Auzitegiak hizkuntza politika astintzen eta kolokan jartzen ari dira. Espainiako Auzitegi Gorenaren atzoko epaia «larria» da UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat. Larria, euskal gizartearen eta euskal erakundeen «erabaki demokratikoaren aurkakoa» delako. Larria, azken hamarkadetako hizkuntza politiken «aurkakoa ere badelako». Eta larria, «zalantzan jartzen duelako euskara bera ofiziala izatea ere ondoan gazteleraren makulua ez duenean».
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai bat: epai hark EAEko udal legeko hainbat artikulu baliogabetu zituen, euskarari lehentasuna emateko aukera ukatuz udalei. Voxek egin zuen eskaera.
Presazko agerraldia egin du UEMAk Zarautzen (Gipuzkoa). Bertan izan dira mankomunitateko zuzendaritzako zenbait ordezkari, eta Martin Aramendi UEMAko presidente eta Ataungo (Gipuzkoa) alkateak irakurri du adierazpena. «Beste behin ere» euskaldunen hizkuntza eskubideak baztertzea egotzi dio auzitegiari. «Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute».
Nabarmendu du EAEko udal legea mugarria izan zela udalerri euskaldunentzat, «elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako». Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, ordea, lege hori «kimatu» egin du, «ebatzi baitu ezin dela neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna».
Euskararen egoerari buruzko oinarrizko azalpenak eman ditu Aramendik: euskara ez dela beste hizkuntza ofizialen parekoa, «ezta ofiziala den lekuetan ere», eta «larrialdi linguistikoan» eta «minorizazio gorrian» dagoela. Hizkuntzak ez direla galtzen esan du: «Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua».
Justizia eske
UEMArentzat ezinbestekoa da euskara lehenestea eta haren aldeko erabakiak hartzea, «parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotza zigorra baita». Justizia eskatu dute euskararentzat, eta, haien ustez, euskarari dagokion lekua ematea da justizia. Euskara lehenesten dute UEMAko udalerriek, «euskaldunak garelako, euskara delako gure hizkuntza, euskaraz garelako eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako». 118 udalerrik osatzen dute UEMA —353.000 biztanle bizi dira haietan—.
Prest daude aukera guztiak aztertzeko eta EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, «baita Europako auzitegietan ere», zerbitzu juridikoek hala egin behar dela uste badute. UEMAk uste du EAJ eta EH Bildu elkarrekin «eskutik helduta» jardutera behartuta daudela, euskararen kontrako erasoak ikusita. «Ez dut uste akordiotik urrun egongo direnik», esan du Aramendik.
UEMAk, epaia salatzeko eta euskaldunen eskubideak babesteko, kalera ateratzeko eskatu die mankomunitateko udalerrietako herritarrei, larunbatean. Elkarretaratzeak egingo dituzte udaletxeen aurrean, 12:00etan.
Eusko Jaurlaritzak ere gaur plazaratu du bere iritzia, Maria Ubarretxenaren ahotik. EAEko gobernuaren bozeramaileak esan du Eusko Jaurlaritza ez dagoela epaiarekin ados, eta «oso kezkatuta» dagoela.
Ikusi gehiago
Euskadi Irratian egin dituen adierazpenetan, azaldu du Eusko Jaurlaritzari kezka handia sortzen diola erabaki politikoak eta bereziki euskararen ingurukoak judizialitzatzeak. Ubarretxenak erantsi duenez, euskararen inguruan historikoki akordioa egon da gizartean eta indar politikoen artean, eta horrek, hain zuzen ere, «modua eman du ibilbide bat egiteko».

Gasteizko gobernuaren bozeramaileak salatu duenez, «indar politiko batzuk» ahaleginak egiten ari dira «trabak jartzeko» euskararen erabilera oztopatu nahian, eta epaitegiak erabiltzen ari dira horretarako.
Auzitegi Gorenaren epaia irmoa izanik, Eusko Jaurlaritzak zer egingo duen galdetuta, Ubarretxenak erantzun du aztertuko dutela zer bideri jarrai dakiokeen. Edonola ere, Ubarretxenak mezu bat plazaratu du: «Badakigu gero eta oztopo gehiago jarriko dizkigutela, baina guk irmo egingo dugu gure bidean aurrera».
EAEko udal legea hizkuntza gaietan arautzen duen araubidearen kontrako lehen ebazpena EAEko Auzitegi Nagusiak eman zuen, Voxek jarritako salaketa aintzat hartuta. 2023ko irailean ebatzi zuen, eta urrian jakin zen epaia. EAEko udal legea euskararen arloan garatzen du propio 179/2019 dekretuak, eta auzitegiak ebatzi zuen hainbat artikulu baliogabetzea. Eusko Jaurlaritzak epai horri jarri zion helegitea, eta, atzoko epaian, Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du Jaurlaritzaren helegitea, eta, hortaz, arrazoia eman dio Vox alderdi ultraeskuindarrari.
EH Bildu: «Oso larria eta onartezina da»
Epaiaren berri izan eta gutxira, iritzia eman zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak, sare sozialen bidez. Gaur, baina, Nerea Kortajarena legebiltzarkide eta koalizio subiranistako programa idazkariak azalpen zabalagoa eman du. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia «oso larria» dela esan du, eta iritzi dio udalen autonomiaren kontrakoa eta autogobernuaren beraren kontrakoa dela, euskararen kontrakoa izateaz gain.
