Datorren asteartean greba orokorra egitera deituta daude Hego Euskal Herriko langileak. ELAk eta LABek bultzatu dute protesta, eta haiei batu zaizkie ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuak ere. Aurreko deialdi batzuetan ez bezala —2020ko urtarrilekoa eta 2023ko greba feminista—, oraingoan ideia bakarra dago grebaren atzean, eta sindikalismoari erabat lotutakoa: Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak beren gutxieneko soldata propioa izatea, eta 1.500 eurokoa izatea.
Sindikatu abertzaleena ez da, ordea, martxoaren 17rako dagoen greba deialdi bakarra. Beren deialdi propioa egin dute CGT, CNT, Solidari sindikatuek eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Gutxieneko soldata handiago batetik harago doazen aldarrikapenak egin dituzte, hala nola lan prekaritatea, etxebizitza lortzeko ezintasuna, etxegabetzeak eta bazterketa soziala amaitzea.
Zer eskatuko da greban?
Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata bertan erabakitzea, eta ez Espainian. Alde batetik, subiranotasun aldarrikapen garbi bat da, eta horrek eragin du sindikatu subiranistekin ohikoan bat ez datozen batzuek ere proposamena molde batera edo bestera babestea. Esaterako, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berak gutxieneko soldata propioaz negoziatzera deitu du Confebask EAEko patronala.
Baina, neurri handi batean, ikuspuntu praktiko batetik egindako proposamen bat da. Izan ere, Hego Euskal Herria batez beste Espainia baino aberatsagoa den heinean —Espainiaren BPGa 32.600 euro ziren 2024an biztanleko, eta Hegoaldean, berriz, 40.000tik gorakoa da—, handiagoa da bizitzaren kostua ere.

Horrek berekin dakar Espainiako gutxieneko soldata (SMI) motz geratzea Hego Euskal Herrian modu duin batean bizi ahal izateko, nahiz eta hark igoera handiak izan dituen azken urteetan. Pedro Sanchez Moncloara iritsi zenean, 2018an, 736 euro ziren hilean —hamalau ordainketatan banatuta—, eta urtarrilaren 1az geroztik 1.221 euro dira. Hau da, 485 euro gehiago zortzi urteren buruan, %66 gehiago. Kopuru horiek gordinak dira, eta zergak eta gizarte kotizazioak kendu behar dira horietatik.
Zenbatekoa eskatzen dute sindikatuek?
Kopurua aldatuz joan da gutxieneko soldata propioaren gaia mahai gainean jarri zenetik, hamarkada honen hasieratik.
LAB 1.400 euroko gutxieneko soldata eskatzen hasi zen 2021ean, hura zelako batez besteko soldataren %60 eta portzentaje hori delako Europako Gutun Sozialak aholkatzen duena. 2024an, sindikatu horrek 1.600 eurora igo zuen gutxieneko kopurua, urte horietako inflazio handiak asko higatu zuelako soldata apalen erosteko ahalmena.
ELAk, berriz, kopuru handiagoa plazaratu zuen, 2024an hark ere: 1.795 euro gordin hilean. Sindikatu horrek per capita BPGa hartu zuen erreferentzia gisa; haren esanetan, batez besteko soldatetan soilik oinarritzeak ez dituelako aintzat hartzen enpresen etekinak eta beste baliabide batzuk. Horregatik, ELAk uste du bidezkoagoa dela soldatapeko langile bakoitzak gutxienez jasotzea gizarte guztiak sortutako balioaren portzentaje bat, hots, barne produktu gordinaren zati bat.
Baina bi sindikatuek beren bideak uztartzea erabaki zutenean, 1.500 eurokoa hautatu zuten, hau da, 21.000 euro urtean. Bakoitzak bere aldetik proposatutakoa baino kopuru apalagoa da, baina aldi berean zenbaki borobila da, erraz uler daitekeena, eta, horregatik, abiapuntu gisa aukeratu dute sindikatuek. Hori bai, behin soldata propioa lortuz gero kopuru hori handituko luketela esan dute.
Zenbatek jasotzen dute gutxieneko soldata Hegoaldean?
Espainian ez bezala, Hego Euskal Herrian erlatiboki gutxi dira SMIa jasotzen duten langileak. Haietako gehienak lan hitzarmenik gabekoak dira —etxeko langileak, esaterako—, edo Espainiako lan itunak dituztenak, bertako hitzarmenetan gutxieneko soldatak handiagoak direlako oro har. SMIa jasotzen dutenen zenbaki zehatzik ez dago, baina 70.000 eta 80.000ren artean izango direla diote lan merkatuari buruzko azterketek. Emakumeak, migranteak, gazteak eta kualifikazio gutxiko jendea dira batik bat.
Kopuru osoetan langile gutxi direla arrazoi gisa eman du sarritan Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak martxoaren 17ko grebara deitzeko nahiko arrazoi ez dagoela esateko, eta kopuru bat eman du: EAEko langileen %3 dira.
Baina %3 hori bizkor handitzen da SMIa baino handiagoa baina soldata apala dutenak batuz gero. LABen Ipar Hegoa Fundazioak txosten bat argitaratu zuen otsailaren amaieran, eta, haren arabera, 240.000 langilek dute 1.500 euroko soldata gordina baino txikiagoa; hau da, bost langiletik bat baino gehiago dira (%21,6). Kopuru horretan, Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean eta etxeko langileen erregimenean daudenak baino ez daude, besteen irabaziak zailagoak baitira neurtzen. Lanaldi osoko langileak dira haietako asko, baina lanaldi partziala dutenak ere badaude kopuru horretan. Emakumeak dira hirutik bi, Euskal Herritik kanpo jaiotakoak bitik bat, eta gazteak lautik bat.
ELAren beste txosten batean, berriz, ziurtatu dute Hegoaldeko langileen erdiek 25.582 eurotik beherako soldata gordina dutela. Hori, gutxi gorabehera, 20.000 euro garbi dira, edo 1.425 euro hilean (hamalau ordainketa). Halaber, ELAk nabarmendu du 2008tik hazkunde ekonomikoaren parterik handiena enpresen irabazietara joan dela, eta askoz gutxiago langileen soldatetara.
Zer bide egin du sindikatuen proposamenak?
Azken ia bi urteetan bi bide jorratu dituzte: herri ekinaldi legegilearena eta lanbide arteko akordioarena. Lehenengoa ELAren ideia izan da batez ere, eta LABek egin du hasieratik bestearen alde.

Patronalekin akordioa lortzeko bidea itxi zen lehenik. Sindikatuak otsailean bildu ziren Confebaskekin, Bilbon. ELAko eta LABeko ordezkariak ez ezik, CCOOkoak eta UGTkoak ere izan ziren bilera hartan, haiek ere bat egin dutelako modu horretara gutxieneko soldatak handitzeko asmoarekin. Baina sindikatuen ezohiko batasunak ez zuen fruiturik eman: «Euskadin gutxieneko soldata propioa ezartzeak arriskuan jartzen ditu euskal enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna», argudiatu zuen patronalak, eta mahaitik altxatu zen.
Nafarroan ere bide motza izan du eskaera horrek, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak ez duelako negoziaziorik zabaldu nahi izan. Hori bai, aste honetan bilera egin du gai horri buruz ELAko eta LABeko ordezkariekin. Nafarroan, baina, UGTk eta CCOOk ez dute bat egin proposamenarekin.
Zer gertatu zen herri ekinaldi legegileekin?
Sindikatuek proposamen bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Zehazki, eskatu zuten Hegoaldeko legebiltzarrek Espainiako Langileen Estatutuko 27. artikuluaren moldaketa eskatzea, gutxieneko soldataren gaineko eskuduntza eskuratzeko.
Gasteizko parlamentura 138.495 lagunen sinadurekin iritsi zen proposamena, joan den abuztuan; Iruñekora, berriz, 18.316 izenpetze eraman zituzten, joan den azaroan, baina ekintza sinbolikoa izan zen, aurreko martxoan Nafarroako Parlamentuko mahaiak jakinarazi zielako ez zuela ekinaldia eztabaidatzeko asmorik.
Saiakera urrutixeago iritsi zen Eusko Legebiltzarrean, sindikatuak gai izan baitziren beren proposamena hizlarien lekutik defendatzeko, iragan azaroan. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiari egokitu zitzaion, eta legebiltzarkideei ohartarazi zien ekinaldiari ezetz esatea «astakeria» zela, demokraziari «iruzur» egitea, hori delako gizarteak zuzenean legegintzan parte hartzeko eskura duen modu bakarra.

Lakuntzaren hitzek ez zuten balio izan legebiltzarkide gehienen babesa lortzeko, eta EAJren, PSE-EEren, PPren eta Voxen botoek atea itxi zioten eztabaidari. EAJren aldetik, mamiagatik baino, prozeduragatik etorri zen ezezkoa. Markel Aranburu legebiltzarkideak argudiatu zuen gutxieneko soldataren gaineko eskumena eskatzea alferrikakoa zela Madrilen horretarako gehiengorik ez dagoelako, eta, hortaz, sindikatuen eta patronalaren teilatuan utzi zuen pilota, esanez haiei zegokiela negoziazio kolektiboaren bitartez soldatei behetik bestelako muga bat jartzea.
Eta zer aukera dute orain?
Bi aukera zabalik dauzkatela uste dute sindikatuek, eta greba orokorrak horien alde indarra egiten lagunduko duela. Batetik, Confebask berriro biltzera deitu dute, eta hilaren 24rako jarri dute hitzordua. Ikusiko da zer jarrera hartzen duen enpresaburuen elkarteak, batez ere kontuan hartuta sindikatuak epaitegien bitartez saiatu zirela hura negoziazio mahaira behartzera.
Baikor ziren orduan sindikatuak, Garbiñe Biurrun epaileari egokitu zitzaiolako mahaiburu izatea eta hark sarritan langileen alde egin ohi duelako EAEko Auzitegi Nagusian. Baina usteak ustel: epaileek ebatzi zuten ezin zela patronala negoziatzera behartu. Izan ere, epaiak nabarmendu zuen enpresaburuen elkarteen eta sindikatuen betebeharra ez dela gutxieneko soldata negoziatzea, langile guztiei dagokien kontu bat delako, baita hitzarmenetatik kanpo daudenei ere.
Sindikatuek, ordea, epaiaren irakurketa positiboa egin nahi izan dute, haien arabera epaileak berretsi egin zuelako patronalak baduela hitzarmenetan gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena, eta horregatik deitu dute berriro bilera batera.
Zein da beste aukera?
Espainiako Kongresura ere jo dute ELAk, LABek eta besteek. PP, Vox eta UPN ez beste alderdiekin bildu dira, eskatzeko Langileen Estatutua alda dezatela gutxieneko soldata erkidegoen esku uzteko. Lakuntza baikor agertu da aukera horren inguruan: «Madrilen ez digu inork ezetzik esan», adierazi zuen joan den asteburuan BERRIAk argitaratutako elkarrizketan. Oztopo nagusia Sumarren aldetik etor daiteke, CCOOrekin harreman estua duelako eta sindikatu horren Madrilgo zuzendaritza gutxieneko soldata «zatikatzearen» aurka azaldu delako.