Eusko Jaurlaritzak «lankidetza eskaintza irmoa eta argia» egin dio EB Europako Batasunari, gobernuak Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling zabortegian egindako kudeaketa «kontrastatu» dezan, enpresari hondakinak biltzeko «baimena» eman zitzaionetik bertatik. Hori nabarmendu du Josu Erkoreka bozeramaileak, Herri Irratian egindako elkarrizketa batean. Luizi bat gertatu zen hondakindegian joan den otsailaren 6an, eta, orduz geroztik, desagertuta jarraitzen dute Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginek. 100 egun baino gehiago igaro dira orduz geroztik.
«Kasuaren larritasuna ikusita» zabortegiaren amiltzea aztertuko duela iragarri zuen Europako Batzordeak, joan den maiatzaren 13an. Baina Jaurlaritzako buruzagiek azken egunetan jendaurrean adierazi dutenez, ez daude arduratuta hori dela eta. Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak hori esan zuen herenegun, eta Erkoreka antzera mintzatu da gaur: «Eusko Jaurlaritzari ez dio arduratzen Europako Batasunak gertatutakoa ikertzea, eta, ertz guztiak argitzeko, eskatzen zaigun informazio guztia emango dugu».
Dena dela, belarrietatik tira egin dio Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioari. Hark duela hamar egun adierazi zuenez, «eskumena duten agintarien» ardura zen hondakindegiko gabeziak «detektatzea, zaintzea eta zigortzea». Erkorekarentzat jarrera hori da kezkatzeko duten «arrazoi bakarra». Izan ere, pentsatzen du Sinkeviciusek «bere» egin zituela informazio «objektiboki faltsu batetik» abiatuta zenbait eurodiputatuk emandako iritziak. Bozeramaileak azaldu du Jaurlaritza aztertzen ari dela Europako Batzordeko Ingurumen komisarioari idazki bat bidaltzea «protesta» gisa.
Erkorekak gogoratu nahi izan du, gainera, kanpo ikuskaritza bat egingo dutela zabortegian Jaurlaritzak eskatuta, eta ikerketa judizial bat dagoela zabalik.