Korrika

Euskarazko hedabideek saio bateratua eskainiko dute etzi Korrikaren hasieran

Elkarlanean ariko dira EITB, Kanaldude, Hamaika Telebista, 'Ipar Euskal Herriko Hitza' eta BERRIA, Euskal Irratiak, 'Kazeta.eus', Tokikomeko hedabideak eta 'Herria'. Aitzin-saioa 15:45ean hasiko da eta BERRIAk zuzenean emango du.

jon olano
2015eko martxoaren 17a
12:04
Entzun

Korrikak Euskal Herriko zeharkaldia hasiko du martxoaren 19an. Euskahaldun! da aurtengo leloa, eta Urepelen abiatuko da. “Korrikaren moduko ekitaldi baten garrantzia aintzat hartuta”, hedabide horiek hasiera ekitaldi horretan telebista saio bateratu bat egitea erabaki dute, “Korrikak gizartean duen babesaren adierazle”.

15:45ean hasiko da aitzin saioa, eta 16:00etatik aurrera izango da emanaldi nagusia. Ilaski Serrano ETBkoa eta Pantxika Maitia Kanaldudekoa izango dira aurkezleak Urepeleko platoan, eta, horiez gain, beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira platotik kanpo, egun horretan Urepelen dagoen giroa telebistara eramateko.
Telebista saio hori ETB1 eta Hamaika telebista kateetan, Tokikom barruan diren tokian tokiko telebistetan, Euskal Irratietan eta Arrosa sarekoetan, eta beste hedabideen webguneetan izango da ikusgai. “Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko hedabideok gure egin ditugu oinarri horiek”, nabarmendu dute. 

Hainbat elkarrizketa egingo dituzte saioan; besteak beste, Graxi Irigarai Korrikako tokiko antolatzaileari eta Miren Aire kantariari. 17:00etan abiatuko da Korrika, eta hasiera ekitaldia amaitu eta Korrika abiatzearekin batera amaituko da saioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.