Hego Euskal Herriko langileak grebara deitu dituzte biharko, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa izatearen alde. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek hilabeteak daramatzate lanuztea hauspotzen, eta espero da lanuzteak eragin nabarmena izatea, besteak beste, zerbitzu publikoetan. Hala, mobilizazioak ikusirik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte hainbat arlotan.
Osasungintza
Hego Euskal Herriko bi gobernuek jakinarazi dutenez, Osakidetzan eta Osasunbidean urgentziazko arreta eta ospitalizatutako pazienteen arta bermatuko da bihar. Hala, adierazi dute arreta osoa bermatuko dela, besteak beste, dialisi prozesuetan eta zerbitzu onkologikoetan, baita larrialdietan eta etengabeko arretako guneetan ere. Osasunbidean, beste zenbait esparrutan %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri dira; esaterako, zerbitzu zentraletan eta kontsultetan.
Lehen arretan, Nafarroako oinarrizko osasun gune guztietan arreta bermatu beharko da, goizez eta arratsaldez. Horretarako, gutxienez familia mediku batek, pediatra batek eta erizain batek aritu beharko dute bost lanpostuko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, larunbatetan ematen den zerbitzua bermatu beharko dute osasun zentroek.
Hezkuntza
Unibertsitatetik kanpoko hezkuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du zuzendaritzako kide batek ikasleak zentrora bertaratzea bermatu beharko duela. Era berean, hezkuntza etapa bakoitzeko gutxienez irakasle batek egon beharko du zentroan, eta Haur eta Lehen Hezkuntzan, hari beste bat batu beharko zaio matrikulatutako ehun ikasleko. Hezkuntza bereziko zentroetan, langileen erdiek joan beharko dute lanera. Jangeletan, berriz, ez dute gutxieneko zerbitzurik ezarri.
Nafarroan, zentro bakoitzeko zuzendariak eta ikasketa buruak lanera aurkeztu beharko dute. Era berean, Haur eta Lehen Hezkuntzan %33koa da irakasleei ezarritako gutxieneko zerbitzua. DBHn eta oinarrizko graduko heziketa zikloetan, berriz, %25ekoa. Ehunekoak gora egingo du hezkuntza laguntzako espezialisten eta haur eskolen kasuan, eta gutxieneko zerbitzua %50ekoa da. Azkenik, hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetan, %66koa da, eta garbiketa lanak egiten dituen pertsona bat egotea ere bermatu beharko dute.
Babes zibila
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako SOS Deiak zerbitzua bere horretan emango dute, Jaurlaritzaren arabera, eta larrialdietako gainerako zerbitzuek jaiegunetan eskaintzen duten arta bermatu behar dute: suhiltzaileek, babes zibileko langileek, errepideen mantentze lanetan aritzen direnek...
Nafarroan, berriz, gutxienez zerbitzuburu batek, segurtasun teknikari batek, eta SOS Nafarroa eta Larrialdietako arduradun batek eta Komunikazio Sistemak Planifikatzeko Ataleko batek aritu beharko dute. Horietaz gain, koordinazioko zazpi operadore laguntzailek arituko beharko dute goizeko txandan, zortzik arratsaldekoan eta lauk gauekoan. Era berean, lurraldeko suhiltzaile parke bakoitzerako gutxieneko langile kopuru bat ere ezarri dute.
Gizarte zerbitzuak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetan gutxieneko zerbitzua %50ekoa izango da egunez, eta %60ra zabalduko da jatorduetan. Gauez, berriz, zerbitzu osoa bermatu beharko dute beharginek. Eguneko zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan ere antzera jokatu du Jaurlaritzak: %50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta horiek hamar puntu areagotu jatorduetarako.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, lurralde hartako adinekoentzako egoitzetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan «zaintza pertsonalari, elikadurari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari» dagozkien artak bermatzeko, jai egunetarako aurreikusitako langile kopurua aritu beharko da lanean.
Garraioa
Eusko Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu garraio publikoan. Horretarako, lehentasuna emango zaie «garraio publiko alternatiborik ez duten» eta helmuga gisa osasun zerbitzuak dituzten zerbitzuei, eta indar egingo da lan ordutegien hasieran eta amaieran. Autobideetako bidesarietan, %15eko gutxieneko zerbitzua ezarri da, baina %30era egingo du gora puntako orduetan, eta gasolindegien %20 zabalik mantenduko dituzte.
Nafarroan, aldiz, Iruñerriko Mankomunitateak %40ko gutxieneko zerbitzua ezarri du, eta %60koa izango da puntako orduetan. Gaueko autobus zerbitzuen kasuan, orduro behin igarotzen diren lineak bere horretan mantenduko dituzte, hogei minututik behin edo maizago igarotzen direnak orduerdiro egingo dute, eta gainerakoak ordubeteko frekuentzia izatera pasako dira.