Euskarari «beste estatus bat» bat emateko bidea hasteko eskatu du Kontseiluak

Oldarraldi judizialari «hesia» jartzeko ezintasuna nabari du, eta alderdi euskaltzaleei gogorarazi die «beste arkitektura juridiko baten» oinarriak jarri behar direla.

Hizkuntza eskakizunen alde egiteko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hizkuntza eskakizunen alde egiteko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
arantxa iraola
2025eko ekainaren 6a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berriz ozendu dira egunotan euskararen babes juridikoaren inguruko albisteak. Lehengo astean, adibidez, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrari eskatu zion legedian behar diren aldaketak egiteko euskararen garapena bermatzeko, baina mozio horrek ez zuen nahiko babes lortu. EAJk eta PSE-EEk gai beraren inguruan ondutako testu bat onartu zen: horrek gizarte eragileei eskatzen die euskararen normalizazioan oztopoak ez jartzeko, eta gogora ekartzen du prozesuan aurrerapausoak emateko funtsezkoa dela ados jartzea. Horrek eragindako «oihartzun mediatikoa» tarteko, hitza hartu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta euskarari «beste estatus bat» emateko bidea hasteko eskatu die alderdi euskaltzaleei.

Ohar baten bidez zabaldu du gaur mezua Kontseiluak. Gogora ekarri ditu zer arazo eragin dituzten euskararen garapenaren kontra iragan hilabeteotan ebatzi diren epaiek. Kontrako 29 sententzia ebatzi direla nabarmendu du, eta adierazi horiek «mugatu» egin dutela Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta dozenaka udalek hizkuntza irizpideak ezartzeko duten eskumena. Horregatik, hautsi egin behar da dinamika hori. «Ezinbestekoa da beste arkitektura juridiko bat adostea eta gauzatzea, auzitegi atzerakoi eta euskarafoboek ezarritako blokeoa gainditu eta hizkuntza politika berdinzaleak garatzeko erakunde publikoen eskumena berrezartzeko».

Hizkuntza eskakizunekin lotuta daude epai horietako asko; eskabide horien kontrakoak dira, hain justu ere, eta horregatik eskakizunetan oinarrituko ez den sistema baten alde egin behar dela gogoratu du Kontseiluak. «Hizkuntza eskubideak eta berdintasuna bermatzeko modua hauxe da: bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea bi hizkuntza ofizial dauden lurralde bateko langile publiko izan nahi duenari». Mahai gainean dago proposamen hori. «Orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu batera» egin nahi da, eta nora begiratua bada hor aurrera egiteko: izan ere, Katalunian eta Galizian, adibidez, tankerako ereduak dituzte. Euskara funtzio publikoko lanpostuetan «baldintza» izatea da proposamenaren asmoa, eta «justifikatutako salbuespenetan» euskararik ez eskatzeko bidea irekita uztea beti.

Tankerako aldaketa bat egiteko garai aproposa da Kontseiluaren ustetan: «Datozen urteetan langile publikoen erdiek erretiroa hartuko dute, eta inoizko belaunaldi euskaldunena letorke horien lekua hartzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.