Eusko Jaurlaritzak lekuak ezarriko ditu gripearen txertoa aurrez ordua hartu gabe jartzeko

Astelehenean hasiko da kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak txertatuko dituzte, eta 5 urte arteko haurrak.

Erizain bat txerto bat jartzen, artxiboko irudi batean. JAVIER CEBOLLADA / EFE
Erizain bat txerto bat jartzen, artxiboko irudi batean. JAVIER CEBOLLADA / EFE
jakes goikoetxea
2026ko irailaren 25a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erraztu egin nahi du herritarrek gripearen kontrako txertoa hartzea. Horretarako, aurrez ordua hartu gabe txertoa jarri ahal izateko lekuak ezarriko ditu. Batzuk aste osoan egongo dira zabalik; besteak, arratsaldean. Osasun Sailaren esanetan, helburua da herritarrak ondoen datorkienean txertatzea, «eta txertatzea ez geroratzea laneko ordutegien, familiako betebeharren edo lekualdatzeko zailtasunen eraginez». Hala nabarmendu du Alberto Martinez Osasun sailburuak: «Pertsonen bizitzara egokitu nahi dugu, pertsonak sistemara egokitzera behartu gabe». 

Hiru gunetan ordua aurrez hartu gabe jarri ahalko da gripearen txertoa, urriaren 19tik azaroaren 1era, astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara: Araban, Gasteizko San Martin etengabeko arretako gunean; Bizkaian, Bilboko Saenz Buruaga osasun zentroan; eta Gipuzkoan, Donostiako Gros auzoko osasun zentroan.

Arratsaldean

Beste gune batzuetan ere hala egin ahalko da, baina astelehenetik ostiralera eta 15:00etatik 20:00etara: Araban, Errioxako ESI erakunde sanitario integratuan agendak «indartuko» dituzte; Bizkaian, Barakaldoko San Eloy ospitalean, Mungiako etengabeko arretako gunean, Portugaleteko Errepelagako osasun etxean eta Zornotzako osasun etxean; eta Gipuzkoan, Arrasateko, Eibarko Torrekuako, Irungo erdialdeko eta Tolosako osasun etxeetan, eta Beasaingo etengabeko arretako gunean.

Martinezek Eusko Legebiltzarrean eman ditu gripearen kontrako txertaketa kanpainaren zehaztasunak, kontroleko osoko bilkuran. Lehentasuna: «Herritarrik kalteberenak ahalik eta lasterren babestea eta txertaketa erraztea». Osasun Sailak ostegunean emango ditu txertaketa kanpainaren xehetasun guztiak.

Urriaren 5etik aurrera, beste talde batzuk

Ordua eskatu gabe hartu ahal izango da txertoa, baina ohi bezala ordua erreserbatu beharko da oro har txertaketa kanpainan, eta herritar gehienek beren osasun etxean hartuko dituzte txertoak. Astelehenean hasiko da txertatzea. Zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak, eta 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrak txertatuko dituzte aurrena. «Neurri horren arrazoia da haurrek ere konplikazioak izan ditzaketela gripearen ondorioz, eta, gainera, errazago transmitiaraz dezaketela birusa familia eta eskola ingurunean», Osasun Sailaren arabera. Urriaren 5etik aurrera beste herritar talde batzuek ere izango dute txertoa hartzeko aukera. Martinezek nabarmendu du txertoa dela gripeak eragindako konplikazioei, ospitaleratzeei eta heriotzei aurre egiteko tresnarik eraginkorrena.

Txertoaz gain, gripea prebenitzen duten beste zenbait neurri zerrendatu ditu Osasun sailburuak: eskuak ondo garbituta edukitzea, gune itxiak aireztatzea, sintomak izanez gero lantokira edo eskolara ez joatea eta maskara erabiltzea, eta abar.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA