Eusko Jaurlaritzak «pertsonen eta gizartearen zerbitzura» jarri nahi du Lanbide Heziketa

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bertan zela, prestakuntza, ekoizpen eta gizarte arloko hirurehun ordezkariri baino gehiagori aurkeztu diote 'Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategia' plangintza, Bilboko Iberdrola Dorrean.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua gaur, Lanbide Heziketako plangintza berriaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua gaur, Lanbide Heziketako plangintza berriaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko urtarrilaren 19a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak ibilbide orri bat ezarri du, Lanbide Heziketa «inklusiboagoa, malguagoa eta berritzaileagoa» izan dadin eta «enpresekin konektatuago» egon dadin. Plangintza berriak bost ardatz nagusi, hogei helburu estrategiko eta 37 ekintza ditu, eta, horiek gauzatzeko, hurrengo lau urteetan 339,4 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, «Lanbide Heziketa funtsezko palanka da eraldatzen ari den munduari arrakastaz aurre egiteko eta Euskaditik Europako berrindustrializazioari laguntzeko».

Lanbide Heziketak «gizarte aurrerapena, aukera sorkuntza eta ekoizpen sarearen lehiakortasuna» sustatzeari begira daukan zeregina indartu nahi dute Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategia izeneko plangintzaren bitartez. Hori nabarmendu du Pradalesek, gaur Bilboko Iberdrola Dorrean egindako aurkezpen ekitaldian. Han izan dira Lanbide Heziketari lotutako hirurehun eragile baino gehiagoren ordezkariak: ikastetxeetakoak, enpresetakoak, gizarte eragileetakoak eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluko kideak.

«Arrazoi askorengatik da euskal Lanbide Heziketa abangoardiako aukera eta nazioarteko erreferente, baina badira hiru arrazoi argi definitzen dutenak: gertutasuna, ekoizpen sarearen inplikazioa eta egokitzeko gaitasuna»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Jaurlaritzako lehendakariak zera azpimarratu du: «Arrazoi askorengatik da euskal Lanbide Heziketa abangoardiako aukera eta nazioarteko erreferente, baina badira hiru arrazoi argi definitzen dutenak: gertutasuna, ekoizpen sarearen inplikazioa eta egokitzeko gaitasuna». Hark gogorarazi duenez, azken hamar urteetan matrikulazioa %33 hazi da, eta gaur egun 51.600 ikaslek baino gehiagok «beren itxaropenen erantzuna» aurkitu dute Lanbide Heziketan.

«Pertsona erdigunean kokatzen duen prestakuntza eta etorkizuneko proiektu bat ia neurrira eraikitzeko aukerak ematen dituen eskaintza du», Pradalesen iritziz. Eta eredu hori ez litzateke posible izango 20.000 enpresa baino gehiagoren lankidetzarik gabe: «Talentuaren prestakuntzarekin eta herrialdearen garapenarekin konprometituta dauden enpresak». Azpimarratu du bertako zein Europako berrindustrializazioa bultzatzeko tresna garrantzitsua izango dela Lanbide Heziketa.

Pertsonak erdigunean

Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak plangintzaren konpromiso eta ildo estrategikoak aurkeztu eta aletu ditu jardunaldian. Haren hitzetan, estrategia berria «uste sendo batetik» abiatu da: «Lanbide Heziketa herri kohesionatuago bat, aurreratuago bat eta pertsona guztientzako aukera gehiago dituen herri bat eraikitzeko motor handietako bat da». Sailburuak aipatu du Lanbide Heziketa ez dela soilik prestakuntza sistema bat, baizik eta «ikaskuntza, berrikuntza eta eraldaketarako benetako ekosistema bat, gizartearen zerbitzura dagoena».

Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategia dokumentuan helburu hauek zehaztu dituzte: Lanbide Heziketan «erreferente izaten jarraitzea» eta «joerak aurreratzea», aldaketa ekonomiko eta sozialetara egokitzea, eta pertsonei lan bizitza osoan laguntzeko «anbizioa» sendotzea.

339,4

Zenbat milioi eurotakoa izango den aurrekontua. Plangintza berriak bost ardatz nagusi, hogei helburu estrategiko eta 37 ekintza ditu, eta, horiek gauzatzeko, hurrengo lau urteetan 339,4 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute.

«Inor atzean utziko ez duen Lanbide Heziketa bat nahi dugu: lagunduko duena, orientatuko duena eta bideak irekiko dituena. Pertsona bakoitzaren talentua bultzatuko duen Lanbide Heziketa bat, herri proiektu partekatu batekin lotuko duena», nabarmendu du sailburuak.

Estrategiak egungo erronka handietan jartzen du arreta: eraldaketa teknologikoa, trantsizio iraunkorra, belaunaldi eta demografia erreleboa, nazioartekotzea, lan merkatuaren behar berriak eta gizarte kohesioa. Pedrosaren hitzetan, «estrategia erabilgarria eta praktikoa da, Lanbide Heziketa posible egiten dutenen egunerokoari laguntzeko pentsatua».

Ardatz estrategikoak

Plana bost ardatzen inguruan egituratu dute, hogei helburu estrategiko eta 37 ekintza ditu, eta jarraipen eta ebaluazio sistema bat ere bai. Indarraldiaren erdian berrikusiko dute.

Batetik, talentua sustatu nahi dute, eta, horretarako, arlo hauek indartu: ikasleen garapen profesionala eta pertsonala, orientazioa eta laguntza, eta bizitza osoko ikaskuntza. Horretaz gain, Lanbide Heziketarako sarbidea hobetu nahi dute. Beste alde batetik, berrikuntza aplikatuak, ekintzailetzak eta zentroek ingurunearen dinamizatzaile gisa daukaten gaitasuna indartu nahi dute.

«Inor atzean utziko ez duen Lanbide Heziketa bat nahi dugu: lagunduko duena, orientatuko duena eta bideak irekiko dituena. Pertsona bakoitzaren talentua bultzatuko duen Lanbide Heziketa bat, herri proiektu partekatu batekin lotuko duena»

BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Jasangarritasunari dagokionez, «trantsizio berde eta justu batera» bideratutako prestakuntza sustatuko dute, «bizikidetzaren, herritartasunaren eta gizarte kohesioaren balioak landuz». Eraldaketa digitalaren barruan, berriz, teknologia berriak sartu nahi dituzte Lanbide Heziketan, eta heziketa teknologia horiek sortzen ari diren produkzio inguruneetara egokitu. Merkatu globalaren erronkei erantzuteko, berriz, nazioarteko proiekzioa ere landu nahi dute, mugikortasuna, aliantzak eta talentua erakarriz.

Pedrosak nabarmendu du estrategiak «anbizioa eta errealismoa» uztartzen dituela, baita «lehentasun argiak» ezartzen dituela ere, «Lanbide Heziketa inklusiboagoa eta malguagoa, enpresarekin lotuagoa, eta berrikuntzara eta etengabeko hobekuntzara bideratuagoa».

Plangintzak 339,4 milioi euroko aurrekontua izango du. «Berrikuntzarekin, eraldaketa digitalarekin, nazioartekotzearekin, orientazioarekin eta enpresekiko lankidetzarekin lotutako jarduerak sustatzeko erabiliko da diru hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.