Euskararen pizkunderako, ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea ezinbestekotzat jo du Kontseiluak

Euskararen Legearen 39. urteurrenaren harira egindako agerraldian, indar politikoei eskatu die Foru Hobekuntzari buruzko eztabaida baliatzeko «euskarari Nafarroa osoan berdintasun estatusa emateko».

Nafarroako Parlamentuaren horman 'Euskara ofiziala' leloa proiektatu du Kontseiluak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nafarroako Parlamentuaren horman 'Euskara ofiziala' leloa proiektatu du Kontseiluak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko abenduaren 15a
20:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen Nafarroako Legeak 39 urte bete ditu gaur, eta hizkuntzaren ofizialtasuna lurralde osoan zabaltzea eskatzeko probestu du eguna Euskalgintzaren Kontseiluak. Agerraldi jendetsu bat egin du iluntzean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, haren horman Euskara ofiziala leloa proiektatuta zegoela. Legeari kritika egin dio Idurre Eskisabel idazkari nagusiak, bertan ezarritako zonifikazioa «segregatzailea» delakoan, eta nabarmendu du euskara ofiziala ez izatea «oinarrizko oztopo bat» dela hizkuntza politika egokiak egiteko. Hala, «euskararen pizkunde berriari» begira, ezinbestekotzat jo du euskarak ofizialtasuna eskuratzea Nafarroa osoan.

«Ofizialtasuna ez baita hitz hutsal bat, ez da eslogan bat», adierazi du Eskisabelek. Haren hitzetan, «gutxieneko nor izate aitortza egitea» dakar hizkuntza bati ofizialtasuna emateak; «eta, jakina, minorizazio egoeran dagoen hizkuntza eta hiztun komunitate bati, normalizaziora, berdintasunera heltzeko aukera emango dioten politika publikoak, hizkuntza politikak, segurtasunez eta iraunkorki egin ahal izateko zorua».

«Nafarroako gizarteak kohesioan, justizian, bizikidetzan eta demokratizazioan irabaziko badu, hizkuntzaren auzian ere egin beharrekoa da urratsa»

IDURRE ESKISABEL Kontseiluko idazkari nagusia

Nafarroa hiru zonatan zatitua du indarrean den Euskararen Legeak: euskalduna, ez-euskalduna eta mistoa. Kontseiluaren arabera, azken bietan ofiziala ez izateak «desberdinkeria eta segregazioa» eragiten du nafarren artean. Bi norabidetan: «Batetik, euskaraz ardazten diren milaka nafarrek urratuak eta ukatuak dituzte beren hizkuntza eskubideak egunerokoan. Eta, alderantzian, milaka nafarrek ukatua dute Nafarroako berezko hizkuntzara hurbiltzeko aukera, ukatua ezagutza, ukatua harremana. Eta bien baturak dakar zonifikazioak berak ezarritako gizarte arrakala gero eta handiagoa izatea, zonifikazioak zonifikazioa ekoizten eta indartzen baitu».

Hala, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea «gizarte kohesioaren aldeko urratsa» litzatekeela adierazi du Eskisabelek: «Justizia sozialean, bizikidetzan askatasunean eta demokrazian sakontzekoa». Beraz, dei egin die alderdi eta indar politikoei, Foru Hobekuntzaren inguruko eztabaida balia dezaten gehiengo berriak lantzeko, euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltze aldera. «Nafarroako gizarteak kohesioan, justizian, bizikidetzan eta demokratizazioan irabaziko badu, hizkuntzaren auzian ere egin beharrekoa da urratsa».

Larrialdia indarraldi bihurtzera

Eta hizkuntzaren alorrean, horixe izango da, Eskisabelen aburuz, «atzeraldia eragotziko duten hizkuntza politikak egiteko bermea». Izan ere, Nafarroa ez dago salbu larrialdi linguistikotik. Kontseiluak iazko azaroan ohartarazi zuen euskaldun kopurua gutxitzeko arriskuaz «hizkuntza politika sendorik» egin ezean, eta Nafarroan «nabaria» da arrisku hori, besteak beste, zonifikazioaren eta ofizialtasun faltaren ondorioz. Beraz, larrialdia indarraldi bihurtzeko bidean, «euskararen pizkunde berrian», ezinbestekotzat jo dute euskarak ofizialtasuna eskuratzea lurralde osoan.

Pizkunde hori eraikitzeko, euskaltzaleen bultzada ere galdegin du Kontseiluak. Eta lehen alea jartzeko eguna ekarri du gogora: abenduaren 27an Bilbon egingo duen ekitaldia, «euskaltzaleon batasuna eta indarra erakusteko, euskara guztion ardura dela aldarrikatzeko, eta hizkuntza politiketan aldaketa eskatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.