Eusko Jaurlaritzak baiezkoa eman dio Ferosca parke eolikoaren proiektuari

Laudion eta Aiaran jarriko dituzte haize errotak. Ferosca Wind enpresak sei haize errota jartzeko asmoa zuen, baina hiru bakarrik jarriko ditu azkenean.

Haize errota batzuk, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Haize errota batzuk, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko otsailaren 23a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak onetsi egin du Ferosca Wind enpresak Laudion eta Aiaran (Araba) parke eoliko bat eratzea. Hori bai, enpresak jarri asmo zituen sei haize errotetatik hiru jarriko ditu azkenean, hiru horien instalazioa soilik baimendu baitu Eusko Jaurlaritzak. 

Hain justu, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Zuzendaritzak joan den hilabetean egindako txosten baten arabera, proiektuaren hegoaldeko zatia ez da bideragarria ingurumenaren ikuspegitik: batetik, Gorbeiako parke naturaletik zortzi kilometrora eta Gorobeldik bederatzira dagoelako, eta, bestetik, biak direlako biodibertsitate handiko eremuak; gainera, hegazti eta kiroptero espezie ugari biltzen dituzte. 

Txosten horretan kontuan izan dute parke eolikoa osorik bertan behera uzteko aukera, baina, azkenean, aurrera egingo du beste eremuko hiru haize erroten instalazioak. Halere, hiru haize errota horiek «zorrotz» bete beharko dituzte ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako baldintzak; besteak beste, hegaztiak automatikoki detektatzeko sistemak izan beharko dituzte, bai eta disuasio akustikorako eta gelditzeko neurriak ere. Horrez gain, hainbat orduz geldi egon beharko dute maiatzaren 1etik irailaren 30era.

Ferosca izena du proiektuak, eta denera 22,2 milioi euroko aurrekontua du. Hiru haize errotek 113 metroko altuera izango dute, eta 4,5 megawatteko potentzia. Bai Laudioko Udala, bai Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma, proiektuaren aurka agertu dira hasieratik. 

Hernaniko parke eolikoa

Eusko Jaurlaritzak begi onez jo du, behin-behinean, Hernanin (Gipuzkoa) eraiki asmo duten Ikatz Gane proiektu eolikoak aurrera egitea. Gaur aurkeztu dute, EAEko aldizkari ofizialean, eta, Urumeako Mendiak Bizirik plataformak jakinarazi duenez, egitasmoaren aurka dauden mugimenduek eta erakundeek 30 eguneko epea dute helegiteak aurkezteko. 

Proiektu horren asmoa da 112 metroko bost haize errota jartzea, denera 24,95 megawatteko potentzia sortzea eta 7,4 kilometroko argindar sare bat ezartzea. Endesa enpresarekin lotutako Enigma Green Power sozietateak eramango luke aurrera instalazioa, eta denera proiektuak 40,7 milioi euroko aurrekontua du.

Proiektu horren aurka egiteko sortu zuten Urumeako Mendiak Bizirik plataforma, iaz, «makroproiektuak» salatzeko helburuz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!