Eusko Jaurlaritza ere prest azaldu da Eureka zientzia museoaren etorkizuna bermatzen laguntzeko

Kutxa fundazioak museoa ixtea baztertu izana txalotu dute erakunde publikoek. Perez Iglesias sailburuak konpromisoa agertu du proiektua eguneratzeko eta, «behar izanez gero, museoa berriz definitzeko» proposamen bat bilatzen laguntzeko.

Eureka zientzia museoaren barruko irudi bat. IREKIA
Eureka zientzia museoaren barruko irudi bat. IREKIA
Miren Mujika Telleria - Kristina Martin
2026ko apirilaren 10a
11:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsitako jarrerarekin bat eginda, Eusko Jaurlaritza ere prest azaldu da Kutxa fundazioarekin batera lankidetzan aritzeko Eureka zientzia museoak irekita jarrai dezan. Ekainaren 30ean ixtekoa zen Donostiako Miramon teknologia parkeko Eureka zientzia museoa, 25 urtez Gipuzkoako ikasleak eta familiak «zientziara hurbiltzen» aritu ostean. Baina museoak zabalik jarraitzearen alde sortutako herri dinamikaren ostean, atzo Kutxa fundazioak atzera egin eta erabaki zuen museoa irekita mantentzea.

Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren ustez, oso positiboa da Kutxa fundazioaren patronatuak hartutako erabakia Eureka zientzia museoaren jarraipena bermatzeko. Are gehiago, Perez Iglesias prest azaldu da Kutxa fundazioarekin eta interesa duten beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko, proiektua eguneratzeko eta, «behar izanez gero, museoko proiektua berriz definitzeko» proposamen bat bilatzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako sailburuaren aburuz, «gizarte ireki eta demokratiko batean, zientziaren legitimazio sozialak haren izaera eta potentziala ezagutzen duten herritarrak behar ditu», eta, horretarako, Eureka bezalako azpiegiturak «oso baliotsuak» dira.

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere laguntza eskaini izan diote Kutxa fundazioari, museoak zabalik jarrai dezan. Izan ere, Eureka ixteko berria zabaldu eta egun gutxira, Jon Insausti Donostiako alkateak Kutxa fundazioari gutun bidez eskatu zion erabakia «birplantea» zezala eta hura zabalik mantentzeko «behar diren neurri guztiak» har zitzala. Gipuzkoako Foru Aldundia ere alkatearen modu bertsuan mintzatu zen, prest azaldu baitzen fundazioari eta zientzia museoari babesa emateko, erabakitzen zutena erabakitzen zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA