Solariak ez du Gasteizen aterbe atzemanen. Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko buletinean gaur agertu duenez, atzera bota du Solaria Zierbena Solar 4 proiektua Gasteizen instalatzeko eskaera.Â
Ez da lehen aldia Solariak ezezkoa jasotzen duena, Solaria Zierbena Solar 3 parkea ere ukatu baitzuen Jaurlaritzak; hori aitzin, Arabako Foru Aldundiak proiektu guziak —Solaria Zierbena Solar 2, 3 eta 4— errefusatu zituen txosten batean; besteak beste, eragin eremuetako nekazaritza jardueran kalte «onartezinak» izanen zituztelako, eta enpresen eraikitzeak «ingurunea eraldatuko lukeelako lurralde historikoan».
Urte hasieran Solaria enpresak beste zentral fotovoltaikoen sare bat eraikitzeko proiektu bat aurkeztu zuen, Arabako hainbat udalerritan hemeretzi parke fotovoltaiko egiteko. Zigoitia Bai elkarteak bultzatuta, 1.123 herri alegazio jarri dizkiote proiektuari.Â
Orotara, proiektuak 104 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten zuen, 373 hektareako eremu batean 310.000 plaka fotovoltaiko baino gehiago instalatzeko.
Solaria Zierbena Solar 3 eta 4 proiektuen kasuetan, gainera, Espainiako Sare Elektrikoak deklaratutako sarera sartzeko eta konektatzeko baimena iraungi da, Solariakoek ez baitituzte garaiz egin proiektuen ingurumen eraginari buruzko txostenak, hots, 31 hilabeteko epean. Solaria Zierbena Solar 2 proiektuari dagokionez, aldundiaren errefusa argitaratu izanik ere, Jaurlaritzak ez du oraino ebazpenik eman.