Beste mugarri bat jarri nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak euskaltzaletasuna pizteko dinamikan eta gaur jakinarazi du ekainaren 13rako Iruñean antolatzen ari den mobilizazioaren leloa: Euskaraz bizitzeko behar den dena. Joan zen abenduan Bilbon egindako ekitaldiaren leloa Euskaraz bizitzeko Pizkundea izan zen; Iruñekoan beste pauso bat emango dute, eta euskaraz bizitzeko eskaera benetan betetzeko beharrezkoak diren baliabide eta baldintza guztiak eskatuko dituzte.
Martxoan eman zituen Kontseiluak ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxaren xehetasun batzuk. Leloa falta zen, eta plazaratu berri dute: Euskaraz bizitzeko behar den dena. Joan zen ostiralean egin zuten 2026. urteko batzar orokorra, Baionan, eta, Kontseiluaren jardunaren balantzea eta kudeaketa plana onartzearekin batera, Iruñeko mobilizazioaren leloa zehaztu zuten, eta bertan parte hartzeko dei bateratua egin zuten.
«Azken hamarkadetan berreskurapen ziklo bat gertatu den arren, gero eta gehiago dira euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak, eta euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu bat erantsi behar zaie zailtasun horiei», gogora ekarri du Kontseiluak. Erronka berri horiei aurre egiteko, bi helburutan jarri dute indarra: ofizialtasuna Euskal Herri osoan, eta transbertsalitatea politika publiko guztietan. Herritarren aktibaziorako deia ere egin dute «Euskararen normalizazioa eta biziberritzea ez da etorriko soilik erakunde publikoen eskutik».
Eta, hain zuzen ere, Euskaltzaleon Martxa antolatzen ari dira gizartea euskararen inguruan pizteko helburuarekin. Azaldu dutenez, 2024an irekitako bideari jarraipena eman nahi diote mobilizazio horrekin, helburua baita «egungo larrialdi linguistikotik indarraldira igarotzeko premia gizarteratzea eta pizkunde berri baterako txinparta izatea».
«Euskaltzaletasunaren giharra indartzeko ezinbestekoak dira indar sozial antolatua eta herritarren inplikazioa»
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Bilboko ekitaldia izan zen pizkundearen aldeko estrategiaren lehen urratsa. Behin beharra eta argudioak plazaratuta, ekainean pizkunde hori gerta dadin beharrezkoak diren baldintzak galdegingo dituzte. Baldintza horiek lortzeko, Kontseiluaren ustez, euskaltzaleek ikusle izateari utzi eta mugimendu antolatu bilakatu behar dute. Horrela bakarrik lortuko baita «euskaraz bizitzeko behar den dena eskuratzeko bultzada».
Aldarrikapen eta festa giroa
Ekainaren 13ko mobilizazioa arratsaldez egingo dute, 17:00etan, eta hiru zutabe izango ditu; zutabeetako bakoitzak euskararen pizkunderako ezinbestekoak diren hiru oinarrietako bat ordezkatuko du: ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna.
Lehenengo zutabearen bidez euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasuna izan dezala eskatuko dute; hau da, Ipar Euskal Herrian koofiziala izan dadila eta Nafarroan «euskararen zonifikazioa gainditu eta ofizialtasuna lurralde osora hedatu» dadila. Azkenik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «oldarraldiaren ondoriozko desofizializazioaren aurrean euskararen normalizazioa blindatuko duen arkitektura juridiko berri bat» eskatuko dute.
Bigarren zutabearen bidez hizkuntza politiketan jauzi bat egitea eskatuko dute. Hartara, politika horiekin zerikusia duten erakunde publikoei, alderdi politikoei eta eragile sozialei dei zuzena egingo diete, ahaleginak batu ditzaten «euskararen ezagutza orokortuko duten politiken eta erabilera normalerako baldintzak sortuko dituzten neurrien alde».
Eta hirugarren zutabean euskaltzaletasunaren ekarpena azpimarratuko dute, eta arreta berezia ipiniko dute jarrera eta konpromiso pertsonalean. Hortaz, «egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak elkarrekin antolatzearen premia» nabarmenduko dituzte.
Hiru zutabeek Gazteluko plazan bat egingo dute, eta bertan egingo da ekitaldi politikoa. Kontseiluak «amaiera berezi bat» agindu du. Euskaltzaleak arratsaldeko mobilizaziora girotuta iristeko, zenbait ekintza izango dira goizean zehar Iruñeko alde zaharreko kaleetan.
Ekitaldi hori antolatzeko, ekarpenak egiteko eta jendea aktibatzeko eta erakartzeko laguntza eskatu dute Kontseiluko kideek. «Ekainaren 13a mugarri izatea nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa», adierazi dute. Herritarrengandik eta gizarte eragileengandik jasotzen dituzten proposamen guztiak www.pizkundea.eus webgunean plazaratuko dituzte.
Beste bi bazkide
Aurtengo batzarrean, Euskalgintzaren Kontseiluaren familiak beste bi kide hartu ditu: Hamaika telebista eta Garabide elkartea. Hamaika Euskal Herriko euskarazko telebista da, eta Garabide, berriz, lankidetzaren alorrean aritzen den elkartea; munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu. Guztira, bazkide oso diren 28 eragilek eta lau erakunde so egilek osatzen dute Kontseilua.