Duela hamabost egun ireki zituen ateak, eta, beraz, martxan da Eusko Jaurlaritzaren Altxor zerbitzua. 60 urtetik gorakoei informazioa eta orientazioa eskaintzea eta egitasmo kolektiboak sustatzea ditu helburu, eta bulego bat dauka jadanik Bilbon, beste bat Donostian eta beste bat Gasteizen. Aurrez aurreko arreta eskaintzen diete erabiltzaileei, eta, halaber, atari digital bat ere zabaldu dute: altxor.eus.
Altxor proiektuaren Bilboko egoitzan egin dute aurkezpena, eta bertan izan dira Beatriz Gazquez eta Ion Baratas Altxor proiektua gidatzen duen taldearen ordezkariak. Nabarmendu dutenez, «aktibo izaten jarraitu nahi duten adinekoentzat» da zerbitzua. Baratasek erantsi du proiektuak autonomia sustatzen duela, eta ez dela menpekotasunean zentratzen.
Gizartearen aldaketei erantzuteko sortu dute proiektua, Gazquezek azaldu duenez: «Bizi itxaropena luzatu da, baina gizartea ez dago prest 25 edo 30 urte gehiago bizitzeak zer esan nahi duen ulertzeko».
«Bizitza luze eta arrakastatsu bat izan duten pertsonek asko irakats diezaiekete gazteei»
BEATRIZ GAZQUEZ Altxor proiektuaren ordezkaria
Zerbitzuak ordenagailuarekin trebatzeko baliabideak ere eskainiko dizkie adinekoei, arrakala digitalari aurre egiteko. Gainera, belaunaldien arteko harremana indartzeko tailer eta solasaldiak ere egingo dituzte. Gazquez: «Bizitza luze eta arrakastatsu bat izan duten pertsonek asko irakats diezaiekete gazteei».
Gazquezek eta Baratasek argi utzi dute Altxorren eskaintza «pertsonalizatua» dela, erabiltzaileen beharren araberakoa. Hainbat erabiltzaileren lekukotzak baliatu dituzte aurkezpenean adibide gisa. Bizitza osoa ostalaritzan eman duen emakume batek bere esperientzia kontatu du, esate baterako. Erretiroa hartu eta zerbait egiten jarraitu nahi zuelako jo zuen Altxor zerbitzuaren bulegoetara. Bertan, orientatzaileen laguntzarekin, ostalaritzan hasi nahi duten gazteentzako tailer bat prestatzen ari da orain.
Ekintza komunitarioa
Altxor bulegoak erabiltzaileei eskainitako laguntzaren jarraipena egingo dela nabarmendu du Gazquezek. Pertsona bakoitzaren beharretara moldatutako ekintza plan bat eratuko dela aipatu du, eta horiek ebaluatuko dituztela. Besteak beste, erabiltzaileak zerbitzuarekin pozik dauden neurtuko dute.
Aurkezpenean izan da Nerea Malgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua ere. Altxor proiektuaren garrantzia nabarmendu du. Haren hitzetan, «ezinbestekoa» da bakardadeari aurre egiteko «ekintza komunitarioaren aldeko apustua» egitea. Eta Altxor ekintza mota horietako bat dela iradoki du. Gogoratu du, gainera, Jaurlaritzak jadanik martxan duen beste proiektu handiago baten parte ere badela; Helduak zabaltzen izenekoarena, hain justu.
Juan Ibarretxe Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzia ere izan da prentsa agerraldian, eta txalotu egin du egitasmoa: «Adineko jendea ez da iraganeko kontu bat, orainaldi aktiboa baizik, bai eta etorkizunaren zati funtsezko bat ere».
Proiektuaren lehen bi asteetan, Gazquezek adierazi duenez, hamar orientazio prozesu abiatu dituzte, eta helburua da mila egitasmo baino gehiago sustatzea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak miloi eta erdiko aurrekontua du. Bulego bakoitzean bi langile arituko dira.