Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorraren inguruko analisi bat baino gehiago egin da Eusko Jaurlaritzan, eta Gobernu Kontseiluan esertzen diren bi alderdiek jokabide ezberdinak izango dituzte bihar, nahiz eta sailburu denak lanean izango diren. Maria Ubarretxena eledunak azaldu duenez, EAJko ordezkariak normal arituko dira lanean. Sozialisten kasuan, berriz, greba «babestu» arren, «euren betebeharrei» adi arituko dira; batez ere, grebari lotutakoei.
Azken asteetan bi ildo nabarmendu dira Eusko Jaurlaritzan; bai, behintzat, grebari dagokionez. Hala, Imanol Pradales lehendakaria kexu azaldu da deialdiarekin, eta sindikatuak kritikatu ditu haiekin izandako azken bilera sortan ez zutelako gaia landu. «Orain, etxebizitza da lehentasuna. Duela hilabete eta erdi ez al ziren langile eta herri klasea?», adierazi zuen. Ez dute berdin jokatu, ordea, PSE-EEko gobernukideek.
Hala, gaurko Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian gaiaz galdetu diote Ubarretxenari, eta hark esan du Pradalesek eta EAJko hamar sailburuek lan egingo dutela, baita PSE-EEko zenbait sailburuk ere; beste zenbaitek esan dute «agian ez dutela egingo». Ubarretxenak ez du izenik eman, eta adierazi du norberaren erabakia dela hori.
Hain zuzen, Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak asteburuan adierazi zuen grebarekin bat egingo zuela, eta gaur hala baieztatu diote haren saileko iturriek Efe agentziari. Halere, albiste agentzia berberak informazioa berritu du gerora, esanez azkenean atzera egin duela Torresek, eta «gutxieneko zerbitzu» gisa, grebaren jarraipena egingo duela, beste jarduera oro baztertuta.
Itxuraz, gauza bera egingo dute gainerako sailburu sozialistek ere, nork bere arloari erreparatuz. Susana Garcia Chueca garraioen gutxieneko zerbitzuei so, Maria Jesus San Jose Justizia arloan izan ditzakeen eraginei, eta Cristina Gonzalez merkataritza arloan gerta daitekeenari «adi». Lanean arituko da Denis Itxaso Etxebizitza sailburua ere. Hark adierazi du babesten duela greba, baina harekin bat egin gabe.
Izatez, oraingoz, biharko agendan agerraldiren bat duen sailburu bakarra Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua da. Agendaren arabera, adikzioak tratatzeko egoitza bat bisitatuko du.
Nafarroan, berriz, asteroko gobernu kontseilua agendan ezarria du gobernuak, baita haren osteko prentsa agerraldia ere. Parlamentuetan, baina, egoera bestelakoa da. Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak ez dute ekitaldi bakar bat ere euren agendetan.