Atzo Bilbon kaleak bete zituzten ELA, LAB eta Steilas sindikatuek euskararen aldeko neurri irmoagoen alde. Ekainaren 13an, halaber, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako mobilizazioan, hizkuntza politika ahaltsuagoen aldeko aldarria berrituko dute milaka herritarrek Iruñean. Eta ez da irudi berria; 2023ko azaroaren 5ean 70.000 pertsona batu ziren Bilbon Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean egin zen manifestazioan. Administrazio publikoek euskararen normalizazioaren alde hartutako neurrien kontrako hainbat sententzia ebatziak ziren ordurako, euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» gaineko kezka argia zen euskalgintzan, eta horrek bultzatu zuen lehen mobilizazio handi hura. Kontua da egun oraindik ere joriagoa eta trinkoagoa dela euskararen kontrako jurisprudentzia, eta horretan oinarrituta ebazten dira sarri epaiak. Horri aurre egiteko abian diren ekinbide politikoak, gainera, aurrera egin ezinik daude. Horra gaiaren korapiloak ulertzeko zenbait gako:
1
Hizkuntza eskubideak
Beste eskubide batzuen ondoan, geroago aitortu dira hizkuntza eskubideak, eta agerikoa da hori hainbat ebazpen judizialetan, horien gainean egiten diren interpretazioetan: ez daude guztiz zuztartuta. Aurrez aitortzarako bidea hasia zen, baina mugarri bat heldu zen 1996ko ekainaren 6an: Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu zen, Bartzelonan. Unescoren babesa izan zuen. Esperantza handia piztu zuen, baina han jasotakoak loratzeko biderik ez da ireki gero. Bide hura hauspotzeko asmoz, 2016an Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa ondu eta aurkeztu zen Donostian. Horren bidez, «botere publikoei» tresna bat eman nahi izan zieten, modua izan zezaten adierazpenean aitortutako eskubide horiek betetzeko. Hizkuntza eskubideak ondo ulertu eta barneratu behar horretan, bada aintzat hartu beharreko aldagai bat: kolektiboak dira. Alegia, horien helburua ez da norbanakoak babestea, baizik eta hiztunen komunitate bat: osorik.
2
Hizkuntza eskakizunak
Sektore publikoan diharduten langileen euskara gaitasuna egiaztatzeko bidea dira hizkuntza eskakizunak: lanpostu bakoitzean jarduteko beharrezkoa den euskara maila egiaztatzeko tresna. Euskararen normalizazioaren aldeko neurriak atzera botatzeko ebatzi diren sententzia askok propio eskakizun horien kontra egin dute. Eta hainbatetan argudio gisara erabili dute derrigortasun indizea deiturikoa gainditzen dutela eskakizunek. Euskara eskakizuna derrigorrez zenbat lanpostutan egiaztatu behar den zehazteko erabiltzen den portzentajea da indize hori. Hizkuntza eskakizunak arautzeko lege esparruaren lehen garapenetan, oro har, gutxienekotzat hartzen zen, eta, ikuskera horri lotuta, hortik gorako eskakizunak ezarri dituzte hainbat instituziok. Ikuskera murriztailea nagusituz joan da gero, ordea, eta eskakizunen proportzioa «gehiegizkoa» dela argudiatuta ebatzi dira askotan aurkako sententziak.
3
Euskal Enplegu Publikoaren Legearen Erreforma
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oldarraldia izaten ari den ondorioei aurre egite aldera, EAJk eta EH Bilduk, bakoitzak bere aldetik, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituzte Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamenak. EAJk bere proposamenean argudiatu du derrigortasun indize orokorra kendu egin behar dela, eta horrek bidea emango duela hizkuntza eskakizunen kontrako epai gehiago ez izateko, eta administrazio bakoitzak bere bide propioa landu ahal izateko euskararen normalizazioan. Ñabardura batzuk egin dizkio orain zuzenketetan proposamen horri, baina, funtsean, eutsi egin dio hasieran zuen helburu horri. Ez du bidelagunik aurkitu oraindik, ordea, erreforma aurrera ateratzeko. Hilabeteak egin ditu PSE-EErekin negoziatzen, eta ez dute fruiturik eman. EH Bildurekin hitz egiteko prest dagoela esan du orain. Baina bestelakoa da EH Bilduk proposatu duen eredua. Euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasuna «orokortzea»: horixe du funtsa. Esan duenez, behin irizpide hori ezarrita, eskakizunak «geroratzeko» bideak landu beharko dira, eta, hain justu ere, orain, zuzenketak egin dituenean, eman ditu horren gaineko zehaztasun batzuk. Ikusi beharko da, ordea, zer akordio bide egin dezaketen bi taldeek. Horiek ondo bideratuta ere, deabruzkoa izango da egoera; izan ere, iazko abenduan bertan jakin zen auzitan dagoela lege horren zimenduetako bat. Izan ere, PPk eta Voxek abiarazitako auzibideen ondorioz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari argitzeko hizkuntza eskakizunen esleipena ezartzen duen artikuluak Konstituzioa konplitzen duen.
4
Udal legea kimatzeko ahaleginak
Euskararen normalizazioaren kontra ebatzi diren epai guztiak ez dira hizkuntza eskakizunen kontrakoak. Bestelakoak ere badira. Aparteko kezka eragin dute, bereziki, udal legea deitutakoaren kontrakoek. 2016koa da araudia: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeen jardunbideak, betebeharrak eta funtzioak zehazte aldera onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak, eta, besteak beste, hainbat irizpide zehazten ditu tokiko administrazioetan euskara lehenesteko. Baina justu zentzu horretan zabaltzen dituen ateak trabatu egin ditu ondoren justiziak. Izan ere, PP eta Vox taldeek abiarazi zituzten aurka egiteko auzibideak, eta aldeko hainbat sententzia jaso dituzte. Korapiloa hasi zen legea hizkuntza arloan arautzeko 179/2019 dekretuaren kontrako helegiteekin, horri erantzuteko EAEko Auzitegi Nagusiak legearen gaineko ebazpen bat eskatu zion Espainiako Konstituzionalari, eta 2023ko uztailaren 6an jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren kontrakotzat jo zuela legearen artikulu bat: agiriak-eta euskara hutsean idazteko modua ematen duena. 2023ko urrian, berriz, dekretuaren aurkako bi sententziaren berri eman zuten, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatziak biak. Azken kolpea iazko uztailean heldu zen: Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Voxen eskeak aintzat hartuta EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia. Aurrez, apirilean, PPrenaren eskariz atzera botatakoak ere baliogabetu zituen.