Euskaraz ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu dute ikasleek

Baionako Bernat Etxepare lizeoko kideek azterketak euskaraz egiteko aukera eduki behar dutela nabarmendu dute. Ikamak gogorarazi du hilaren 11n greba egingo dutela, hezkuntza euskalduna eskatzeko.

Hezkuntza euskalduna eskatzeko grebaren harira Ikamak egindako agerraldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hezkuntza euskalduna eskatzeko grebaren harira Ikamak egindako agerraldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko abenduaren 3a
14:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen Egunaren kari, ikasleek ere ozendu dituzte ahotsak. Aldarri zehatza egin dute, esaterako, Baionako Bernat Etxepare lizeoko kideek: azterketak euskaraz egin nahi dituztela. Horretaz gainera, Ikamak gogoratu du hilaren 11n ikasle greba egingo dutela, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko.

Etxepare lizeoko Ikasleek, irakasleek, langileek eta gurasoek bideo batean jaso dituzte aldarriak: «Injustiziarekin aski! Azterketak euskaraz orain!». Azaldu dute nola euskaraz ikasten duten hezkuntza ibilbide osoan; alta, baxoa, frantsesez pasatzera behartzen dituzte, beraien «borondatearen kontra». Euskaraz pasatzeko eskubidea dutela nabarmendu dute: «Gizalegez jokatzeko tenorea heldu da, eta legeak aldatu behar badira, aldatu: euskara ez da mehatxua edo zatiketa, aukera eta zubia baizik, aberastasuna. Begi hauekin ikusi ezean, errealitate desitxuratu bat ikusten duzue». 

Ikamak abenduaren 11 du ortzi mugan; datorren ostegunean egingo baitu ikasle greba, hezkuntza euskaldunaren alde: «Euskara larrialdi eta oldarraldi betean, ez da aukera bat geldirik geratzea». Sare sozialetan nabarmendu dute Euskal Herriaren independentzia ezinbestekoa dela euskarak aurrera egingo badu: «Euskarak bizirauteko, premiazkoa da euskal hezkuntza sistema euskaldun propio bat, eta independentzia da horretarako giltza. Euskarak independentzia behar du». Horretarako, datorren ostegunean kaleak hartzera deitu dituzte ikasleak: «Abenduaren 11n, ikasleok kalera!». Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean antolatu dituzte mobilizazioak: 12:00etan egingo dira, Gure hezkuntza, euskalduna lelopean.

IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak sare sozialetan egin ditu adierazpenak. «Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistako kideek berresten dugu euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko borrokan jardungo dugula». Azaldu dute euskara hizkuntza minorizatua dela, administratiboki zein juridikoki etengabe egiten diotela eraso, eta, halaber, eremu informalean ere atzeraka ari dela. «Euskalgintzako joera batzuekin» ere kritiko dira: «Euskalgintzaren barneko joera erreakzionarioen adierazpenak ezin ditugu normalizatu, eta horien aurkako borroka ideologikoa egin behar dugu. Izan ere, euskararen defentsa biltze identitarioan eta arrazismoan oinarrituz egiten duten ahotsak ugaritzen ari dira, eta ezin dugu onartu». Eta «Euskal Estatu Sozialista» dute konponbidetzat: «Eskaraz ikasteko eskubidearen aldeko zenbait borroka eta ekimen bultzatuko ditugu, eta dei egiten diegu ikasleei borroka honetara batzera. Hori guztia Euskal Estatu Sozialistarako bidean kokatzen dugu, hura baita euskararen aurka egiten duten egiturazko traba guztiak gainditzeko bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.