzaileek ez dutela arrazoi juridikorik aurkeztu. Auzitegiaren esanetan, UGTk eta SPAk "orokorkeriak" eta "iritziak" hartu dituzte oinarri dekretuaren atal gehienen baliogabetzea eskatzeko.
Aldiz, epaileek ontzat jo dute baliogabetze eskaria 20. artikuluko lehen bi puntuei eta 21. artikuluko hirugarren eta laugarren puntuei dagokienez. 20. artikuluak herritarrekiko harremanak arautzen ditu, eta 21.ak administrazioaren irudia, oharrak eta argitalpenak. Zehazten dutenez, Nafarroako administrazioak euskaraz eta gazteleraz idatzi beharko ditu "herritarrei oro har igorritako jakinarazpenak eta komunikazioak", "herritar ororendako diren inprimakiak eta idazki ofizialak", "zerbitzu zentralek herritar guztiei zuzendutako xedapenak, oharrak, informazio-liburuxkak, kanpainetako material grafikoa, argitalpen dibulgatiboak, mota orotako iragarkiak eta publizitatea edo antzeko beste idazkiak" eta "Nafarroako Foru Komunitateko errepide sareko bide-seinaleetako informazio-elementuak, titulartasun publikokoak direnean".
Auzitegiaren iritziz, administrazioaren zerbitzu zentralek beren jarduna Nafarroan garatzea ez da nahikoa arrazoi derrigorrezko elebitasuna ezartzeko. Azaldu duenez, administrazioaren araudiak ezin du Euskararen foru legean jasotako "eskubide erregimena" aldatu, eta legeak zehazten duen hizkuntza eremu bakoitzaren "konfigurazioa" errespetatu behar du. Nabarmendu du Euskararen foru legeak arau maila altuagoa duela gobernuaren dekretuak duena baino, "herri borondatea islatzen duelako", Nafarroako Parlamentuak onartutako legea den heinean.
Bestalde, epaileek legez kontrakotzat jo dituzte dekretuaren 31., 35. eta 39. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra. Hiru artikuluek zehazten dutenez, euskara meritu gisa aintzat hartuko da administazioaren zerbitzu zentraletako lanpostuetan eta eremu mistoko lanpostu publikoetan, beti ere, postu elebidunak ez badira. Euskarak ofizialtasunik ez duen eremuan, euskararen ezagutza meritu gisa baloratu daitekeela jasotzen du.
Auzitegiaren esanetan, euskara meritu gisa aintzat hartzeko derrigortasunak "diskriminazioa" eragiten du, lanpostuaren funtzioengatik eta eremuko "hizkuntza errealitatearengatik" meritu hori "esanguratsua" ez litzatekeen lanpostueetan. Artikulu horiek Euskararen foru legeak ezartzen duen hizkuntza eremuen erregimena urratzen duela ere adierazi du. Epaiak gogorarazi du Nafarroako Kontseilua ildo berean mintzatu zela 2017ko irailean. Hiru artikulu horiekin lotura zuzena duelako indargabetu du laugarren xedapen iragankorra.
Nafarroako Gobernuak zenbait aldaketa egin zizkion dekretuari Nafarroako Kontseiluaren ebazpenaren ondotik. Kontseiluak, oro har, ontzat jo zituen dekretuaren eduki ia guztiak, eta aldaketa partzial batzuk besterik ez zituen proposatu. 41 artikuluetatik 34 osorik onartu zituen eta beste lau, partzialki. Gobernuak egindako aldaketak ez dira nahikoa izan, Nafarroako Auzitegiaren arabera. Uxue Barkosen gobernuak 2017ko azaroaren 15ean onartu zuen euskararen foru dekretua.