Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ez du bideragarritzat jo Ferosca Wind enpresak Laudion eta Aiaran (Araba) jarri asmo zituen sei haize errotetatik hiru instalatzea. Ingurumenaren gaineko inpaktua aztertu ondoren hartu du erabakia gobernuak, hegaztiengan izan dezakeen eraginagatik bereziki.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Zuzendaritzak gaur argitaratu du egindako txostena EAEko aldizkari ofizialean. Txosten horren arabera, proiektuaren hegoaldeko zatia —hiru aerosorgailu jartzea barne hartzen duena— ez da bideragarria ingurumenaren ikuspegitik. Arrazoi nagusia da eremu hori Gorbeiako parke naturaletik zortzi kilometrora eta Gorobeldik bederatzira dagoela, eta biak ala biak biodibertsitate handiko eremuak direla, hegazti eta kiroptero espezie ugari biltzen baitituzte, besteak beste.
Jaurlaritzak ohartarazi du eremu horrek «biodibertsitate handia» duela, eta «espezie mehatxatu ugari», eta uste du hori ez dela behar bezala kontuan hartu proiektua diseinatzeko orduan. Txostenaren arabera, arrisku bereziki handia dago sai arreentzat, sai zurientzat eta miru gorrientzat.
Neurri zuzentzaileak
Are, aukera gisa planteatzen du osorik bertan behera uztea parke eolikoa egiteko asmoa. Nolanahi ere, oraingoz jartzeko baimena duten beste hiru haize errotei dagokienez, «zorrotz» bete beharko dituzte ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako baldintzak, Jaurlaritzak esan duenez, eta neurri zuzentzaile batzuk bete: hala nola landare eta animaliak babesteko ekintzak egin beharko dituzte, eta hondakinak kudeatzeko eta lurzoruak ez kutsatzeko neurriak hartu. Besteak beste, haize errotek hegaztiak automatikoki detektatzeko sistemak izan beharko dituzte, bai eta disuasio akustikorako eta gelditzeko neurriak ere. Gainera, ez dadin hainbesteko arriskurik izan saguzarrek errotak jotzeko, egitura horien jarduerak etenda egon beharko du maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean, eguneko hainbat ordutan.
Ferosca izeneko proiektuak 22,2 milioi euroko aurrekontua du, eta 4,5 megawatteko potentzia sortzea nahi dute. 113 metroko sei haize errota jartzea zen asmoa. Laudioko Udala hasieratik agertu da parke eolikoaren aurka.