Eusko Ikaskuntza, Euskal Herriaren kohesioarako «herri itun baten bila»

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan parte hartzera deitu dituzte adituak, irakasleak, ikertzaileak, erakunde eta enpresen ordezkariak eta, oro har, euskal gizarte zibila. Urriaren 2tik 4ra izango da, Gasteizen, 'Elkartzen gaituena' lelopean.

(ID_13536350) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2026-01-26, Gasteiz. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Patxi Juaristi
Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza, gaurko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2024ko urtarrilaren 26a
11:40
Entzun

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresurako, «herri itun bat lortzeko proposamenak» egin nahi ditu elkarteak, «Euskal Herriaren gizartearen eta lurraldearen kohesioaren alde abian jarri behar diren politiken eta erabakien inguruan». Kongresuko lehendakariak, soziologiako doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Patxi Juaristik, azaldu du topaketaren helburua hauxe dela: «adostasun zabalak lortu» eta norabide horretan «planteamendu zehatzak» egitea, «horretarako gaitasun kolektiboak aktibatuz».

Elkartzen gaituena lelopean garatuko du kongresua Eusko Ikaskuntzak; urriaren 2tik 4ra egingo du, Gasteizko Europa biltzar jauregian. 2018ko kongresuan ateratako ondorioetatik abiatuta, elkarteak zenbait ikerketa eta hausnarketa ildo ezarri zituen, «une historiko honek planteatzen dituen aldaketei eta erronkei aurre egiteko». Hala, hiru ardatz tematiko nagusiren inguruan ariko dira Gasteizen: eredu sozioekonomiko berria eta ongizatearen gizartea; gizartea; eta lurraldea.

Batetik, «eredu sozioekonomikoa birdefinitzeko eta ingurumen jasangarrian oinarritutako ekonomia berri baterantz igarotzeko beharra» azpimarratu du Eusko Ikaskuntzak.

Eusko Ikaskuntzak uste du «herri itun desiragarri bat» bilatu behar dela, «euskal lurralde guztiek dituzten beharrei erantzuteko».

Bestetik, uste du «gizarte kohesio handiagoa bilatzeak Euskal Herrian bizi diren pertsonen errealitateari buruz hausnartzera» behartzen duela. Zeri buruz zehazki? «Aniztasunari, kulturartekotasunari edota bizikidetzari buruz; eskubideei eta betebeharrei, konpromisoari eta elkarrekikotasunari buruz. Izan ere, funtsezko zeregina dute hezkuntza sistemak eta kulturak kudeaketaren eta parte hartzearen ikuspegitik», azaldu du Juaristik. 

Subiranotasuneko lurralde gatazkak

Kongresuko presidenteak adierazi du Euskal Herria osatzen duten lurraldeen arteko harremanei helduko zaiela, eta «elkarrizketa» izango dela kohesioa lortzen lagunduko duten «gutxieneko adostasunak lotzeko ezinbesteko baldintza». «Hiriaren eta landa munduaren arteko loturetan sakonduko da. Eta, estatuen barruko subiranotasuneko lurralde gatazken esparruan, kongresuak oinarri proposamen bat sustatuko du gatazka horiek konpontzeko». Eusko Ikaskuntzak uste du «herri itun desiragarri bat» bilatu behar dela, «euskal lurralde guztiek partekatzen dituzten beharrei erantzungo dieten proposamenak», alegia.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak gogoratu du Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zela, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako foru aldundien ekimenez egindako Eusko Ikaskuntzaren lehen Kongresuan. 1936ra arte, elkarteak sei kongresu antolatu zituen, bi Ipar Euskal Herrian, diktadura frankistaren garaian, eta beste hamar 1978an, erakundea berrezarri zenetik.

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan izena emateko, interesa duenak https://www.eusko-ikaskuntza.eus/XIX-kongresua/ web orrira jo dezake.

Patxi Juaristi: «Kohesioa da azken helburua, baita lurraldeari begira ere, eta, horretarako, gatazkaz hitz egin behar da»

(ID_13536347) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2026-01-26, Gasteiz. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Patxi Juaristi
Patxi Juaristi Eusko Ikaskuntzako kongresuko lehendakaria.

Eusko Ikaskuntzako XIX. Kongresuko lehendakariak onartu du anbizio handiko helburuak ezarri dizkiotela Gasteizko topaketari, baina «akordioak lortzeko beharra» azpimarratu du, eta  esan du proposamenak egitea ezinbestekoa dela horretarako.

Herri itun bati buruz hitz egiten duzue. Ez du erraza ematen halakorik lortzeak, Euskal Herriaren aniztasuna dela eta.

Ez da erraza. Kongresuan eragile desberdinak elkartu nahi ditugu, erronka garrantzitsuenen inguruko hausnarketa egin eta proposamen zehatzak egiteko. Gizarte kohesioa hobetzea da kontua. Iparraldea dugu eta Hegoaldea, ikuspuntu desberdin ugari, baina elkartzen gaituen horretan gutxieneko adostasun batzuk finkatu nahi ditugu

Nor ariko da hausnarketa hori egiten Gasteizen?

Zabaldu berri dugu izena emateko epea, gure webean, baina espero dugu aniztasuna egongo dela kongresuan, eragile desberdin ugari elkartuko direla, akademikoak eta herritarrak. Eusko Ikaskuntzako bazkideen presentzia ere nahiko genuke, noski. Eta lurraldearen eta gizartearen kohesioaren inguruko ikerketan aritu direnak, esaterako. Gizarte zibileko erakundea da Eusko Ikaskuntza, eta ikuspuntu horrekin antolatu dugu kongresua.

Subiranotasuna eta lurralde gatazka da ekitaldiko lan ildo bat. Zer espero duzue eduki horri dagokionez?

Kohesioa da azken helburua, eta baita lurraldeari begira ere. Horretarako, gatazkaz hitz egin behar da, burujabetzaz. Europan egin dira ikerketa batzuk eduki horren inguruan; hain zuzen, Eusko Ikaskuntzako zenbait kidek ere parte hartu dute horietan, eta lan horien emaitzak ekarri nahi ditugu kongresura, gogoeta abiapuntu gisa. Gatazka horiek gainditzeko proposamenak egin nahi ditugu, azken finean.

Hirien eta landa eremuen arteko orekaz ere ariko zarete, ezta?

Bai, bi eremu horien arteko kohesioak oreka eskatzen baitu bien artean. Eta mugei buruz ere hitz egin behar da. Mugak oztopo baitira, arazo iturri lurraldearen kohesiorako. Baina aukera ere izan daitezke.

Proposamen zehatzak nori egingo zaizkio kongresuaren ondoren?

Gizarte zibilak egiten dituen proposamen horiek ezin dira tiradera baten barruan utzi. Kongresuaren ondorioak gizarteratu egingo ditugu, erakunde publikoei eta alor jakinetan erreferente diren zenbait erakunderi zuzenduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.