«Onartezina da, Voxek, EAEn zinegotzi bakar bat ere ez duen alderdi ultraeskuindar espainiarrak, erabakitzea gure hizkuntza eskubideen gainean», erantsi du Kortajarenak. Nabarmendu du autogobernua inoiz baino beharrezkoagoa dela horrelako erasoak eragozteko: «Espainiako epaileen menpe gaude, politika egiteko ahalmena mugatuta daukagu, eta ez dugu eraso horiei aurre egiteko tresnarik».

EAJri gonbita ausardiaz jokatzeko
Kortajarenaren aburuz, jadanik ez da nahikoa eraso larri horien gainean desadostasuna erakustea. Ausardia handiagoa behar dela uste du, eta, hortaz, «hizkuntza politiken inguruan jauzi kualitatibo bat» emate aldera, EH Bildu prest azaldu da Eusko Legebiltzarrean euskararen alde gaur egun dagoen gehiengo zabala mamitzeko.
EAJri egin dio enbidoa, eta proposatu dio «aterki juridiko berri bat» eraikitzea eraso horietatik babesteko, eta jakinarazi du EH Bildu bidelagun izango duela horretan: «Aurrera egiteko pauso sendoak emateko konpromisoa hartzen dugu. Balia ditzagun eskura ditugun tresna guztiak, eta izan gaitezen anbiziotsuak eta ausartak».
«Aurrera egiteko pauso sendoak emateko konpromisoa hartzen dugu. Balia ditzagun eskura ditugun tresna guztiak, eta izan gaitezen anbiziotsuak eta ausartak»
NEREA KORTAJARENAEH Bilduko legebiltzarkidea
Kortajarenak nabarmendu duenez, «larrialdian» dago euskara, «eta epai horiek plazaratzen direnean kaleak betetzea eta atsekabea erakustea ez da nahikoa. Hizkuntza politika ausartak behar ditugu, eta ezin dugu gehiago itxaron».
Euskararen normalizazioaren aurkako 26. epaia dela gogorarazi du Kortajarenak, eta salatu du oraindik ere badagoela euskararen oldarraldia ukatzen duenik. «Epai horien inpartzialtasuna defendatzen duten horiek berek aurkezten dute beren burua eskubideen defendatzaile sutsu gisa», esan du. «Negazionista» horiei galdera egin die: «Oinarrizko eskubideen katalogoa eguneratuko dute, ala Vox bezalako euskarafoboen atzetik jarraituko dute?».
EH Bildu «prepotentea» dela dio EAJk
EAJren ustez, EH Bilduren proposamena «onartezina» da. Markel Olano EAJko legebiltzarkideak X sare sozialean azaldu duenez, «euskarak ez du behar ez enfrentamendurik, ez presiorik, ez liskarrik». Olanoren esanetan, «euskarak batasuna behar du, elkartasuna eta elkarlana», dauzkan erronkei aurre egiteko. Hori dela eta, EH Bilduren jarrera, EAJren iritziz, «prepotentea» da, eta «zubiak apurtu besterik ez du egiten».
Euskararen kontrako azken auzia euskaldunen borondate demokratikoaren kontra doa.
— EAJ-PNV (@eajpnv) July 17, 2025
📹 El burukide del EBB @MarkelOlano, sobre la sentencia del Supremo contra el #euskera: "Socava directamente la voluntad mayoritaria del Pueblo Vasco. PP y Vox quieren lograr en los tribunales lo… pic.twitter.com/PuTB0iCZxp
Epaiari buruz, nabarmendu du «Euskal Herriaren borondate demokratikoaren kontrakoa» dela. Bestalde, PPri eta Voxi egotzi die epaitegietan lortu nahi izatea hauteskundeetan lortu ez dutena. Hori ikusirik, Olanoren erabera, «ezinbestekoa da euskara biziberritzeko prozesuan jauzi bat ematea guztion artean, eta lortzea benetan efektiboak izan daitezela herritar guztien hizkuntza eskubideak».
ELAk eta LABek, mobilizatzeko deia
ELA eta LAB sindikatuek ere plazaratu dute beren iritzia. LABek azaldu duenez, epai horrek agerian utzi du zein den Espainiako auzitegien eta oro har botereen hizkuntza ideologia: «Euskarak bizirik iraun dezake, betiere gazteleraren mendekoa bada». Iritzi berekoa da ELA: «Egungo egitura juridikoak ez du aukerarik ematen euskararen erabateko normalizaziorako».
Gainera, LABek ohartarazi du «euskara berreskuratzeko prozesuan atzeraldia izateko arriskua dagoen testuinguru historiko batean» gertatzen ari dela oldarraldi judiziala. Horregatik, uste du euskarak inoiz baino premiazkoagoa duela neurri juridiko eta politikoetan jauzia ematea. LABen aburuz, Espainiako «indarrak neurri horien aurkako ahalegin betean daude, hasiera-hasieratik euskal jendartearen gehiengoaren adostasuna indargabetu nahian».
Bestalde, ELAk euskal alderdi politikoei galdegin die beren lehentasunen artean jar dezaten euskararen benetako ofizialtasuna. LABek, ostera, proposatu du hemengo erakundeek «hizkuntza politika burujabea» egitea. Horretarako, bi sindikatuen ustez, herritarrek erantzun irmoa eman behar dute mobilizazioen bidez.